Larrabetzu euskara hutsezko literaturaren erakusto

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 26a, 10:27

Elkarrizketak: Gotzon Barandiaran

Ekainaren 5etik 7ra bitartean, Literaturia azoka egingo da. Azoka horretan, bederatzi argitaletxek hartuko dute parte, eta 17 idazlek aurkeztuko dute euren liburua. Herritarrak azken ukituak ematen dabiltza, Literaturia herrira ekartzeko. Euskara hutsezko literatura azoka hori aurtengo jarduera garrantzitsuenetako bat izango da Txorierrin. Larrabetzu erakustoki erraldoia bilakatuko da eta euskal literaturaren inguruan dabilen mugimendua eta azken lanak ezagutu ahalko dira bertan. Helburu nagusia da euskarazko literatura jendearengana hurreratzea eta literaturaren alde ludikoa agerian jartzea. Izan ere, liburuetan idazten dena baino zerbait gehiago da literatura: musikan, antzerkian, poesian, interneten... ere badago literatura. Larrabetzuko Literatura Eskolaren baitan sortu zen Literaturiaren proiektua. Eskola hori orain bost urte jarri zuten abian, eta ibilbide labur honetan arrakasta handia lortu du Euskal Herri osoan. Baina harago joatea erabaki dute antolatzaileek, eta Larrabetzu euskal literaturazaleen topagunea izatea dute helburu. Horretarako, ekainaren lehenengo asteburuan literatura azoka bihurtuko dute herria. Liburuak ez ezik, kontzertuak, antzezlanak, mahai inguruak eta solasaldiak ere izango dira nagusi asteburu horretan. Antolatze lanetan ez dira bakarrik ibili; beste hauek ere hartu dute parte: Arrekikili euskara elkartea, Txinpasmendi guraso elkartea, Hori Bai gaztetxea eta Larrabetzuko Udala. Egitarau zabala eta oparoa izan da emaitza. Larrabetzun hiru gune nagusi atonduko dira literatura azoka hartzeko: Anguleri kultura etxea, Hori Bai gaztetxea eta eskola (azokagunea). Eszenatoki horietan hainbat ekitaldi egingo dira asteburu osoan: hitzaldiak, poesia errezitaldiak eta blogei buruzko berriketaldiak, esate baterako. Gune berezia, gaztetxoentzat Euskal argitaletxerik garrantzitsuenak etorriko dira azokara: Alberdania, Elkar, Erein, Igela, Maiatz, Susa, Pamiela, Txalaparta eta Utriusque Vasconiae. Beste alde batetik, 17 idazlek aurkeztuko dute euren azken lana: Koldo Izagirre, Garbiñe Ubeda, Asier Serrano, Uxue Alberdi, Irati Jimenez, Juanra Madariaga, Beñat Sarasola, Markos Zapiain, Xabier Soubelet, Auxtin Zamora, Mikel Peruarena, Xabier Mendiguren Elizegi, Edorta Jimenez, Josu Penades, Xabier Etxeberria, Martin Etxeberria eta Alberto Barandiaran. Aipatu beharra dago beste hainbat idazlek, editorek eta adituk ere hartuko dutela parte ekitaldietan: Katixa Agirre eta Julen Gabiria idazleak, Olatz Osa editorea eta Iratxe Retolaza kritikaria, besteak beste. Gaztetxoentzat gune berezi bat atonduko da Anguleri kultura etxearen aurrean, eta han haientzako ekintzak izango dira: ipuinak, irakurraldiak eta errezitaldi musikatuak. Azoka ekainaren 5etik 7ra bitartean egongo da zabalik; goizeko 11etatik arrastiko 2:30a arte, eta arrastiko 4:30etik iluntzeko 8ak arte. Egitaraua Ekainaren 5a, barikua 20:00: Aurkezpen ekitaldia, Anguleri kultura etxearen aurrean. 21:00: Suzko Lilia, Hedoi Etxarteren errezitaldia, Hori Bai gaztetxean. 23:00: Pettiren Awañak diskoaren aurkezpena, Hori Bai gaztetxean. Ekainaren 6a, zapatua 10:00: “Euskarazko literaturaren sistema: idaztea, argitaratzea, kritikatzea” mahai ingurua, Anguleri kultura etxean. Parte-hartzaileak: Harkaitz Zubiri (moderatzailea), Fito Rodriguez (idazlea), Olatz Osa (editorea) eta Iratxe Retolaza (kritikaria). 12:00-14:30: Liburu aurkezpenak, azokagunean (eskola). 15:00: Bazkaria, azokagunean. 17:30: Blogak & letrak, azokagunean Emailuetatik Volgara post-literatura / Patxi Gaztelumendi Etxepare porno 2.0 (revisited) / Luistxo Fernandez Bloga, hutsetik irribarrera / Juan Luis Zabala Blogean zergatik idatzi / ez idatzi? / Julen Gabiria eta Beñat Sarasola Zizeron, Victor Hugo, Monterroso eta beste zenbait blogari / Gorka Bereziartua Beste habitat bat / Katixa Agirre Liburu elektronikoari buruzko kafe-tertulia / Josu Landa (armiarma.com) eta Egaroa liburudenda elektronikoa Argitalpen lizentziei buruzko eztabaida irekia Komuneko paperean idatzitako poemen errezitaldia / Bi anai 18:00: Ametsen museoan umeentzako antzezlana, Anguleri kultura etxean. Eidabe taldearen eskutik. 20:30: Mirande kabareta, Hori Bai gaztetxean. 23:00: Joseba Irazoki, Hori Bai gaztetxean. PoetTUBE poesia errezitaldia Bi hitz: beats_bits / dj Kaiku & dj Fufu Ekainaren 7a, domeka 11:00-14:30: Liburu aurkezpenak, azokagunean. 15:00: Talo-jana, plazan. 17:30: Bazkalosteko solasaldia, mahai ingurua idazleekin..., azokagunean 19:00: Mikelazulo taldearen Ate hautsiak poesia errezitaldia, Hori Bai gaztetxean 20:30: Hilario Mortimer antzezlana, Hori Bai gaztetxean. Kukubiltxo taldearen eskutik. Literaturiatxua, haurrentzako gunea (Anguleri kultura etxearen aurrean) Ekainaren 6a, zapatua 11:00: Gunea apaindu eta ongietorria eman kontalari datozen ume eta nagusiei. 12:00: Antzinakeriak umeentzako antzerkia. 16:30: Larrabetzuko jendeak ekarritako ipuinak, istorioak... Ekainaren 7a, domeka 11:00: Asmakizun-orienting jolasa. 12:00: Idazle/irakurle/ipuingileen ordua: irakurketak, berbaldia... 17:00: Errezitaldi musikatua, Txorierri Institutuko ikasleen eskutik. 18:00: Solasaldia, irakurle ezagunekin eta Larrabetzuko gazteekin. Protagonistak, “Literaturiaz” Larrabetzu euskal idazleen, editoreen, aktoreen, musikarien eta irakurleen bilgunea izango da ekainaren lehenengo asteburuan. Larrabetzuarrek, txorierritarrek eta Euskal Herri osotik etorritako lagunek literatura eta haren inguruko mundu zabala izango dituzte hizpide Literaturia azokan. Hemendik aurrera egutegian idatzi beharko dugun hitzordua, ziur asko. Gorka Arrese, SUSA argitaletxeko editorea “Durangoko Azoka ezin da erreferentzia bakarra izan gure letrentzat” Zein nobedade erakutsiko ditu Susa argitaletxeak Literaturia jardunaldietan? Nobela bat, saiakera bat eta poema liburu bi; denera lau liburu berri izango dira Literaturiara eramango ditugunak. Mikel Peruarenaren Ez obeditu inori (nobela), Garbiñe Ubedaren Mila ezker (saiakera), Beñat Sarasolaren Alea (poesia) eta Juanra Madariagaren Eroriaren logika (poesia). Zein garrantzia ematen dio Susak Literaturia bezalako ekimenei? Euskal literaturak behar du bere asteburu propioa. Uste dut Literatura Eskolako kideak ondo jabetu direla, Durangoko Azoka ezin dela erreferentzia bakarra izan gure letrentzat; areago, Durangoko Azoka ikaragarri hazi da (baita erdaraz ere), eta han idazlea eta literatura ito samar geratzen dira. Aire berri eta freskoa ekarriko du Literaturiak, dudarik gabe. Euskarazko idazleek zer argitaratzen duten ezagutzen dugu, gutxi gorabehera; zelangoa da editorearen lana? Idazleari laguntzea, ahalik eta testu literario onena argitara dezan. Editore bakoitzak bere estiloa eta estrategiak ditu. Eta aldi berean ez da ahaztu behar argitaletxe bakoitzak lan egiteko modu bat duela, denek dituztelako jatorri eta helburu ezberdinak... eta zer esanik ez, denak direlako diferenteak enpresa egituraz eta tamainaz, irizpide eta baliabide aldetik. Susa idazleek sortutako argitaletxea da, eta uste dut horrek bere izaera markatzen duela, bai kezken bai arduren aldetik. Susak helduentzako literatura soilik argitaratzen du, beti euskaraz; eta horrek ere markatzen gaitu. Esango nuke idazle gehienek horren kontzientzia badutela, eta pixkanaka baita irakurleek ere. Zer eskatuko zenioke Jaurlaritza berriari euskarazko liburugintzari dagokionez? Ez ditzala argitaletxe guztiak berdintzat jo. Dibertsitatea sustatzeko eta laguntzeko politikaz joka dezala. Komertzialki gutxienenak diren generoei babes berezia eman diezaiela. Ez dezala irizpide industrialik erabili subentzio moduak erabakitzeko orduan. Argitaletxe berriak sortu ahal izateko laguntza-bideak erraztu ditzala. Idazle-editorea ere aintzat har dezala beti. Ardura dadila liburutegi publikoetan ez dadin falta euskal literatura berriena. Eta euskarazko liburuak bere ISBN (edo matrikula) propioa izan dezan lehen urratsak eman ditzala. Uxue Alberdi, idazlea “Herri ekimenetik sorturiko asmo guztiak behar-beharrezkoak iruditzen zaizkit” Aulki jokoa liburua aurkeztera hurreratuko zara Literaturiara. Zeri buruzko eleberria da? Euskal Herriko herri arrantzale bateko hiruzpalau pertsonaiaren bizia kontatzen du bi garaitan. Protagonistek 80-95 urte dituzte gaur egun, eta egunero elkartzen dira Ixabelen gozotegian kafea hartzeko, nor bere aulkian. Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea: Teresa, Martiña eta Eulali haurrak ezagutuko ditugu; baita haiek berak gaztetan ere; eta zahartzaroan, azkenik. Umeen jolasa izateaz gain bizitzaren metafora da aulki-jokoa: aldiro gutako bat geldituko da aulkirik gabe, eta utzi egin beharko du joko-zelaia. Baina musika itzaltzen den artean dantzan jarraitzea baino ez zaigu geratzen, eta dantza horretan korapilatuko dira maitasuna, gerra, askatasuna, asaldatzea, duintasuna eta lore moreak. 2007an argitaratu zenuen Aulki bat elurretan, eta 2008an “Joseba Jaka” bekara aurkeztu zenuen Aulki jokoa. Bitartean hainbat hitzaldi eta bertso saiotan hartu zenuen parte. Noiz bururatu zitzaizun eleberri honetarako istorioa? Orain hiru urte hasi nintzen istorio honi bueltaka, Getariako aiton-amonei bisita egin genien batean. Kafetegian zeuden haien lagunekin; eta txoko batean, elkarren gainean pilatuta, zaharren makulu guztiak: hamaika makila. Makila bakoitzaren istorioa, eta istorio guztiak elkarrekin gozotegi batean. Hamaika makila haiek aulki-joko bihurtzea bizpahiru urtetako lana izan da. Literaturia egitasmoaren sustatzailea den Literatura Eskolako kidea izan zinen. Zein oroitzapen duzu? Oso onak. Literatura Eskola martxan jarri berritan izan nintzen bertako partaide, 19 urte nituela, oso gazte. Gogoratzen dut niretzat harrigarria zela hainbeste jende biltzea literaturaren inguruan; liluratu egiten ninduen nik intuizioz soilik ezagutzen nuen letren munduari buruz zenbat zekiten ikusteak… eta ikasteko gogoa piztu zidaten, gehiago jakiteko grina. Bertsotan hasi nintzenetik, tamalez, asteburuetan lanpetuegi edo nekatuegi egon ohi naiz larunbatetako eskoletara joateko, baina bejondeiela! Zein garrantzia dute euskarazko idazlearentzat Literaturia bezalako egitasmoek? Handia. Zirkuitu ofizialetatik kanpo oso gauza gutxi egiten dira kultura-esparru guztietan, eta herri ekimenetik sorturiko asmo guztiak behar-beharrezkoak iruditzen zaizkit. Gainera, ez da sanoa literatur sistema ia Durangoren inguruan soilik; ia argitaletxe baten inguruan soilik eta ia patroi bakarraren arabera soilik eraikitzea eta erreproduzitzea. Mugimendua beti da onerako. Galder Perez, aktore, zuzendari eta gidoigilea “Antzerkia literatur genero potoloa da” Korrika kulturalean estreinatu zenuten Mirande Kabareta aurkeztuko duzue ekainaren 6an Larrabetzun. Zer da Mirande Kabareta? Guk, Ane Zabalak eta biok, gorpuzten ditugun pertsonaientzat marroia da, kaka. Kar-kar! Ikusleentzat, ordea, plazerra izatea espero dut; guretzat den bezala, noski. Ikuskizuna, koktel berezia da, kabareta eta literatura nahasten ditu. Ametsa ere bada, Ibiñagabeitiak Miranderi gutun batean esan bezala, euskarazko kabareta sortu da-eta. Jon Mirande idazle maitatua bezain gorrotatua izan da eta da euskarazko literaturazaleen artean. Bai, eta horregatik hain interesgarria kabareterako; kabareta probokazioa da, Mirande bera probokazioa zen bezala. Ikuskizuna bere figuraren inguruan idatzi zuen Edorta Jimenezek. Parisen kokatzen da kabareta, Mirande bera gure artean dela, itzalean bada ere. Idazleak ikusleak zein musikariak eta antzezleak probokatu nahi ditu, baina bere kontra egingo dute antzezleek. Itzel erakargarria iruditzen zait Mirande bera pertsonaia bezala. Nik gorroto baino, asko maite dut bere probokazioa, ausardia eta ezkutuko umore iluntxo hori… Gilkitxaro taldearen hainbat obratako testuak idatzi dituzu. Antzerkia genero literarioa dela kontuan hartuta, zein egoeratan dakusazu gaur egun? Genero literario bezala uste dut nahiko ahaztuta dagoela edo daukagula, nolabait. Badirudi idazten diren antzerki testuak, gidoi hutsak direla, testu literarioak beharrean. (Zuek ere gidoigilea jarri duzue.) Tamalez, tendentzia dirudi; gero eta gidoi gehiago eta literatura gutxiago. Niretzat antzerkia literatur genero potoloa da, oso gustuko baitut irakurle zein sortzaile bezala. Batzuk diote irakurleari lan handia, handiegia, eskatzen omen diola, baina ez al da hori gauza ederra irakurlearentzat? Antzezlanak idazterakoan, ahozkoaren eta idatziaren oreka lortzea erraza egiten zaizu? Oreka zaila da idazteko, berba egiteko, bizitzeko… Horregatik, sinesgarritasunean sinesten dut gehiago. Ez dut uste idazteko soilik edo hitz egiteko soilik letrak existitzen direnik. Sinesteko, sentitzeko edota bizitzeko testuak idazten saiatzen naiz. Horregatik batzuetan kaosa oreka baino interesgarriagoa da, biziagoa eta bortitzagoa.