Testu batean irakurtzen dut Pliniok deskribatu zuela nola aurkitzen diren ardo handiak: sekretua da ibai handien ondoan daudela. Hausnarketa horretan oinarriturik, hasi naiz ardogintzaren mapamundia gogora ekartzen, eta berehala egiaztatu dut halaxe dela, mitikotzat jotzen ditudan ardoek eta mundu mailako ezagupena duten eskualde ardogileek ondoan dituztela haiek besteko historia eta garrantzia dituzten ibaiak, denboraren joanean lagundu dutenak ez bakarrik eskualdeko paisaia marrazten, baita eragina izaten kliman eta ibaiotatik hurbil sortutako ardoen nolakotasunean.
Gonbidatzen zaituztet eskualde horietako batzuetan barna ibiltzera, hango ibaiak ezagutzera, ibaiokiko harreman horretatik sortutako magia ezagutzera:
a) Bordele (Frantzia)
Itsasotik 100 km baino gehiagotara, herrixka bat zen antzina Garona ibaiko paduretan, Zesarren legioek okupatua; orain, Frantziako eskualderik aberatsenetako bat da. Garona ibai horrek, Dordoina ibaiarekin bat eginik, lagun egiten dio munduan prestigiorik handiena duten mahastietako bati.
b) Borgoina (Frantzia)
Fontenay, Vezelay eta Clunyko abadetxeetako harriek babesturik, Borgoinako goi ordokiari ihes egin nahi balio bezala, Saona ibaia azaltzen da, (nire iritziz) munduko sotil eta magikoena den mahastiari begira, bakarrik Chablis aldea utzirik albo batera, baina berari gogoraraziz bera ere talde horretakoa dela. Chardonnay eta pinot noir direlakoen lurraldea da.
c) Piamonte& Lombardia (Italia)
Antzinatean, greziarrek “Enotria†(ardo lurra) deitzen zioten Italiari: zerbaitegatik zen. Iparraldean, ardo berdingabe eta zoragarriekin egiten dugu topo, bertako mahatsondoetatik atereak, hala nola barolo, barbaresco handiak… iparraldetik hegoaldera Po ibai historikoak bereiziak, ibai hori baita Piamonte eta Lonbardiako paisaia egituratzen duena.
d) Valle Central & Aconcagua (Txile)
Maipú, Maule eta Aconcagua ibaiek poesia bihurtzen dute mahasti eremu gero eta handiago bat, harro dagoena filoxerak (epidemia bat da, XIX. mendean europar mahastiak ia suntsitu zituena) joak ez dauden jatorrizko mahatsondoak edukitzeaz, eta Semillón, cabernet sauvignon eta abar ematen dutenak…
e) Ribera del Duero & Dauro (Espainia eta Portugaleko Estatuak)
Duero ibaia, historiaz betea, Gaztelatik Tinta Fina mahatsondoari lagun egiten diona; Penintsulako ardo onenetakoren baten aitzindaria da eta atsedenik gabe egiten du aurrera Portugalerantz, han Dauroko ardoekin topa egiteko gurekin.
Sukaldaritza