Garazi Rodriguez, bideo-muntatzailea: “Zine-zuze

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 15a, 15:39

Garazik Kabia laburmetraia aurkeztu dau Derion, Topaguneak eta Tximintx euskara taldeak antolatutako laburmetraien emanaldiaren barruan. Non eta herrian. Hogeita lau urteko derioztarrak produkzio-etxe txikia sortu barri dau, beste kide batzukaz. Zertan datza Kabia (2007)? Bakardadean. Pertsonak perfekzioaren bila dabilz, baina horrek euren bakardadea handiagotu baino ez dau egiten; perfekziorik ez dagoalako. Protagonistak gizon-haziak erosi eta landatu egiten ditu, gizon perfektuaren bila dabilelako. Baina gauzak ez dira berak gura bezala ataratzen eta hil egiten ditu akabuean; beste barri bat landatzeko. Gero eta bakardade handiagoan dago. Zelango harrera izan dau? Kabia Derion ez eze Euskal Herriko beste areto batzuetan be emon da, eta publikoari gustatu jako orokorrean. Ikusleak istorioa ez ulertzearen bildur ginan, baina gehienek ulertu dabe; oso harrera ona euki dau. Egin dozun lehenengo laburmetraia izan da? Laburmetrai hori karrerako laugarren mailan egin dot, beste ikaskide batzukaz eta akabuko proiektu moduan. Aurretik beste behar batzuk izan dira: laburmetraiak, saio pilotu bat telebistarako, mikrodokumental bat... Karrera barruan egin dodaz; ikus-entzunezkoak ikasi dodaz. Film baten filmatzerako badago dirua; baliabideak askoz eskasagoak ohi dira laburmetraien kasuan. Noski. Istorioa landu ostean, kokapenak bilatu behar dira, atrezzoa lortu, castinga egin... Eta dirurik ez dagonez, irudimenaz baliatu behar zara: han eta hemen galdetu, behar dituzun gauzak etxetik eraman... edo dirua zure poltsikotik imini. Behar neketsua da eta denbora eskatzen dau. Zer da erakartzen zaituena ikus-entzunezko mundutik? Karrera hasi nebanean, argi neban zinean arituko nintzala: gidoilaria izango nintzan, edo zuzendaria... Baina mundu honetan sakontzen dozunean, atal eta gauza asko dagoala konturatzen zara: muntaia, grabaketa... eta guzti-guztiak dirala oso erakargarriak. Oso mundu erakargarria eta dibertigarria da, nire ustez. Film luzerik zuzentzea gustatuko litxakizu? Gustatu gustatuko litxakit, baina presio handiko beharra da. Zuzendariak oso zorrotza izan behar dau eta ideiak oso argi euki behar ditu, eta ni kamara maneiatzen edo edizioa egiten hobeto moldatuko nintzala uste dut. Zaila da ikus-entzunezko mundura sartzea? Karrera egiten zabiltzan bitartean beharra topatzea zaila dala entzuten dozu, baina, egia esan, ikaskide gehienek beharra topatu dabe. Aukera handiak dituan mundua da, telebistaz aparte, internetek bide barriak ekarri baititu. Gakoa mugitzean dago: beharra topatzeko, mugitu behar dozu. Zertan ibili zara karrera bukatu zenduanetik? Saltsa askotan ibili naz: praktikak egin nebazan telebistako produkzio-etxe baten; Unibertsitateko bideotekan egin neban behar; kurtso bat egin neban New York Film akademiagaz; Lostinbilbao proiektua jarri neban martxan beste lagunakaz batera; eta Hamaika Telebistan izan naz. Lostinbilbao proiektua kulturaren ganeko webgunea da eta horri esker, produkzio-etxe txiki bat sortzeko aukerea izan dogu. Produkzio-etxean nabil buru-belarri gaur egun. Zein da zuen beharra? Saio pare bat hasi gara ekoizten ETB3rako; eta horreetako bat emoten dabilz dagoaneko: Nickdutnik. Saioa interneten ganekoa da eta bertan, Euskal Herrian garatzen dabilzan proiektuak aurkezten doguz. Nik audioa dot ardura; hau da, adi egon behar naz, grabazioan soinuren bat-edo sartu dan. Eta kameralaria ez dagoanean, grabatu be egiten dot. Ondoren, bideoa muntatzen dana ni naz; telebistatik ikusten dana nire beharraren emoitza da. Aukerarik dozue merkatuan, zure ustez? Hasi barriak gara eta nahikoa dogu, ETB3rako behar egite hutsagaz. Beste telebista-kanaletarako behar egitea gustatuko litxakigu, noski, baina goiz da oraindiño. Eskarmentu handiagoa dogunean, baleiteke. Halanda be, jatorkuzan aukera guztiak aprobetxatuko doguz. Zein da onena zure beharretik? Jentetza handia ezagutzen nabilela, proiektu ezberdinetan eta oso interesgarrietan murgilduta dagoana. Hasi barriak garanez, ordu asko sartu behar doguz beharrean. Baina horrelakoa da bizitza; emoitza onak izan gura badira, gogor egin behar da behar. Noraino ailegatzea gustatuko litxaziku? Zineman behar egitea gustatuko litxakit; zuzendariagaz soinez soin behar egitea muntatze beharretan. Edo pelikulak aztertzea: zelan egin diran, zelango ezaugarriak dabezan, zein da zuzendariak zabaldu nahi dauan mezua... Eta amets egiten gabilzanez, zein zuzendariagaz? Clint Eastwood beti gustatu jatan aktore eta zuzendaria da. Aktorea zanean, pertsonaia gogorren papera egin daualako; baina, aldi berean, bihotz onekoak. Eta zuzendari berezitzat dot: errepublikanoa izan arren, filmetan kritika zorrotzak egiten baiteutsez Estatu Batuetako errepublikanoei; eta ondorioz, bere buruari be bai. Proiekturik esku artean? Gaur egun dogun proiektu bakarra Nickdutnik saioa da. Unibertsitateko jenteagaz batera inoiz beste film labur bat egitea pentsatu dogu; baina badakizue, bakoitxak bere bizitza eta istorioak ditu.