Uria azoka haundia bilakatu da

Aikor aldizkaria 2008ko aza. 20a, 14:45

Kalitatezko produktu naturalak bultzatzea, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko zuzeneko hartu-emona berreskuratzea eta baserri ingurua sustatzea. Horreek hirurak dira Larrabetzuko Azokea proiektuaren helburu nagusiak. Proiektua uriko ekoizleek eta kontsumitzaileek osatutako 10 laguneko talde batek bultzatu dau, eta Udalaren babesa jaso dabe. Ortuariak, frutea, txarrikia, soloko gauzak... baserritarrari zuzenean erosten geuntsazan garaiak urrin dagoz. Gaur egungo kontsumo-ohitura globalizatuen eraginez, gero eta kalitate txarragoko produktuak kontsumitzen doguz; produktu deslokalizatuak eta urte-sasoitik kanpokoak dira, ganera. Larrabetzuko Azokeak buelta emongo deutso horri: “urte-sasoiko produktuak jango doguz, eta hurretik urrunera”. Era berean, ekarpena egingo deutso lehen sektoreari. Larrabetzuko Azokea urtebete eta erdiko hausnarketa sakonaren ostean burutu dan egitasmoa da. Lagun taldeak hasieran aitatutako helburuei eutsi behar eutseela argi eben, baina zelan gauzatu? Aukereak aztertu eta uria azoka haundia bilakatzea erabagi eben akabueran. Plazan egon beharrean baserrietan bertan egongo ziran postuak eta kontsumitzailea haraino joango zan produktuen bila. Azoka guztiz ezbardin baten aurrean gagoz, beraz. Baserriz baserri ibili dira arduradunak proiektua azaltzen. Larrabetzuko Azokeagaz 15 ekoizleek egin dabe bat, eta horreetako bost enkarguak etxera eroateko prest agertu dira. Hurrengo pausua proiektua herritarrei aurkeztea izan da. Urriko 18an Larrabetzuko Produktuen Azokea antolatu eban Arrekikili euskara alkarteak eta data hori aprobetxatu zan proiektua jendaurrean aurkezteko. Horrezaz ganera, informazino-batzarra egin eben Kultura Etxean eta han 30 uritar inguruk hartu eben parte. Gernikan Larrabetzukoaren antzeko egitasmoa jarri eben martxan orain dala urte batzuk eta horko kide bat be izan zan batzarrean euren esperientzia azaltzeko. Beste alde batetik, foiletoak banandu dabez herritarren artean. Foiletootan proiektuagaz bat egin daben baserritarren datuak agertzen dira: izen-abizenak, baserria, telefonoa, ekoizpena... eta urte-sasoiko produktuen barri be emoten dabe. “Egitasmoa tabernari eta ostalariengana be zabaldu dogu. Guztiek eretxi deutsie interesgarri, eta menuetan-eta bertoko produktuak eskainiko dabez. Eskaintza hori be foiletoan agertzen da”. Ekoizle, ostalari eta kontsumitzaileen arteko loturea esku-orria da, baina etorkizunean seinaleak jarriko dira Larrabetzuko Azokeari atxikitako baserrietan eta jatetxeetan. Inguruaren jasangarritasuna Produktu naturalen kontsumoa bultzatu eta uriko zaporeak berreskuratzeaz ganera, inguruaren jasangarritasunaren aldeko apustua be bada Larrabetzuko Azokea. Baserriz baserri egindako ibilbidean lehen eskuko informazinoa jaso dabe lehen sektorearen ganean. “Gureak oso nekazaritza-ustiategi txikiak dira eta nekez lehiatu leikie ekoizle handiakaz prezio zein ekoizpen mailan. Kalitatea eskaintzen dabe, ostera, eta begirune haundia dabe ingurumenagazko, besteak beste. Eredu honeek aurrera jarraitzea gura badogu, esku hartu eta laguntza emon beharko deutsegu. Era berean, proiektua baliagarria izan leiteke gazteak lehenengo sektorean lan egitera animatu eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko”. Bitxikeriak be kontatu deutseez baserritarrek. Holan, Larrabetzuko indabea oso preziatua izan ei zan aspaldian, Gernikakoa hain ospetsu bihurtu baino askoz lehenago. Indaba hori desagertu egin da eta ahaleginak egingo dabez baserritarrakaz batera ea berreskuratzea posible dan. Larrabetzuko Azokea hasi barri dan egitasmoa da eta etorkizunari begira baleiteke beste proiektu osagarri batzuk martxan jartea. Inoiz denda zabaltzeko asmoa dabe eta bertan uriko produktuak ez eze kanpoko ekoizleengandik zuzenean jasotako artikuluak be salduko leukiez: arroza, oliba-olioa... “Ez gara barriak horretan. Orain dala urte bi hasi ginan laranjak ekarten Valentziatik. Ekoizleari zuzenean erosten deutsagu hiru asterik behin eta 90 familiak kontsumitzen dabez abendutik maiatzaren bitartean”. Poltsak be aterako dira proiektuaren logotipoagaz kontsumitzaile eta ekoizleek erabili dagiezan eta eskolako umeei zein herritarrei zuzendutako kontsumo tailerrak antolatuko dabez. “Azokea internetera eroango dogu eta urtaro-aldaketetan sasoiko produktuen azokak egin geinkiez, beharbada”. Urian jaio bada be, proiektu zabala da Larrabetzuko Azokea. Uritarrei begira jaio arren, inguruko ekoizle eta herritarrek be badabe lekua bertan. “Etorkizunean Txorierriko beste herri batzuetara zabaltzeak onura ekarriko leuskio proiektuari. Aberatsagoa eta indartsuagoa egingo leuke”.