Geldoetako bidea, Bitoriano Bolunbururen koplak

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 26a, 10:44

Anekdotea, “Indalecio Prieto Geldoetan” izenburuagaz kontatzen dau Juan Luis Goikoetxeak Euskaldunaren Anekdotak II argitaratu barri dauan bere liburuan. Maisutasunez beste behin be, eta kasu honetan, ganera, anekdota historikoa eta “musikala” batu, afinatu eta atondu dau. (…) Zu, irakurle, Deriotik Geldora bazoaz –Geldo izatez Zamudioko auzotegia da– metalezko seinalea topauko dozu Geldos dinoana. Geldos hori ez da Geldos, da Geldo edo Geldoeta. Oker idatzita da¬go. Ba, bide hori Deriotik Geldoetara doana Indalecio Prieto sozialisteak egina da, Errepublikan behin baino sarriagotan ministro iza¬nak. Tira, egin egin Prietok…, ulertzen deustazu! Prieto Bilbon be bizi izan zan; diputadu be aukeratu eben: baita Bilboko “El Liberal” egunkariko buru be. Ba, Prieto ministro izan baino arteko sasoian, gordeta euki eben Geldoetan kartzelara eroan ez egien. Gorde eben lehenengo Txosnan, gero Deurika baserrian eta azkenik Bustamantenean. Geroagoetara, kaminoa egin eutsien geldoztarrei Prieto ezkutauta eukitearrik. (…) Handik honenbeste garrenean, Prieto ministro zala, Bustamante eta Patxo Gangoiti joan ziran Madrilera, eta lortu eben Deriotik Gel¬doetarako bidea egitea. Kaminoaren ganean –beste gai batzuk dirala-eta be badaukaz– Bi¬toriano Bolunburuk bertsoak atara zituan. Harrigarria da Derion, Zamudion, Lezaman, zenbat ordukok dakizan buruz famako kopla horreek: Atara behar dodaz bertso bat edo bi Geldoko karninoan eskarmentagarri. Hasi nazen ezkero esan baragarri publikatzera noa Euskal Herriari. Zamudion jaiota Zubietan hasi orain nago eginda Solondo erosi. Bertsoko kontuetan sarri ibillie Jaungoikoak emonta badekot grazie. Ezpada borreu eitten neure memorie esplikeu gure neuke paseu dan guztie. Hasi Derion eta Geldoetaraino, kaminoa marketa atxinerik dago. Hamasei etxe dagoz barriotxu batian kamiñorik ez dala legua bat bidian. Eskatu bihar zala akordau giñian bai eta lograu bere guztion artian. Guztiok batu eta trateu eintte dago Saratzeko trokatik Kamiñoa ekarteko. Saratzetik kamiñoa eiteko ekarri papelian kostata ein euskun imini. Injiñerue bere señor don Rikardo haraxe ekarriko deuela esan eintte dago. Saratzetik kamiñoa ez bada egiten ez etorri gugana kontuek egiten. Guztiok egon ginen papela egiten Rikardo euki gendun eskribidu eiten. Ederto arregleute joan ginen etxera denpora handi harik ein euen atzera. (----) Agur eta adios neure laguneri kontentu ederrían holantxe nago ni. (Liburu egilearen oharra: Alejandro eta Santi Etxebarriak abestu eta papeleratuko koplak dira. Danak ez ditugu ekarri hona. Berez, berrogeirainoko bilduma osotzen dabe. Eta Pospolinek dino: hurrengoan musika eta guzti ekarriko doguz, berezko doinu eder horregaz kantau eta zabaldu dagiguzan).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).