Joanes Camara, pelotaria: “Pelota gustetan jat, euskal kirola dalako, bertokoa”

Aikor aldizkaria 2009ko ots. 20a, 15:45

Harrobi oparoa dogu Txorierrin, izan be, gure pelotariek garaipen garrantzitsuak lortu dabez urteotan. Azkenetarikoa Joanes Caramara izan da. Lezamako Pelota Eskolako gazteak Uribe Kostako Txapelketea irabazi barri dau gazte mailan, bikotea Zeanuriko Julen Iturbe ebala. Finala Bermeoren kontra jokatu eben Urdulizen. Lehenengo txapela izan da zuretzat, zer ekarri deutsu? Poztasun haundia. Aparteko pelotaria ez izan arren, txapelen bat lortuteko maila badodala uste dot. Eta hau oso inportantea izan da, lehenengoa dalako. Itxaroten zenduen? Egia esan, bai. Julen eta biok 16 urte doguz eta adinagaitik, gazte mailako lehenengo urteko pelotariak gara. Bizkaiko Txapelketearen ordez, Uribe Kostakoa jokatuteko proposamena egin euskuen. Gaztegiak ginalako, Bizkaikoan ibilteko; eta Uribe Kostakoan aukera gehiago eukiko genduzalako. Baietz esan eta erraz irabazi doguz partidu guztiak. Aurkakoek ez eben 11 tanto baino gehiagorik lortu. Faboritoak zinien eta aurreikuspenak bete zenduezan. Presio gitxiko finala izango zan, ezta? Ez horixe! Irabazteko obligazinoa genduan neurri baten, eta partidua galduz gero, pelotan jokatuteari itxiko geuntsala esaten genduan txantxetan. Ganera, harmailak jentez gainezka egozan eta beti deutsazu bildur barregarri lotuteari. Baina partida hasi eta atoan lasaitu ginan. Ondo urten zan dana eta pozik gagoz. Bikoteagaz harreman ona izatea be lagunduten dau... Oso ondo moldatuten naz Julenegaz. Aurreko bikotea hobea zan, baina Julenegaz dodan harremana ez neban beragaz. Lagun haundiak gara, eta horrek eragina dau frontoian be bai. Zelan ikusi dozu torneoaren maila? Orokorrean ez dogu zailtasun haundirik euki irabazteko; halanda be, partidu txarren bat be jokatu egin dogu. Eta beharrak emon deuskuez... Zein izan da gogorrena? Getxoren kontra Larrabetzun jokatutako finalerdia. Hasikeran nahiko parekatuta ibili ginan, baina gure gustuko pelota aukeratu eta 10 tanto egin genduzan jarraian. Eta orain? Udaberri Txapelketea gabilz jolastuten. Partida bi jokatu eta biak galdu egin doguz. Beste pelotariak nagusiagoak dira, eta guk baino maila altuagoa dabe. Baina gustura gagoz, ikasten eta gure ibilbidea apur bat zuzenduten. Txapelketea ez dogu irabaziko, baina maila erakutsiko dogu behintzat. Zelan hasi zinan pelota munduan? Hamaika urte inguru nebazala sartu nintzan. Lagunak pelotan olgau eben eta ni be animatu nintzan. Koadrilako pelotari bakarra naz gaur egun... Zerk erakartzen zaitu kirol horretatik? Oso pelotazalea naz eta profesional mailako partiduak-eta jarraituten dodaz. Monitore be banabil Derioko Pelota Eskolan. Pelota mundua da gehien gustetan jatana, euskal kirola dalako, bertokoa... Arretaz jarraituko deutsazu Binakako Txapelketeari... Bai. Faboritoak Olaizola eta Mendizabal dira, baina Irujok eta Goñik irabaztea gurago dot. Irujo nire pelotaririk kutunena da, bere jokoa gustetan jat. Zu be inoiz profesionala izateko itxaropenik? Gustatuko litxakit, baina ni baino pelotari hobeak dagoz eta gatx ikusten dot. Momentuz gustura nago nire mailan.