Arbilduko San Migel, ermitea baino zerbait gehiago

Aikor aldizkaria 2009ko ots. 20a, 15:33

Testua: Bestorrene

Aikor! aldizkariaren zazpigarren urteurrena Lauroeta auzoko San Migel ermitan ospatu dogu aurten. Lauroeta auzoa Loiun dago, Larrakoetxetik Gatikara doan bidean, eta San Migel ermitea be hantxe dago: 8,48 x 13 metroko eraikina da, hiru isuriko teilatua daukana. Kanpai txikia egurrezko egitura batetik eskegita dago eta San Migelen irudia agiri da ermitearen barruan. Jaiak irailaren 29an ospatzen dira. San Migel ermiteak ez dauka aparteko balio artistikorik, geure auzoetan topau geinkezan beste ermiten antzekoa da. Halanbe, badau berezitasun bat, bere historiari zor deutsana. Ezagutu daigun, bada, apur bat gehiago. Etimologia Ondoko baserriari legez, “Arbildua” esan zaio ermita honi antxinarik. Berba horren etimologia topau gura dauenak badau non arakatu: “arri bildua”, “ara bildua”... Irudimena libre itxi ezkero, errez egin leiteke hegaz Historiaurreraino. Latinezko idazkuna Ermitearen inguruan, Larrakoetxetik datorren bidetik etorrita, hatx handi bat topau leiteke; bidearen eskoako aldean be hatxaren zati bat egoan antxina. Hatxean erromatarren garaikoa izan leiteken idazkuna egoan: “Vecunienses hoc munierunt”. Interpretazino bi egin dira haren esangureaz: lehenengoaren arabera, esaldiak “Begoñakoak babestua edo eraikia” esan gura dau; bigarrenaren arabera, “«Bekoa»koak babestua edo eraikia”. Hatxa 1860an kendu ei zan, hargin batek beharrerako erabili ebalako. Uribeko Merindadearen batzar lekua Uribeko Merindadearen batzar orokorrak ermita honetan egiten ziran hainbat mendetan. Merindadeko ordezkariak hantxe batzartzen ziran; esate baterako, hau irakurri leiteke 1816ko ordenantzan: “...Las Juntas Generales deberán celebrarse en la Hermita de Arbildua...”. Beste ordenantza batzuetan holan agertuten da: “...se convocan Juntas en Arbildua...”. Eta zer zan Uribeko Merindadea? Bizkaiko Jaurerria sei merindadek osatzen eben: Arratia-Bedia, Busturia, Durango, Markina, Zorrotza eta Uribe. Uribilduak eta Enkarterri be Jaurerriaren barruan egozan eta Orozko zazpigarren merindadea bihurtu zan geroago. Uribeko Merindadea herri honeek osatu eben: Begoña, Abando, Deustua, Loiu, Sondika, Zamudio, Gamiz, Derio, Laukiz, Urduliz, Gatika, Maruri, Morga, Fika, Lezama, Galdakao, Etxebarri, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Barakaldo, Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Barrika, Gorliz, Lemoiz, Bakio, Mungia, Meñaka eta Fruiz. Arbildua batzarlekutzat erabilten eben, merindadearen erdigunea ei zalako. Merindadeak errege-eskribau bi zituan 1762an, eta beste 12 eskribau xehe: hareetako bat, Lezama, Zamudio eta Derio herrientzat zan; eta bestea, Sondika, Loiu eta Erandio herrientzat. Bandokideen borrokaldien lekukoa Arbilduko San Migel ermitea bandokideen arteko borrokaldien lekukoa izan zan 1427an. Bizkaiko korrejidoreak batzarrera deitu eban Arbilduan urte horretan, orduko bando nagusi bien artean –Fortun Sanchez eta Areskurenagako Juan Ortiz– bakea lortzeko asmoz. Juan Ortiz gizon armadunakaz agertu zan eta, korrejidoreak ha preso hartzeko agindua emon ebanean, Ortizen aldeko batek baleztaz hil eban. Hiltzailea eta Juan Ortiz atxilotu eta exekutatu egin zituen. Abade euskaltzaleak Hiru abade euskaltzalek izan dabe harreman berezia ermita honegaz. Xabier Amuriza katekista ibili zan berton seminarioko azken urteetan, Luzio lagun ebala. Eta azken 30 urteotan, ia hutsik egin barik, bertsotara etorri da auzo honetara. Mikel Zarate abade eta idazle lezamarra ermitako abadea izan zan, harik eta hil zan arte. Sarreran marmolezko plaka ipini zan haren oroimenez: “Mikel Zarate Lejarraga (Lagun-Abade-Irakasle) 1933-1979. Hementxe egoten izan zara/ baina orain ez zaude/ gurekin./ Hementxe egoten izan gara/ baina orain ez gaude/ zurekin./ Orain alde egin duzu.../ betiko ote.../ “Ez, ez, ez”.../ Zure fedez/ zure lagunek diote/ agur, gure Mikel geroarte./ Lauroetako eleiztarrak eta/ bere lagunak.”. Amaitzeko, ezin dogu ahaztuta itxi ermita honetan domekaro meza emon dauen apaiza: Martin Orbe. Orbe Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria izan da eta hainbat behar egin dau euskerearen alde. Ermita xume honek, beraz, badau zer irakatsi eta zer kontau. Ez daigun ahaztu... “izan ziralako gara”.