Testua: Jabier Lekerika, Politeknika Txorierriko irakaslea
Urte berria hasi eta txorien kantuen zain egon ginen udaberrian. Egunak luzatzen joan ahala zozoek eta birigarroek kantuka alaitzen zizkiguten goizeko lehenengo orduak. Baso sakonetan kuku lotsatien kantu bila ibili gara... eta aurtengoa entzun dut nik! Erronka balitz bezala izan da beste auzoko batzuek baino lehenago entzutea.
Elaiak noiz etorriko diren zain ere izan gara baserrian. Habiak atariko sabaiko habeetan egin ohi dituzte urtero-urtero, baina aurten ez dira etorri. Banaka batzuk udaberriaren hasieran agertu ziren, baina ez da gehiagorik ikusi. Nora joan ote dira? Hil egingo ote ziren apiril eta maiatzaren egun euritsuetan ez zutelako eduki zer jan? Edo migratzeko beste toki batzuk aukeratuko zituzten, beharbada.
Urte arraroa izan dela ezin dugu ukatu. Baserritarrek nahiko lan egin behar izan dute tomateak eta piperrak zaintzen. Aldaketa klimatikoak eragina eduki ahal izan du horretan. Edo aurtengoa bisurtea izateak... Edo gutariko bakoitzak natura arduragabekeriaz kaltetzen dugun ondorioa izan da, akaso?
Eta azken aldian, gainera, faltan genuen krisi madarikatu hori. Aberatsak aberatsago, eta pobreak pobreago. Baina horrek ez gaitu kezkatzen; horrela izan da beti.
Neguaren aurreko urtaro honetan goizegi izango da, agian, urteko kronika egiteko. Elaiak ez dira aurten etorri, eta faltan sumatzen ditut arratsaldeetako zeru zabalean leku epeletarako bidaiak antolatzen. Hala ere, iluntzean, baserri inguruan txindorraren txorrotxio alaia entzun izanak itxaropen apur bat ekarri dit. Txindorraren abestiak datorren negua iragartzean, neguak ezbehar guztiak pikutara eramango dituela pentsatu dut-eta.