Mikel Laboa, txoriaren azken hegaldia (I)

Aikor aldizkaria 2008ko abe. 18a, 09:56

Testua: Pospolin

“Orain mitoa da betiko… Ez Dok Amairuko kidea, euskal kantagintzaren berritzailea eta belaunaldien arteko zubia… Euskal kulturak luzaz oroituko duen kantaria… Erdi itxitako begien misterioa” (Berria, 2008-12-02). “Txori batek bezala hitz egiten zuena. Bere kantu esperimentalekin bere hizkuntza bilatu zuena” (Josanton Artze). “Misterio handi batez eta lilura handi batez inguraturiko tipoa zena” (Xabier Lete). “Xumetasunean dago sakontasuna, ez sinplekerian. Mikel oso xumea zen” (Benito Lertxundi). B. Atxaga, R. Ordorika, Muguruza anaiak, Rami, L. LLach, M. Markez, J. Tapia, J.K. Perez, J.A. Urbeltz, I. Lazkano, eta abar, eta abar, eta abar. Aurpegi tristeak eta hitz ederrak. Eta zer diogu besteok, ezagunak ez garen beste terrenalak? Batez ere barru-barruko sentimenduak azaleratzeko kapaz izan den artista handia, emozioen motorra …, inor nola edo hala ukitu gabe utziko ez zuen kantaria…, berea eta besteena, lagunena eta denona, batzuentzat eta batzuetan estridentea, baina beste batzuentzat eta beste batzuetan gozoa eta hunkigarria; betikoa eta berritzailea, hurbilekoa eta urrunekoa, euskalduna eta nazioartekoa, argia eta misteriotsua, mitoa eta pertsona, polemikoa eta baketsua, perfektua eta inperfektua, Lekeitiokoa eta Donostiakoa, terapeuta eta terapeutikoa, neuropsikiatra eta neuromusikaria, gaurko gazteen artean gutxi ezagutua eta erdal giroan ezezaguna, atzokoa, gaurkoa eta betirakoa, hemendik aurrera gure eguneroko kulturaren aldareetan jarriko duguna… Beste mila adjektibo erantsi daiteke bere bizitzatik eta bere ekarpenaren jantzitik. Beste mila sentimendu probokatuko dituzte bere abestiek… Ez gara nekatuko bere musika entzuten…