Angel Serrano, Txorierriko Institutuko Gurasoen El

Aikor aldizkaria 2009ko ots. 19a, 12:11

Presidente ibili da, baina seme-alabak nagusiak dira eta elkarteko diruzaina da orain. Angel Serrano betidanik egon da Txorierriko Institutuko Gurasoen Elkartean: hasieran, hiru seme-alabengatik; geroago, zerbait egiteagatik. “Jubilatuta nago, baina ez dut zahar etxera joateko gogorik. Han, kartetan jokatu besterik ez dute egiten, ez dira mugitzen”. Institutua eta elkartea izan ditugu mintzagai. Zelan eta noiz sortu zen elkartea? Elkartea eta institutua elkarri lotuta daude. Orain 30 urte ez zegoen instituturik Txorierrin, eta herri guztietako guraso batzuek institutua eraikitzeko eskatu genuen. Bestela, Mungiara edo Bilbora joan behar zuten hemengo gazteek. 1979an, institutua egingo zela jakinarazi zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta 1983ko urtarrilean hasi ziren eskolak ematen Derion. Hiru urte geroago, 1986an, geure elkartea eratu genuen. Garai hartan ezinbestekoa zen elkartea, dena berria zelako eta kontrol gutxi zegoelako. Zelan dago elkartea gaur egun? Orain arte ez da oso ondo ibili. Hasieran, institutua sortzeko premia genuen eta garai hartan kezkak-eta zituzten gurasoek. Baina denbora aurrera joan eta bertan behera gelditu zen lan egiteko gogoa, eta gero eta jende gutxiago ziren guri laguntzen zigutenak. Gaur egun, berriz, oso ondo gabiltza: guraso berriak sartu dira Sondika eta Loiutik, batez ere, eta gauzak egiteko prest agertu dira. Guztira, 15 lagun ibiltzen gara eta denon artean banatzen dugu lana. Batzordeka antolatzen dugu eta bakoitzak gai bat hartzen du bere ardurapean. Era horretan, zer esana izaten dugu institutuaren eguneroko jardueran, eta hango arazoak konpontzen laguntzen dugu. Gainera, oso harreman ona dugu institutuarekin eta irakasleekin. Zeintzuk dira zuen betebeharrak? Elkarteak liburu denden lizentzia fiskal bera du. Hori dela eta, %25eko beherapena eskaintzen digute liburuak, koadernoak eta bestelako gaiak erosten ditugunean. Aspaldian ikerketa egin genuen eta umeek motxiletan pisu gehiegi eramaten zutela jakin genuen. Hori zela eta, koaderno koloredun leunagoak egitea pentsatu genuen. Eta ikasgai bakoitzari kolore eta koaderno bat dagozkio. Gurasoek guri erosten digute materiala, noski, eta guk %15eko beherapena egiten diegu. Gainerako %10 elkarteak berak erabiltzen du ekintzak-eta antolatzeko: irteerak edo eskolaz kanpoko jarduerak: entrenatzaileak topatu eta ordaintzea, autobusak kudeatzea… Hori da zuen finantzabide bakarra? Bai. Mila aldiz eskatu diogu laguntza Udalari, baina hori Mankomunitatearen ardura dela erantzuten digu. Mankomunitateari ere milaka gutun eta eskaera egin dizkiogu, baina hark ere ez digu jaramonik egiten. Inork ez du ezer egin nahi. Beraz, ez daukagu dirulaguntza publikorik. Eta lehen ez gintuzten elkartetzat jotzen, baina elkarteek ordaindu behar zuten zerga kobratzen ziguten. Orain ez da kobratzen, zorionez. Gazteriari buruz gauza txarrak baino ez dira esaten. Horrenbesterako da? Nire ustez, gazteek ez diete errespeturik izaten helduei; eta izatekotan, gero eta txikiagoak izanda galtzen dute. Nik uste dut ikastera etorri behar dutela institutura, baina heziketa gurasoek eman behar diete, eta batzuek ez dute hori ulertzen. Institutuak D ereduko klaseak baino ez ditu eskaintzen. Euskal Herrian ez ezik, Estatuan ere iskanbilak sortu dira azken bolada honetan irakaskuntzako hizkuntza ereduak direla eta. Zer deritzozu zuk? Derion erdaldun asko daude eta gaztelaniaz ikasi nahi dutenek Mungiara joan behar dute. Hori dela eta, ikasle gutxiago etortzen dira institutura. Hala ere, euskara gero eta garrantzitsuagoa da eta egoera honetara egokitu behar dugu. Bestela, gure seme-alabek prestakuntza urriagoa izango dute. Nola ikusten duzu etorkizuna? Ondo. Beste eraikin bat egingo dute, oraingoa txiki gelditu zaigulako. Txorierriko herriak ere gero eta handiagoak dira. Guk eskolako erakina erabiltzen dugu, baina haiek ere behar dute. Eraikin berrian elkartearen bulego berriaz gainera, ikastetxeko jantokia ere jarriko dute, besteak beste. 2010ean hasiko dira lanak, eta kamioi aparkalekuan ezarriko da. Ez da handiegia izango? Komenigarria izango zen Txorierrin beste institutu bat eraikitzea? Neuri ez litzaidake gustatuko oso institutu handia izatea. Leku handietan, irakasleek ez dute elkar ezagutzen eta, nire ustez, oso garrantzitsua da haien artean harreman estua izatea. Izan ere, arazoak bileretan konpontzen dira askotan, eta hurbilago egoten dira ikasleengandik. Txorierriko institutura 600 ikasle etor daitezke (orain 400 daude), baina ez dut uste gehiago egokia izango denik. Beste institutu bat Txorierrin? Ez dakit, ez legoke txarto ikasle kopurua kontuan hartuta. Hala ere, Txorierri txikia da eta bi institutu egonez gero, inbidia sor daiteke.