Arbildua Lauroetako jai-batzordea: “Auzoetako jaiak bertakoentzat egiten dira, eta auzotarrek parte hartuz”

Aikor aldizkaria 2009ko api. 23a, 14:47
Derioko San Isidro jaiek hasierea emongo deutsie jai-egutegiari Txorierrin. Maiatzetik aurrera, eta ia atseden barik, ekitaldi sorta zabala izango dogu bailarako herri eta auzoetan. Ekitaldi bakotxaren atzean behar itzela dago, eta hainbat ordu sartu behar izan dira. Baina zer gertatzen da auzoko jaiak antolatu behar diranean? Nekane Agirre, Andoni Lekunberri eta Juantxu Bilbao Arbildua Lauroetako jai-batzordeko kideek gakoak azaldu deuskuez. Zenbat urte daroazuez auzoko jaiak antolatzen? Hogeita hamahiru. Batzarretan 15 lagun inguru batzen gara, baina gero, jaietan, beste 10 batek laguntzen deusku era baten edo bestean: txosna ipintzen eta abar... Guztiok 40 urtetik gorakoak gara; gazte-gazterik ez dago. Hainbat urteren ostean, zaila da guztien gustuko jai-egitaraua asmatzea? Erraza ez da, baina hasikera-hasikeratik formula batzuk errepikatu egin doguz (bertsolariak, artzain-txakurren erakustaldia, idi-probak...), eta horreek oso arrakastatsuak izaten dira; jentearen gustukoak. Errazagoa da, ondorioz. Halanda be, ekitaldi barriak be antolatu dozuez azken urteotan: umeei zuzendutako ekintzak, zinea, magoa, bazkaria, mendi ibilaldia... Auzora jente gaztea etorri da bizi izatera seme-alabakaz, eta logikoa danez, umeentzako ekitaldiak eskatzen dabez. Ideiak beste herrietako jai-egitarauetatik edo beste leku batzuetan ikusi doguzan ikuskizunetatik be ateratzen doguz. Auzotarrak pozik dozuez, beraz. Bai! Dogun arazoa gurera oso gazte gitxi etortzen dala da. Gure kasuan, ez dau merezi oso musika talde haundia ekartzea, dirua botatzea da-eta. Ganera, diru-laguntza txikiagoa izango dogu aurten... Izan be, krisia jaietara be ailegatu ei da. Penaz eta dolorez ekitaldiren bat kendu beharko dogu aurten; artzain txakurren erakustaldia, beharbada. Baina denpora hobeak etorriko dira, eta barriro antolatuko dogu. Noiz hasten zarie egitaraua prestatzen? Asegurua Loiuko eta Larrondoko jai-batzordeakaz batera ateratzen dogu eta hori dala-eta, behin-behineko egitaraua egiten da apirilean. Jaiak irailean ospatzen doguz eta antolatze beharretan uztailean sartzen gara buru-belarri. Urtero gauza berdintsuak egiten diranez, gitxi gorabehera badakigu nondik jo, eta ez dau hainbeste beharrik emoten. Buruhauste haundiena emoten dauana txosnea da, erosketak egin behar diralako, jentea egon behar dalako bertan... Ekitaldiren bat lotu da inoz antolatu barik? Ez, hasikera-hasikeratik dakigu zenbat diru dogun eta presupuesto horretara moldatzen gara. Laguntzea gazteen partetik beharko geunke. Antxina jubilatuko ginan, baina erreleborik ez datorrenez, hemen jarraitzen dogu. Jaiak beharrezkoak dira eta norbaitek antolatu behar ditu. Azken baten, hiru egun baino ez dira eta, egia esan, primeran pasatzen dogu egitaraua prestatzen. Batzarrak txoko baten egiten doguz beti: jatekoa ekartzen dala, edatekoa... (kar, kar). Eta erakunde eta enpresen partetik? Udaletik laguntzea jasotzen dogu, baina gure inguruan ez dago enpresa askorik eta ez goaz leku batetik bestera diru eske. Dana dala, badoguz ezagunak enpresa batzuetan eta sariak-eta euren bitartez lortzen doguz. Okinak eta tabernakoek be emoten deuskue laguntzea. Zein da auzoko jaietako alderik onena? Auzotarrok eta kanpora bizi izatera joan diranak alkartzen garela. Hori motibo polita da jaiak antolatzen jarraitzeko. Herritik be etortzen da jentea eta guztiok ezagutzen dogu alkar. Era berean, bertoko ohiturak mantentzen laguntzen da. Ezberdintasun handiak nabarituko dozuez herriko jaiakaz alderatuta... Beno, lehenengo eta behin, dirua, jakina. Baina, gure ustez, herrietako jaiak askoz ofizialagoak dira orokorrean. Auzoetako jaiak bertakoentzat egiten dira, eta auzotarrek parte hartuz. Hau da, harria ekarri behar dala idi-probetarako, ba geuk ekartzen dogu; landa-eta atondu behar dala, ba geuk egiten dogu... Lehen beste lagun etortzen dira jaietara? Gero eta interes gitxiago dago jaietarako, baina, halanda be, egin behar dira. Orain dala 25 urte 200 lagun lotzen ginan plazan bertsolariei entzuten; gaur egun, berriz, 60. Lehen herriko zein alboko herrietako jente asko etortzen zan bertsolariak entzun edo idi-probak ikustera, besteak beste. Jente heldua zan. Gaur egun bikote gazteak datoz umeakaz, domeka pasatzera. Auzoetako jaiak ez dagoz sasoi onean, ez Txorierrin ez inon be ez. Beste alde batetik, hainbat faktore hartu behar dira kontuan gure kasuan. Izan be, berton txosna bakarra dogu eta inguruan ez dago tabernarik. Zer egingo dute gazteek hemen? Horrezaz ganera, eguraldiaren menpe gagoz: oso eguraldi txarra egiten badau, ez dago non egon; eta eguraldi ona egin arren, hotza dago gaban. Jai-batzordean hainbeste urte emoteko, zein da saria? Alkarregaz egon eta gauzak alkarregaz prestatze hutsagaitik merezi dau. Hau norbaitek egin behar dauan beharra da eta gustura sentitzen zara, zeuk egiten dozunean. Orduak sartu behar dirala, eta denporea galdu? Ba, beste edozein ekintzatan bezala. Hori gitxienekoa da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).