Errebaleko jauregia

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 26a, 10:30

Testua eta argazkiak: Sabin Arana Oinak: Armarria Goikoolako dorrean ikusi daiteke. Zugasti sendiaren erakusgarria da. Errebaleko Jauregia, Pedro Sarrikolearen etxea. Bere suhia Domingok ondorengo legez erabili eban. Atea da dagoan errenazimendu garaiko elementu bakarra.

Hordoño Zamudio eta Zugastiarrak jabetza ugari ebazan Larrabetzun eta Zamudion XVI. gizaldiaren bigarren erdialdean. XV. gizaldian Larrabetzuko Paskoala Martin Inigez Zugasti Bizkaiko alkatearen alaba Hordoño Zamudiokoagaz ezkondu eta ondorengo Juan Zamudio eta Zugasti izan eben. Haren semea, Hordoño Zamudio eta Zugasti, Franziska Matiartu eta Getxogaz ezkondu zan 16 urte ebazala. Aitatu beharra dago urte berean, 1549an, Hordoño honen ama, Leonor, Diego Perez Matiartu aitaginarrebakideagaz ezkondu zala, biak alargunak ziran-eta. Baina Hordoñok harremanak izan ebazan ordurako Mari Saez Goikooleatarragaz eta ondorioz, alaba Petronila jaio zan. Mari Saez Inigo Loroñotarragaz esposatu eben, baina Petronila Zamudio-Zugasti leinukoa legez agertuko zan ordutik hona. Petronila Pedro Sarrikoleatarragaz ezkondu eta alaba bat eduki eben: Antonia Sarrikolea eta Zamudio-Zugasti. Antonia Domingo Holea eta Sarrikoleagaz ezkondu zan. Azken honen ondorengo bat Domingo Sarrikolea eta Zamudio-Zugasti izan zan, zeina Sevillan hil baitzan hango merkatarien ganbarako priore ibili ostean. Goikoolako dorrean dagoan Zugastitarren armarria batze honetatik aterako geunke. Gure eritxiz, Errebaleko Jauregia Pedro Sarrikoleatarrak altxatu eban, eta Petronilak ezkonsari erakargarria izan ei eban beragaz esposatzeko. Batzetik aurrera, bat eginda agertuko dira Goikoolako dorrea eta Errebaleko Jauregia. Sarrikoleatarraren boterea Pedro Sarrikoleatarrak menpean izan ei eban herria. Garai hartan alkate berak agintaldi bat baino ezin eban bete eta Pedrok bi egin ebazan. Auzitara eroan eta kargua itxi behar izan eban; halanda be, Domingo suhia alkatea izendatzea lortu eban eta hori gehienetan kanpoan ibilten zanez, alkateorde ibili zan. Beste alde batetik, nahiko eskandalagarriak izan ziran alargun zala Larrabetzuko zenbait anderegaz euki ebazan harremanak be bai. Alkatetza aprobetxatuz, erremate gabe emon eutsen Urkuluko errotaren alokairua bere amoranteari, eta behin lagunakaz gaupasa ederra ospatu eban beste andere bategaz semea euki ebanean. Pertsonaia boteretsua izan zan, beraz, XVI. gizaldiaren amaieratik eta XVII. gizaldiaren hasikerara bitartean Larrabetzuk jasan behar izan ebana. Bere ondorengoek luze eroan eben Zamudio-Zugasti abizena, eta Arrigorriagako Agirre eta Ribas leinuagaz bat egin ondoren oraindik ere handikiago bihurtu ziran. Larrabetzuko Errebaleko Jauregia gain behera etorri zan eta aurretik be hainbat barrikuntza egin eutsezan. Barriro altxatu eta puntu erdiko atea da kontserbatu dan errenazimendu garaiko elementu bakarra.