Jon Zabal, magoa: “Magia mitoa da”

Aikor aldizkaria 2009ko api. 24a, 09:20

Saio batzuk egin ditu telebistan, baina Jon Zabal magoak nahiago du antzerkia. Portugaleteko mentalista Sondikan ikusteko aukera izan dugu, eta bere truku psikologikoez gozatu genuen. Elkarrizketan ez zen jokorik egon, baina gozamena bai izan zen. Zelan Sondikan? Estreinaldia egin nuen. Ikuskizun bitxia izan zen, edo jendeak hala pentsatzea nahiko nuke. Nire ikuskizuna ez da betiko magoek egiten dutena, hau da, nik ez dut emakumerik erditik mozten. Nire jarduera psikologikoagoa da. Ni jendeak buruan duena asmatzen saiatzen naiz. Gainera, euren portaera zuzentzen dut mezu subliminalen bidez. “Ikusi duzuen guztia zure imajinazioak sortutakoa da”, dio Anthony Blake mentalistak. Zure ikuskizuna antzekoa dela esango zenuke? Ez da gauza bera, baina bai, neurri batean antzekoa da. Zelan hasi zinen magia munduan? Txikitatik naiz magoa. Egia esan ez dakit noiz erabaki nuen magoa izan nahi nuela. Hala ere, magia kartekin eta mentalismoa landuko nituela gogoratu egiten dut. Horrek esan nahi du magiaren beste alderdiak ez zaizkidala gehiegi interesatzen. Eta zergatik aukeratu zenituen bi jarduera horiek? Kartekin ibiltzea polita da, baina ezin da antzerkietan egin; oso esparru txikietan baizik. Mentalismoa, ordea, areto handietan antzeztu leiteke: gauzak ez dira leku batetik bestera mugitzen eta, ondorioz, edozein lekutatik dago ikusgai magoaren jarduera. Gaur egun ilusionismo psikologikoa esaten zaio. Nire ustez nahiko pedantea da, baina oso aproposa ere iruditzen zait. Izan ere, ilusionismoa hartzen du oinarritzat, baina psikologiaren bidez jartzen da praktikan. Ikuskizunaren muina ez da betiko magoaren eskuen trebetasuna. Boteretsua izango zara... Ez, ez, batere ez. Truku psikologikoak erabiltzen ditut, baina magia da, hau da, ikusten dena ez da benetakoa. Betiko trukuak eta truku psikologikoak uztartu egiten ditut, eta nire ikuskizuna da emaitza. Baina ez da batere maltzurra. Idoloren bat duzu? Ez zait idolorik izatea gustatzen. Mago asko ditut gustuko, ez pentsa, baina euren lanak gehiegi ikustea ez dut gustuko, azkenean eta, nahi gabe, kopiatu egiten baititut. Psikologia ikasi duzu. Lagungarria izan da zuretzat? Nik karrera ikasi nuen, baina ez dut inoiz psikologo lan egin. Psikologia erabilgarria da nire lanean, baina zientziatzat hartuta, txantxa da. Magotzat hartzen duzu zeure burua, baina aktore, aurkezle telebistan edo zuzendari ere ibili zara... Bai, denetarik egin dut, baina ez naiz aktorea. Zinea izugarri gustatzen zait, baina lan handia dakar, eta ni alfer hutsa naiz! Garai batean zinea eta guzti ikasi nuen, eta zuzentze-lanak atsegin ditut. Baina ez dut karrera hasi nahi; beraz, noizean behin film laburren bat zuzentzen dut. Antzerkia ere ikasi dut, baina nire lanerako lagungarria delako, besterik ez. Telebistan, zinean, antzerkian... Non sentitzen zara erosoen? Nire trukuak telebistan zein antzerkian egitea gauza bera da, baina antzerkia nahiago dut. Telebistan mago asko agertzen dira, baina orain telebistan egiten denak ospea kentzen dio magiari. Izan ere, trukuak artifizialak dira, magoak berak egin beharrean irudiek edo kamerek sortutakoak baitira. Askori gustatuko zaizkie, agian, baina nik ez dut uste etikoak direnik. Gezurra da, eta magoak horrelakoak eginez gero, zergatik ez jarri aktore ederren bat magoaren ordez? Azken bolada honetan magia modan omen dago: telebistan agertzen dira, pelikulak egin dira... Bai, eta laster “The Amazing Kreskin” mentalista amerikarraren inguruko filma aurkeztuko dute. Kreskin hori itzela da! Magia mitoa da, eta filmak-eta atsegin ditut, magiaren mitoa handitzen dutelako. Barietateetako artistak gara magoak, baina apur bat bereziak gara, “mirariak” egiten ditugulako. Eta mirariak egiteko mitikoak izan behar gara. Etorkizunari begira, zer egingo duzu? Sondikan aurkeztu dut ikuskizuna lehenengo aldiz, eta datozen bi urteotan leku guztietara eramatea dut helburu. Lehenengo saioak gogorrenak dira publikoak ikuskizuna ezagutzen ez duelako. Maiatzean, esaterako, Leioako azokara joango gara. Artista anitza Zinea: –Conectando, Hola mundo cruel, La morena, Locos por el sexo. Telebista: –Capital (Telemadrid), El viernes más humor edo Más humor (ETB)... Antzerkia: –El cero transparente, El largo adiós, La estanquera de Vallecas, Las payasadas del Arcipreste, Usted.