Idazle euskaldun ospetsueneterikoa da Kirmen Uribe (Ondarru, 1970), eta “Bilbao-New York-Bilbao†bere lehendabiziko nobela plazaratu berri du. Urtarrilean Larrabetzun aurkeztu zuen liburua, Arrekikili euskara elkartearen eskutik, eta berarekin hitz egiteko aukera izan genuen.
Larrabetzun aurkeztu duzu liburua. Zelan?
Ondo. Gotzon Barandiaran aspaldiko adiskideak gonbidatu ninduen eta pozik egon nintzen jendea bildu zelako. Gehienek liburua irakurrita zuten, eta iritziak partekatu genituen. Liburuan gai asko jorratzen dira, eta parte-hartzaile bakoitzak istorio bat edo ikuspùntu ezberdin bat aipatu zuen. Oso interesgarria izan zen.
Bilbao-New York-Bilbao du izena liburuak. Zergatik New York?
Liburuko gogoeta nagusietako bat euskal kultura da eta hori gaur egun bizi dugun globalizazio garaian kokatu dut. Bilbaok Euskal Herria islatzen du; eta New Yorkek, aldiz, mundua. Gainera, partikularretik unibertsaltasunera, eta unibertsaltasunetik partikularrera, egiten den bidaia ere azaltzen du izenburuak.
Sudoku moduan kontatu omen duzu istorioa. Zergatik? Zailagoa zuretzat ala irakurlearentzat?
Nahiz eta ohiko nobela ez izan, irakurleek erraz irakurtzen dutela uste dut. Dena den, azpian izugarrizko lana dago. Sudoku edo gurutzegrama baten moduan idatzi dut, egia da, hainbat atal daude, eta elkarri lotuta, gainera. Istorio nagusiaz aparte, beste ondoko batzuk ere badaude irakurgai. Nire ustez polita da, sudoku bat egiten denean dibertigarria baita. Sudokun zenbakiak asmatu egin behar dira, eta nire liburuan irakurleak kontatzen ez den hori ere asmatu behar du.
Nobela bera idazteko prozesu osoaren berri eman duzu nobelan. Trukuak jakinarazten dituen magoa bezalakoa zara, ala?
Normalean ez, baina nobela honekin egin dut. Izan ere, ez nuen nahi jendeak sorpresa handiegi hartzea.
Aspaldian zara idazlea. Ez dugu gehiegi itxaron behar lehenengo nobela irakurri ahal izateko?
Ez, ez dut uste. Nire ibilbidea oso lasaia izan da. Hogeita hamar urterekin argitaratu nuen olerki liburua eta denbora luzez ibili nintzen prestatzen. Halaber, lehenengo nobela 38 urte ditudala etorri da. Oraindik gaztea naiz, eta kanpoko idazleek ere denbora luzea ematen dute liburua pentsatzen, hura idatzi baino lehen; horiek oso liburu gutxi argitaratzen dute. Euskal Herrian, aldiz, gaztea izanda ere, liburuak eta liburuak plazaratzen dira. Niretzat ez zait hori gustatzen; nik liburua sakonago landu nahiago dut, eta behar dudan denbora hartu.
Ikusmin handia zegoen zure liburuarekin. Horren aurrean, zelan erantzun duzu? Presiorik nabaritu duzu?
Oso pozik nago neuk nahi nuen nobela idatzi dudalako. Ez diot nire buruari iruzur egin eta horixe da inportanteena: azkenean, liburuak koherentea izan behar du, eta idazleak ere bai. Nire kezka literarioak asebetetzen dituen liburua da eta hortik jo dut. Ez nuen gauza erraza egin nahi. Ni gustura nabil eta, liburua zenbat saltzen dabiltzan ikusita, irakurleak ere bai. Presiorik? Guztiok dugu. Nire lagunek lantegietan egiten dute lan eta horiek ere presioa itzela dute, kaleratzeko zorian baitaude. Nik barre egiten dut irakurleek eragindako presioarekin.
Zure liburuak beste hizkuntz batzuetara itzuli dira: frantsesera, gaztelaniara eta ingelesera. Zer deritzozu itzulpenari? Ez duzu uste ñabardurak galtzen direnik, poesian, batez ere?
Bai, galdu egiten da, baina pozik nago itzulpenekin. Itzulpenak berridazketak dira, azken batean. Eta hizkuntza bakoitzak bere musikaltasuna du. Hori topatu eta testua doinu horretara egokitu behar du itzultzaileak. Orain arte oso harreman ona izan dut itzultzaileekin, eta ni eta nire mundua gertutik ezagutu gaituzte. Pozik nago olerkietan egin duten lanarekin.
Denetarik idatzi duzu: gazteentzat, olerkiak, orain nobela... Zein nahiago duzu?
Ni idazlea naiz, eta idazleak denetarik egin behar du. Musikari batek kanta bat eta gero sinfonia egin dezakeen moduan. Orain arte oso gustura sentitu naiz poesian, baina nobela idazten ere primeran ibili naiz. Esfortzu handia egin dut eta disfrutatu egin dut.
Idazlea eta kazetaria, ezta? Izan ere, hamar urte daroazu zutabeak idazten egunkarietan. Zer eragina izan dute horiek zure idazteko eran?
Oso eskertuta nago zutabeei. Zutabeak nire koadernoak izango balira bezala dira. Ikusi, sentitu edo pentsatzen dudana, nire kezkak eta irakurketak jarri ditut bertan, hau da, mundua ikusteko nire begiradatxoa. Eragin handia izan du nigan, zutabeak irakurtzen duenak badaki nondik nora noan. Nik neuk ere asko ikasi dut zutabeak idazten. Bere inperfekzio guztiekin, asko gustatzen zait “zutabegintzaâ€.
Eta etorkizunari begira, zer duzu buruan?
Momentu honetan gauzak patxadaz hartzen nabil. Ez dut proiektu handietan sartu nahi. Liburu batetik bestera jauzia egon behar da. Liburu honekin ere ahalegindu naiz gauza desberdinen bat egiten. Hurrengoa ere desberdina izatea nahiko nuke, eta orain idatziko banu antzekoa izango litzatekela uste dut. Orain irakurri eta pentsatu egingo dut, eta gero gerokoa!
Gurean izan da