Amaia Ginea, futbol entrenatzailea: Oztopoak oztop

Aikor aldizkaria 2009ko mar. 24a, 09:54
Testua eta argazkiak: Maripi Agirre
Oso neska gaztea da Amaia, baina ibilbide bizia izan du kirol arloan. Ibilbide hori batez ere futbolaren inguruan atondu du, eta gaur egun Larrabetzuko Urritarren nesken futbol taldearen entrenatzailea da. Zapatu goiza da. Sukaldean nagoela Uritarraren futbol zelaitik datorren zaratotsa entzun dut. Leihoa zabaldu eta han ikusi ditut Uritarraren neskak, partidurako beroketa-ariketak egiten. Astero gauza bera datorkit burura: “Aititek ikusiko balu”. Alaba talde honetako jokalaria delako eta aititek ere lotura handia izan zuelako Uritarrarekin. Baina hau ez da burutik pasatzen zaidan bakarra: entrenatzaile lanetan Amaia Ginea Sagasti dabil. Hogeita bost urteko larrabetzuar gaztea, umea zenetik kirolari lotuta egon dena, eta, nire uste apalean, Uritarren ibilbide luzean historia egiten ari den emakumea. Taldearen lehen emakumezkoen ekipoa gidatzen, hain zuzen ere. Amaia txikitatik izan da kirolari amorratua, lehiakorra. Eskola garaiko anekdota esanguratsua du gogoan: mutilek osatzen zuten futbol ekipoan inoiz “Carlos” izenarekin jokatu izan zuen, bajaren bat betetzeko. Zortzi urtetik hamalau urtera bitartean eskupilotan ibili zen, baina adin honetatik aurrera ez dago neska kopuru nahikorik txapelketak antolatzeko, eta Larrabetzuko Patakon Triatloi Taldean izan zen, hori bizirik iraun zuen bitartean. Ondoren maila erregionalean zegoen Zornotza futbol taldera sartu eta han urtebete eman zuen, harik eta taldea desagertu zen arte. Arratiako futbol taldean ere ibili zen denboraldi erdian, eta ostean, maila nazionalean zebilen San Inazio taldetik deitu zuten Amaia. Ekipo honetan zegoela Euskadiko txapelduna izan zen 07/08 denboraldian. Oztopoz beteriko ibilbidea, egia esan. Ikasketak ere bide honetatik bideratu ditu, Txorierri institutuan “Natura-inguruneko gorputz- eta kirol-ekintzen gidaritza” ikasi baitu. Ametsari eutsiz Lezamako Bizia taldean ibili da entrenatzaile, eta gaur egun Larrabetzuko Uritarra taldeko 10 urtetik 13 urtera bitarteko neskak ditu bere ardurapean. Entrenatzaile lanari dagokionez, neskak entrenatzea zailagoa dela dio Amaiak. Euren arteko liskarrengatik, berritsuagoak direlako eta ohitura gutxi dutelako lehiaketarako diziplinan, besteak beste. Horrek guztiak eta Amaiaren izaerak talka egiten dute askotan. Halakoetan arnasa hartzen du gazteak, bere ametsari tinko eutsi behar diolako: emakumezkoen kirola bultzatu eta Larrabetzun futbol 11ko taldea osatzea. Bai, ametsa dela dio Amaiak, hori bezalako proiektu bat aurrea ateratzea ez dela erreza izango, badakielako. Lehenengo eta behin, Larrabetzuko biztanle kopurua kontuan hartuta, beste herri batzuetara jo beharko luke jokalari bila. Eta bestalde, adina ere oztopoa da. Izan ere, ikasketak eta beste arrazoi batzuk direla-eta, nerabezaroan emakume gehienek uzten dituzte mota honetako kirolak, nahiago dutelako beste kirol ekintza batzuetan parte hartu. Horiek konpromiso handirik eskatzen ez duten jarduerak dira normalean; gimnasio pribatuek, kiroldegiek eta udalek eskaintzen dituztenak, hain zuzen ere. Egia aitortu beharra badago, Amaiak ez du etorkizuna oso argi ikusten arlo honetan. Hala ere, argi dauka ekinak zerbait dakarrela beti, eta bere lana bidean hazi bat besterik ez dela. Ernatuko den hazia, ziur asko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).