Testua: Lurdes Lasuen, Txorierriko Udal Euskaltegiko zuzendaria
Badira urte batzuk gaur egun Txorierriko Udal Euskaltegia dena euskara klaseak ematen hasi zela; 1988/1989ko ikasturtean hasita hain zuzen ere. Hasierako urteetan Derio, Sondika eta Zamudioko udalek babestutako euskaltegia zen, baina urteak pasatu ahala Txorierriko Udal Euskaltegia izateraino heldu da.
Lehengo urteetako ikasleen eskari nagusia oinarrizko euskara bazen ere, gaur egun erdi eta goi mailako euskara da. Izan ere, hezkuntzan euskara normalizatzen ari da. Zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta normalagotzat hartzen da euskara, eta poliki-poliki norberaren kulturaren zati sentitzen da. Hala ere, hizkuntza bat ez da gramatikara mugatzen, trebetasunak ere hor daude: mintzamena, idazmena, irakurmena eta entzumena. Guzti horiez gain, ohiturak eta sineskerak, euskalkiak... ezagutzea ere oso aberasgarria da.
Euskaltegiaren helburu nagusia betidanik euskara irakastea izan arren, erabilera ere erronka nagusienetakoa da. Euskaldunak kalera atera behar du euskara; beldurrak uxatu eta euskara erabiltzea da kontua. Ikasturte honetan enpresen eskariak ere igo egin du; jendea buru belarri prestatzen ari da. Euskaldun asko dago, baita euskara erabiltzeko aukerak ere; zenbait ohitura aldatzea izango litzateke gauza.