Taberna Ibiltaria: “Gauza txarra dogu: ez dakigu

Aikor aldizkaria 2009ko mar. 24a, 10:26
Argazkiak: Taberna Ibiltaria eta Lagatzu
Euskal Herriko tabernarik internazionalena da, Bizkaian, Araban, Gipuzkoan, Nafarroan eta Iparraldean ez eze, Irlandan be ezagutzen dabelako. Alfonso Atela (Sondika), Martin Urrejola (Zamudio), Sabin Ugarte (Sondika), Isuzko Eizagirre (Larrabetzu) eta Pedro Bilbao (Loiu) Taberna Ibiltariaren Txorierriko partaideak dira, eta eurakaz tabernarik taberna ibili gara kantetan. Zelan sortu zan Taberna Ibiltaria? Behar kontuak dirala-ta. Gutariko batzuen lankide batek arazotxo bat euki eban eta konpondu zanean... zelan ospatu genduan? Ba, Euskal Herrian egiten dogun bezala, bazkari bategaz. Bazkaria Bilboko Alde Zaharreko txoko baten egin genduan, eta bazkalondoan gitarrea atara eta abestuten hasi ginan. Txokoa txiki lotu jakun ordu gitxitan, eta poteoa egitea pentsatu genduan. Tabernaz taberna ibili ginan abestuten, gitarra eta guzti. Tabernetan topaten genduan jentea be animatu, eta hurrengo tabernara lagunduten euskuen. Oso gustura izan ginan eta halangoak gehiagotan egin behar genduzala pentsatu genduan, hilabete birik behin-edo. Proiektua parranda baten hasi zan itxurea hartuten, beraz. Bazkari honeetara lagunen lagunak be hasi ziran etorten eta akabuan 18 pertsona lotu gara taldean: Txorierrikoak, Bilbokoak, Armintzakoak, Bakiokoak eta Elorriokoak. Guztioi gustetan jaku abestutea eta euskaltzaleak gara. Beno, euskal abestiak kantatuten doguz gehienbat, baina “bero” gagozanean erdaraz be abestuten dogu bateren bat: Fitoren Soldadito marinero... eta iraultzaileak be bai: Che Guevara, adibidez. Musikari profesional bakarra Isusko da, baina musika-tresnak ondo baino hobeto joten dabezan kideak be badoguz: gitarrea, perkusioa, soinua, txirula, trikitixa... Eta nondik dator izena? Oskorriren Pub Ibiltariagaz nahastu leiteke... Ez da guk asmatutakoa; imini egin deuskue. Mungiatik ibili ginan behin eta horren barri emon eben bertako aldizkarian. Artikulutxoan Taberna Ibiltaria esan euskuen eta gustatu egin jakun. Azken baten oso ondo islatzen dau gure helburua: euskal kantuak tabernaz taberna abestu eta jentea anima daitela gugaz abestutera. Hau da, Euskal Herrian izan dogun tabernaz taberna kantatuteko ohiturea berpiztutea... Dana dala, pubaren kategoria ez dogu, e! (kar, kar). Berez sortutako ekimena bada be, eta dozuen arrakastea ikusita, proiektuaren ardatzak ezarrita izango dozuez, ezta? Bai zera! Asko gara eta bakotxak bere kontuak ditu: beharra, familia... Ondorioz, ezin deutsagu denbora haundirik eskaini honi. Gaur egun herrietatik deitzen deuskue hara abestutera joateko, baina hasiera baten guretzat bakarrik egiten genduan. Geuk erabagiten dogu nora joan, eta gure inguruan batuten dan publikoaren artean abestien letrak banatuten doguz, eurek be kantatuteko. Entsegurik? Ez dogu inoiz egin. Kalean edo tabernetan eskainiko duguna bazkalostean zehazten dogu apur bat, eta kito. Zelango harrerea izan dau proiektuak jentearen aldetik? Pozarren hartuten dabe eta abestera animatuten dira. Baina guri bardin deusku herri baten 10 pertsona lotuteak, eta beste baten 4.000 lagun. Guk ondo pasatuteko egiten dogu, besterik ez; batuten dan lagun-kopuruari erreparatu barik. Tabernaz aparte, beste eszenatokiak be euki ditu Taberna Ibiltariak: plazak eta Bilboko Kafe Antzokia, esate baterako. Zeinetan zagoze erosoen? Gure jatorrizko lekua jente-artean dago eta ez gagoz erosoegi eszenatokiaren ganean. Alde batetik, konturatu garaleko eszenatoki baten egonda jentea guri entzuten paraten dala, eta ez dauala parte hartuten saioan. Eta, jakina, Benitoren abestiak Benitok abestuten ditu inork baino hobeto! Gure helburua ez da jenteak guri abestuten entzutea, gugaz abestutea baino. Eta bestetik, bildurra emoten daualako mikrofono aurrean iminteak. Tabernan edo kalean ez dozu mikrofonorik behar eta jentearengandik hurbil gagoz; eta jentea, gugandik. Handiegi bihurtu da lagunarteko proiektua zana? Gitxi arte ez dogu dirurik kobratu gure saioen truke. Baina joan dan urtean akordau ginan Boisera joan behar ginala nahitaez, bertako Euskal Jaian parte hartutera. Dirua behar dogu bidaia ordainduteko, eta horregaitik hasi gara dirua kobaratuten emonaldietan. Tarifea ekitaldi motaren arabera ezarri dogu... Eta ganera, beste konpromiso bat dogu orain: Valentziara joan behar gara Athleticagaz! (kar,kar). Proiektua handiegi bihurtu dan? Beno, mugak geuk iminten doguz eta ailegatu ezin garenari ezetz esaten deutsagu... Egia esan, leku guztietara ailegatuten saiatuten gara beti! (kar,kar). Gizonezkoak zarie guztiak... Bai, baina ez deutsagu inori ezetz esaten. Saioetara familia osoa etorten da: emaztea, seme-alabak... Dublinera, adibidez, 48 lagun joan ginan. Zaharrenak 60 urte ebazan; eta gazteenak, 6. Zertara joan zan Taberna Ibiltaria Irlandara? Akordau jakulako. Kultura musikal haundia dabe han eta bertara joatea okurritu jakon gutariko bati. Beste guztiok baietz esan geuntsan. Billete merke bat erosi eta 2007. urteko urriaren zubian Dublinera abiatu ginan. Mundiala izan zan! Baina arazotxoa dogu orain: irlandarrak ganean dogoz, ea noiz itzuliko garan! (kar, kar). “Flipatuko” eben... Ostatua hirigunetik urrun egoan hotel baten hartu genduan. Hirigunerako autobusa hartu eta, kaletik be ez dakigunez abestu barik ibilten, parrandea autobusean bertan hasi behar izan genduan. Txundituta egoala, bulego nagusira deitu zuen gidariak, gertatzen ari zanaren barri emoteko. Autobusetik jaitsi eta Philip Lynott abeslariaren estatuaren onduan imini ginan kantaten. Jentetza haundia lotu zan gure inguruan. Publikoaren artean pub bateko bat egoan eta bere lokalera joateko proposamena egin euskun. Hurrengo egunean hara joan ginan. Baina bidea ez genduan alkarregaz egin eta partaide batzuk Euskal Herriaren aldeko manifestazino bategaz egin eben topo. Logikoa danez, manifestazinoan parte hartu behar... Tabernara manifestazinoa antolatu ebenakaz ailegatu ziran eta aho bete hortz itxi genduzan. Ganera, horreetako baten ama Algortakoa zan, eta bera liluratuta ebilen. Bueltatutea gura dabe, eta bueltatuko gara. Baina hobeto antolatu gura dogu. Euskal ia geografia osotik ibili zarie kantetan, eta euskal ia geografia osotik deitu deutsuee. Iaz Baigorrira joan ginan Nafarroaren Egunera, Zamudioko talde batzukaz. Bertan badago talde bat, Baionan Kantuz, eta eurakaz ibili ginan kantetan... zoragarria! Kontua halan izan zan: herri bazkarian gengozala, mahikoen artean Bizkaiko talde abeslaria egoala aitatu eban batek, eta eszenatokira igoteko. Guk kondizinoa imini genduan: gugaz abestu behar ebela. Eta eskandalua izan zen, 2.000 lagun batu ginalako kantaten. Eszenatokitik bajatu ezinik! Aurten Baigorrira itzuli beharko! Non hartu zaitue ondoen? Ez dogu ezbardintasunik sumatu herri bateko edo besteko publikoaren artean. Herri guztietan galdera bi egiten deuskuez: Nondik agertu zarie? Eta, noiz zatoze osterabe? (kar, kar). Zelango errepertorioa dozue? Danetarikoa. Ohiko abestiak (Txalaparta, Mundurat...) zein modernoak (Fitorenak, Ken Zazpirenak...). Behar pedagogikoa be egiten dogu, kantuen nondik norakoak azalduten deutseguz-eta publikoari. Eta orduak be eragin handia dau gure errepertorioan... Izan be, gauza txar bat dogu: ez dakigula amaituten! (kar, kar). Inoz 12 ordu emon doguz abestuten... Badakizue, gustura zagozenean, ez zara kantsaten. Zein adinetakoak zarie taldekideok? Gazteren bat baduogu be, gehienok 40 urtetik gorakoak gara. Errepertorio ezbardina topatu behar da eurentzat. Orozkon, adibidez, gazte asko bildu genduan eta pozik ibili ziran gugaz. Anekdota asko eukiko dozuez... Bai! Oinezkoentzako kale baten imini ginan kantetan Gernikan behin, eta auzokide batek udaltzainei deitu eutsen. Udaltzainek diru eske gengozala pentsatuko eben, beharbada, eta ailegatu ziranean harrituta lotu ziran: 200 lagun inguru gengozan han abestuten! Gu bertatik botatzera etorri ziran zurrumurrua zabaldu eta garrasika hasi zan jentea: “Honeek ez dabe hemen ezer agintan! Doazela kanpora!”. Egundoko iskanbila sortu zan; eta udaltzainak eskapau egin behar! (kar, kar). Posible ikusten dozue urteetan desagertuta egon dan ohiturea berreskuratutea? Bai, herrietan gero eta talde gehiago dagoz tabernaz taberna abestuten ibilten diranak: Gernikan, Erandion, Santutxun, Iruñean, Donostian, Biarritzen... Guk harremana dogu guztiakaz. Birusa izatea gustatuko litzakigu eta gure moduko talde gehiago atara daitela! Beste alde batetik, Musikeak oso ezaugarri berezia dau: ondo pasateko balio izateaz ganera, helarazi egiten dau. Abestiek badabez esangura eta sentimenduak; eta sasoi konkretu batekoak dira. Abesti bat entzuten dogunean abestia bera ez eze, egoera bat eta sentimendu batzuk be etorten jakuz burura. Are gehiago, kantu batzuk ez dabe esangura galdu oraindino... Minutu batzuetan urte pilo bat kenduten doguz ganetik; gaztetu egiten gara. Eta aukeratu behar izatekotan, zein abesti aukeratuko zeunkie lehen aitatuko errepertoriotik? Aukeratu doguz! Dirulaguntzak eskatuteko asmoa dogu Idahora joateko, eta maketa bat grabatu dogu. Kantuak guztion artean aukeratu doguz: Eperra, Xalbadorren heriotza, Baratze bat eta Azken agurraren negarra. Mungiako musika eskolan estudioa inprobisatu eta maketea bertan grabatu dogu. Emoitza polita lortu dogu. Estudioan sartuta, diskoa grabatuten, ikusten dozue zuen burua? Baleiteke! Oso gustura ibili gara maketea grabatuten eta esperientzia ona izan da. Halanda be, freskotasun apur bat galduten da estudioan... Guri gustetan jakuna kalean kantatutea da, jentearengandik hur egotea eta gugaz abestu dagiela. Eta horretan, hain zuzen be, datza gure arrakastea. Martia, esaterako, saioz beteta euki dugu: Athleticen lagunarteen batzarra, Korrika... Euskararen aldeko ekitaldi guztietan hartuten dogu parte. Izan be, euskeraz kantetan be egiten da euskerea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).