Aurpegi ezaguna da Pedro Mari Goikoetxea lezamarrarena. Izan ere, astero ikusten dugu telebistan, Boxeo izarrak saioan alegia. Horretaz aparte, ETBko kirol emankizunen arduraduna ere bada. Herri Irratian hasi zen lanean, baina 25 urte daramatza Euskal Telebistan. Tarte horretan katea ez ezik, Pedro Mari bera ere izugarri aldatu da. Aldaketa hori, kirola eta telebista izan ditugu mintzagai kazetariarekin.
ETBko kirol emankizunen zuzendaria zara, baina zertan datza, zehatz-mehatz, zure lana?
ETB-1ean eskaintzen diren kirol emankizunen ardura daukat: emanaldien eskubideak negoziatzea, orduak eta egunak zehaztea, hobekuntzak proposatzea, eta abar…
Boxeo izarrak saioaren aurkezlea ere bazara. Hala ere, aukera gutxi dago telebistan boxeoa ikusteko...
Mutiko nintzela ikusi nuen boxeoak jarraitzaile mordoa zuela gure inguruan: zenbait lagun jaikitzen ziren goizaldeko orduetan Ali, Frazier edo Foremanen borrokaldiak ikusteko. Urtainek ere ekarri zuen “boom-aâ€. Gainera, Euskal Herri mailan hainbat boxeo-saio antolatzen ziren. Horrek esan nahi zuen zaletasun handia zegoela eta hori ez da bat-batean amatatzen. Suari putz eginez gero, berriro pizten da. Horregatik boxeo borrokaldiak ematea proposatu nuen orain urte mordoa. Onartu egin zuten eta ikusleen erantzuna ikusita, asteroko saioa egiten hasi ginen. Boxeoa kirol “madarikatua†da askorentzat, baina beste askok oso gustukoa dute eta astero-astero jarraitzen dute saioa. Euskal Telebistak boxeoa ematen segitzen du, jendearen erantzuna ona delako. Kirol honek ikusle mordoa dauka eta oso leialak dira.
Duela urte pare bat edo, futbola igortzeko eskubideak galdu zituen ETBk. Kolpe gogorra izan zen?
Bai eta ez. Euskal Telebistak ez zuen larunbat gauetan lehen mailako partiduak zuzenean emateko eskubiderik galdu nahi, baina edozein preziotan erosi ere ez. Eskatzen zuten dirutza ordaintzea ez zen bidezkoa. Beraz, lehen mailako partiduen laburpenak eta bigarren mailako partiduak zuzenean emateko aukera erosi genituen. Prezioa askoz txikiagoa zen, eta azken batean larunbat gauetan bi orduko emanaldi bat galtzen genuen, besterik ez.
Gabonetan Euskal selekzioaren partida ere ematen zuen ETBk. Zer deritzozu aurten sortutako gatazkari?
Lotsagarria. Zoritxarrez, herri honen ispilua da. Zerbait aurrera ateratzeko aukera daukagun bakoitzean, geure artean mutur joka hasten gara eta dena pikutara joaten da azkenean. Geuretzat kaltegarria izan da, atzerapauso handia, eta kanpokoen aurrean barregarri gelditu gara.
Beste iskanbila bat, Mediapro eta Audio-visual Sport enpresen artean dagoen futbola igortzeko eskubideei buruzkoa hain zuzen ere. Zer uste duzu horren inguruan?
Gai honetaz liburu osoa idatz daiteke eta ziur asko inork ez luke ezertxo ere ulertuko. Tira-bira hori oso gogorra eta korapilatsua da. Futbolzale arruntak ezer gutxi ulertzen du eta mundu horretan sartuta gabiltzanok ere ezin dugu sinetsi gertatzen ari dena. Azkenean, egunen batean, epaileek erabakiko dute, baina ez dakit noiz, denbora askorik ere ez baita gelditzen: aurtengo ekainean amaitzen da kontratua eta besteren bat negoziatzen hasi beharko dute.
Athleticzalea zara. Zelan ikusten duzu Caparrosen taldea aurten?
Apurka-apurka, asko kostata, talde itxura hartzen ari da. Jokalari gazte batzuk gero eta hobeto dabiltza eta iazkoa hobetuko dutela iruditzen zait. Dena den, Athleticen inguruan dena da beltza edo zuria. Gauzak lasaitasun gehiagoz aztertu behar dira. Athleticek, ondoen ibilita ere, oso gaitz dauka onenen artean egotea, Europa mailako talderik onenetarikoen kontra ari delako lehian, eta azken 15-20 urteotan futbol arloan hartu diren erabaki gehienak Athleticentzat kaltegarriak izan direlako.
Orain herri kirolak eta pilota igortzen ditu ETBk, batez ere. Nahikoa ala gutxi?
Euskal Telebistak herri kirolak eta pilota betidanik eman ditu: profesional mailako lehenengo partidua duela 26 urte eman zuen. Nahikoa ala gutxi den ikusleek esan beharko dute. Nik datuak emango ditut: esku pilota profesionalari dagokionez, ETBk 120 jaialdi ematen ditu urtean. Herri kirolen arloan, 20 gutxi gorabehera.
Pilotaz ari gara. Gero eta gehiago ordaintzen da finalak ikusteagatik, gero eta profesionalagoak dira pilotariak… Goi-mailako kirola da gaur egun, ezta?
Gizartea bera aldatuz doan neurrian, pilota eta pilotazaleak ere aldatu egin dira azken urteotan. Orain 30 edo 40 urte ia txapelketarik ere ez zen behar jendea pilotalekura eramateko. Toki askotan ia modu bakarra zen jendeak denbora emateko. Baina gaur egun aukera asko daude, eta kirol moduan gaurkotu ezik ez dago zereginik. Horregatik, pilotariek profesionaltasun osoz aritu behar dute eta benetako lehia dagoenean jendeak erantzun egiten du. Esate baterako, final bat ikusteagatik pilotazaleek ez daukate 120 euro ordaintzeko arazorik. Pilota partidu arrunt batera, ordea, sarrera doan ipinita ere, ia inor ez da joaten. Publikoa bera ere ezberdina da. Gaur egun, futbolaren antza hartzen hasita dago (kantuak, pankartak, eta abar…). Lehengo pilotazaleei horrelakorik burutik pasatu ere ez zitzaien egiten.
Zer uste duzu jokatu berri den Lau t´erdiko Txapelketari buruz?
Lau t´erdikoa Txapelketa berriena da: 1989an hasi zen eta 19 urte hauetan goi mailara heldu da. Jendeak oso gustukoa du, alde batetik ondo antolatuta dagoelako, onenen arteko ligaxka eta guzti; bestetik, partida ederrak ikusten direlako. Pilotari bikainak daude (Titin, Olaizola II, Barriola, Irujo…) eta ikuskizuna da nagusi. Jokoa bizia da eta distantzia oso egokia, norgehiagoka parekatuak ikusteko. Nik esango nuke gaur egun kantxa osoan buruz-buru jokatzen diren partiduek baino ikusmin handiagoa sortzen duela.
Txorierrin ETBk igortzen duen pilota txapelketa dugu, Lezamakoa alegia. Dakizunez, Pilota Elkarteak 50 urte bete du aurten. Zer garrantzia du txapelketak?
Afizionatu mailan jokatzen diren txapelketen artean, onenetarikoa da Lezamakoa. Hortik pasatu dira profesional mailan ibili diren eta dabiltzan pilotaririk gehienak. Alde horretatik antolatzaileen lana goraipatzekoa izan da.
Datorren urtean TDT-ren bidez ikusiko dugu telebista guztiok. Nolako aukera eskaintzen du horrek?
TDT delakoaren bidez, kate kopurua lau aldiz biderkatuko da. Bestalde, kalitatea ere hobea izango da eta interaktibitatea bultzatuko du.
EiTB etengabe ari da hazten: hirugarren katea jarri du martxan eta laster egongo da laugarrena ere ikusteko aukera. Euskal Herria txikia da. Kate gehiegi dira?
Kate berriak dira, baina neurri batean. ETB-3ko programazioaren zati handi bat ETB-1erako egiten diren gauzekin betetzen da. Gainera, kate horrek aurrekontu oso txikia dauka. ETB-4 azaroan hastekoa da eta oraindik ez dago erabat zehaztuta nolakoa izango den, baina gauzak bide beretik joango dira. Edozein modutan, kate gehiegi izan zein ez izan, ETBk merkatuan egon beharra dauka, bestela toki hori besteren batek beteko du.
25 urte bete ditu duela gutxi ETBk. Aldaketa asko izan ditu hasi zenetik?
Bai. Nik esango nuke hasierako ETBk eta gaur egungoak izenean baino ez daukatela antza. Tokiz ere aldatu gara eta teknologia aldetik zer esanik ez. Gainera, programazioak, langile kopuruak eta beste hainbat arlok ere goitik beherako aldaketa izan dute. Geu ere dezente aldatu gara: orain 20 urteko irudiak ikusten ditugunean konturatzen gara urteak ez direla alferrik pasatzen…
Herri Irratitik ETBra
Pedro Mari Goikoetxea Lezaman jaio eta Durangora ezkondu zen. Betidanik gustatzen zaio idaztea eta gaztetan kolaborazioak egiten zituen Derioko seminarioko aldizkarian. Horregatik erabaki zuen kazetaritza ikastea. Karrera amaitu, eta hilabeteko ordezkapena egin zuen Deia egunkarian. Horretaz aparte, euskarazko klaseak eman zituen San Adrianen eta Bilboko Hizkuntza Eskolan.
Baina lanbidearen gorabeherak Bilboko Herri Irratian ikasi zituen. "Denetarik egiten genuen bertan: kazetari eta esatari lanak, publizitatea saldu... Txorierriko lehenengo berriemaile ibili nintzen. Lanbidea ikasteko leku egokia zen eta euskarazko programazioa hasi berria zen. Jakituria gutxi nuen, medio aldetik ere oso urri genbiltzan, baina geure artean giro ezin hobea genuen eta beharrerako gogo ikaragarria. Oroitzapen politak ditut".
1983an Euskal Telebistara ailegatu zen. "Hasiera batean ez neukan telebistara joateko gogo handirik, baina azkenean, ekinaren ekinez, konbentzitu ninduten". ETBn Gaur egun albistegia egiten hasi zen eta kirol arloko zuzendari izendatu zuten geroago. Lan hori utzi ondoren, denbora luzez ibili zen kazetari lanak egiten, albistegietan zein kirol emanaldietan (futbola, txirrindularitza, pilota...). 2000. urtean berriro kirol arloko zuzendari izendatu zuten eta 2007tik hona emankizunen ardura dauka.
Bere ustez, gogorrena lantalde oso baten ardura izatea da. Urteak eman ditu kamara aurrean, baina "gero eta gutxiago" gustatzen zaio. "Beti izan naiz lotsatia eta nahiago dut ezkutuan ibili. Gainera, aurpegia erakusteko itxura hobea dutenak ere badaude…". Euskaraz zein erdaraz egin du lan. "Arlo batzuetan euskaraz erosoago egiten dut behar, eta beste batzuetan, gazteleraz". Hizkuntzari dagokionez, arazoak izan zituen hasieran. "Kirol hizkuntza sortu egin behar izan genuen. Oraindik ere lan handia dago arlo horretan egiteko. Gaztelerak ez dauka horrelako arazorik, hizkuntza hori erabat normalizatuta dago eta guztiok ezagutzen dugu kirol bakoitzaren argota ".
Gai nagusia