Zelula eta DNAri buruz

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 26a, 12:01

Testua: Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria

Birusik txikiena zein munduko izakirik handiena izan (iritzi guztiak bat etorri ez arren, Oregoneko Armillaria ostoyae onddo erraldoia omen da handiena, 600 hektarea hartzera hel baitaiteke), oinarri-oinarrian guztiok darabilgu funtzionamendu sistema berdina. Gure informazio genetikoa zelulen DNAn dago kodifikatuta (birusen kasuan, RNAn dago batzuetan. Baina, bizirik daude birusak? Galdera polita, hurrengo baterako), eta zelula bakoitzak han irakurtzen du bere zereginak ondo betetzeko behar duen informazioa. Hau da, globulu zuri baten eta neurona baten DNAn informazio berdina badago ere, neuronak badaki zein informazio zati erabili behar duen, eta hori baino ez du erabiliko, gainera. Globulu zuriak, berdin. Zelula bakoitzean entziklopedia osoa dugula esan daiteke. Baina neuronak “A” atala baino ez daki irakurtzen; eta globulu zuriak “B” atala (uf!, konplikatua da hau, neurona eta globulu zuri mota pilo bat baitaude. Baina ideiaren bat egiteko...). Zelula amak (stem cells, ingelesez; eta células madre gaztelaniaz) nahiko famatu egin dira azken urteotan. Eta normala da, hareek erabilita garatzen gabiltzan teknikek ate berria zabaldu baitiote medikuntzari. Tratamendu gehienak esperimentu fasean badaude ere, itxaropentsu agertzen dira ikertzaileak, eraginkorrak izan baitaiteke hainbat gaixotasuni aurre egiteko edo, behintzat, arintzeko. Besteak beste, hauek aipa ditzakegu gaixotasun horien artean: parkinsona, 1 motako diabetes melitusa eta bihotz gutxiegitasunak. Zelula amak Baina zein da zelula hauen berezitasuna? Zelula amak izaki baten berezko edozein zelula mota ekoitz dezaketen zelulak dira. Zelula horiek ere dute lehen aipatutako entziklopedia, baina edozein atal irakurtzeko gai dira. Ondorioz, eta nahi izanez gero, edozein zelula ekoitz dezakete bikoizten direnean jarraitzen duten mitosi prozesuan: neurona, gihar zelula, globulu zuria... edozein. CIC Biogunek koordinatzen duen ikerketa batean, adibidez, zelula ametatik abiatuta saiatuko dira parkinsonak gaixotzen dituen neurona dopaminergikoak lortzen. Ez da behar erraza, eta ezin dugu jakin zenbat denbora eta esperimentu beharko diren, zabaltzeko moduko emaitzak lortzeko.