Zilar bidea, Meridatik Salamancara

Aikor aldizkaria 2008ko abe. 18a, 10:19
Testua eta argazkiak: Jose Maria Quijano
Zilar bidea Iberiako bizkarrezurretarikoa da. Hura bezalako bideetatik egin ziran erromatar eta arabiarren inbasioak, baita kristauek berreskuratzea be. Erromes mozarabiarrek ibilbide transhumante eta hegoaldetik egiten zituzten joan-etorriak Santiago apostoluaren hilobira. Gaur egun, 2.000 urte pasatu ondoren, ikusgai daude oraindik orduko bide-galtzadaren zati batzuk. Frantziatik datorren Done Jakue bidea ez bezala, basatia eta bakartia da Zilar bidea; aproposa intimitaterako, natura-gune handi eta azpiegitura gutxirekin. Erromesek horregatik nahiago dute, beharbada. Zilar bidea urrian egitea erabaki genuen. Urria hilabete egokia da ez dagoelako ez jendetzarik, ez berorik. Hamar egun izan ditugu aurretik, Meridatik Salamancarako bidea egiteko; 300 km guztira. Merida leku ona da ibilbidea hasteko. Merida Erroma da. Eta lehenengo egunean hura bisitatzea erabaki genuen, bertatik ibiltzea erromatar aroko unerik gogoangarrienetara joatea da-eta. Lehenengo etapetan Extremadurako larreak izan genituen zain. Ekosistema horretan elkarrekin bizi dira hauen moduko basapiztiak: txerri iberikoa, ardi borroa, gaztaina koloreko behia, oreina, arrano inperiala eta basurdea. Caceres ezustea da erromesarentzat, hirigunean dagoen batasun eta Erdi Aroko arkitekturaren harmoniagatik. Erromatik Erdi Arora joan gara. Aldeanueva del Camino goi-ordokira heldu baino lehen Casar de Caceres, Galisteo eta Caparratik pasatu gara. Hervas herria ere bisitatu dugu. Auzo judutarrak oso ospetsu egin du hori eta Erdi Aroko arkitektura judutarraren kaleen amarauna XV. mendetik hona iraun du. Gaztelako estepa Ordokira Bejarreko korridoretik heldu gara. Salamancan gaude. Larreak desagertu eta mendien tarteko ekosisteman sartu gara. Arteak eta artelatzak tokia utzi diete haritzari, gaztainondoari eta lizarrari. Salamancako etapak luzeak dira, isilune ugariekin. Erromesak goiz jaiki dira eta egunsentia baino lehenago daude bidean. Lehenengo eguzki-printzek desegin dituzte itzalak eta arteak marraztu dituzte Gaztelako estepan. Fuenterroble, Salvatierra eta San Pedro de Rozadoseko etapak egin ditugu Salamancara heldu baino lehen. Guk bidea egin beharrean, bideak gu egin gaituela konturatu gara ibilbidea amaitzean. Beste erromes batzuk ezagutu ditugu eta euren adiskidetasunarekin aberastu egin gara. Lagun berriak egin ditugu bidean. Eta historian sakondu dugu erromatarrekin amets egin dugu-eta, Erdi Aroko zaldunekin, juduekin eta artzain transhumanteekin. Merezi izan dute nekeak, izerdiak eta oinetako babak edo ur-batuak. Zalantza izpi barik, bidean egongo gara berriro datorren apirilean. Salamanca-Santiago dugu zain.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).