AIKOR! aldizkariak euskaltzaleak batzen ditu, batzen zituan moduan Jose Manterolak Euskalerria aldizkariaren bitartez -1880an hasirik-. Era horretara lortu eban koordinatzea euskaltzaleen lan sakabanatua. Euskalerria aldizkariari esker -inguruan hainbeste euskaltzale baturik- aurrerakada itzela ezagutu zan euskal kulturan.
Jakina da, euskalduna Txorierri lako eskualdeetan bakanduta bizi dana; askotan euskaraz bizi dan lagun-aldra barik.
Halako bakartiak bizitza euskaldun egiteko, nora jo topau gura dau, nogaz hartu-emonak euki. AIKOR! aldizkariak euskal sarea eskaintzen dau, lotura txorierritarren artean.
Izango da inor uste dauenik AIKOR! ez dala nahiko. Ulertzeko kritikea, arrazoizkoa! Horren aurrean, seguru asko, jokabiderik aberasgarriena, dagoan baserria eraitsi baino, hobea aldamenean eregitea izan leiteke ze, ez legoke gure artean mozolorik, etxe hobea alboan eukita txabola itogindunean biziko leitekeenik. Bestalde, Inondik inora ez litzateke ganorazkoa, egoitza barria jaso baino lehenago, artekoa lurrera botatzea.
Ganera, edonor da nor baieztatzeko Txorierri euskaldunerako egin izan dana baino askoz gehiago dala eginkizun doguna. Bete doguz zidarrezko ezteguak esperientziak nahiz esperantzak irakaskuntzan jarririk. Behin honezkero, badakigu zertaraginoko emaitzak ekarri deuskuzan, noraino heldu garan. Behar-beharrezkoa izan da –eta izango- eskola-ikastola-ikastetxe-euskaltegietan jorrari ekitea, ez, ostera, nahiko. Zein adibide agirikoagorik, hainbeste irakaskuntza munduko andra-gizon AIKOR! aldizkariaren inguruan lanean aurkitzea baino?
Egoerak, bestalde, aldatuz doaz, migrazinoak eta inmigrazinoak inguraturik bizi gara, herri, auzo, etxebizitzetan, lineako autobusetan. Aspirinek ez leikie izurritea menpean hartu. Gaurko ingurumarian, euskaldunok agintea behar dogu eskuan, pentsakera euskaltzalea gogoan. Euskaltzaleak ezinbesteko doguz politikan –zenbat erdaldun eta erdarazale karguetan!-; euskaltzaleak nahitaezko etxeko telebista aurrean –zenbat erdara goxo familia abertzaleetan!-; euskaltzaleak edozein ekintzatan.
Jakingo dozu euskara, maiteko dozu nonor bihotzaren sakonean, baina esaten ez badozu edo erakutsi, zertarako?
1880ko Euskalerria aldizkaria lez, XXI. gizaldiko AIKOR! –mutatis mutandis-, itzelezko aurrera pausua da, kolore, izakera, jokabide askotako euskaltzaleak baturik!
Aldeko izan bekigu 2009 hasi barri hau!