Euskara eta hezkuntza, hezkuntza eta euskara... gaia ez da makala, baina aspalditik badabilzkit buruan hainbat ideia. Euskaraz ikasteaz gain, kalean ere erabiltzen duten belaunaldiak hazten ikustea da euskal hezkuntzak duen erronka nagusietako bat. Ni neu ez naiz hasiko orain beleen ipurdi beltzez; norekin erabiltzen dudan euskara, eta norekin gaztelera. Baina hemendik gutxira irakaslea izateko asmoa dut, eta, nire ustez, gure belaunaldiarekin egin diren hainbat akats metodologiko ez errepikatzea espero dut. Beste batzuk egingo ditut akaso...
Azken urteotan begirale ibili naiz sarritan Euskal Herriko hainbat tokitan. Euskaraz jakin arren, euskaraz egiten ez duten umeak topatu ditut orokorrean. Baita salbuespenak ere: jakin eta erabiltzen dutenak; edo jakin ia ez dakitenak. Jarrera ugari daude begiraleen artean, modu askotako estrategiak, baina den-denek dute ezaugarri bat: aktiboak; hau da, euskararen erabilera suspertzeko ekintza zuzenak. Hala ere, bide laburrenak, eragiketarik logikoenak, askotan ez gaitu eramaten nahi dugun tokira, eta, ondorioz, emaitzarik ez. Bat nator Montessoryrekin umeentzat aukeraketa askea motibazio ikaragarria dela dioenean. Euskaraz bizi den belaunaldi baten bila bagabiltza, euskara eta euskal kultura gorrotatzen dituen baten batekin egin dezakegu topo. Astakeria edo ez, ez dut gogoratzen nori entzun nion behin, euskarak ez duela inoiz berreskuratu diktaduran izan zuen bizitasuna. Gazteegia naiz hori baieztatu edo ezeztatzeko, baina handia da debekuak sortzen duen erakarpena, errepresioak ematen duen indarra.
Horiek horrela, badago horri lotutako beste erronka handi bat. Hizkuntza estandar baten beharra dugu, euskaldun guztiok elkarri ulertzeko. Euskara batuaren beharra dugu. Baina ez dezagun ahaztu hizkuntza artifiziala eta berria dela. Oinak zapata handiegietan sartzeko asmorik gabe, baderitzot nolabaiteko kutsu errealistaren falta sumatzen zaiola. Gai serioetarako balio omen ez zuen hizkuntza baten jabe izatetik bizitasunik gabeko hizkuntza administratibo baten jabe izatera pasatu gara. Lagunartekotasun gabezi hori konpontzen ez badugu, kondenatuta dago maite dugun hizkuntza. Euskalkiak berreskuratzea behar-beharrezkoa da, nire ustez, euskara batua alde batera utzi gabe.
Lerro hauekin ez dut zirrikiturik gabeko metodologia linguistiko bat aldarrikatu nahi; miraririk ez dago, eta are gutxiago hezkuntzan. Baina koadrilan baditut txikitatik besteei beti euskaraz zuzendu izan zaizkien hiruzpalau lagun. Eta egun, nahiz eta gure artean erdaraz ibili, eurei zuzentzen gatzaizkienean, euskaraz egiten diegu konturatu barik beste guztiok. Irakasle finak... eurentzat eta koadrilako gainontzekoentzat ere besarkada bat, faltan botatzen ditut-eta.