Miriam Ruiz Briz, moda diseinatzailea: Diseinuak â

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 15a, 11:01

Arropa edo osagarriren bat erosten dugun hurrengo aldian, begiratu egin beharko diogu etiketari, bertan “Miriam Ruiz Briz” sinadura ager bailiteke. Sondikako neskak lehen urratsak eman ditu BEC, Bilbo, Sevilla eta Madrilgo ibiltokietan, eta bere lanak dendetara laster eramateko asmoa du. Zergatik moda mundua? Egia esan, zalantza asko izan nituen karrera-edo aukeratu behar izan nuen garaian, eta informatika ikasten hasi nintzen. Baina artea izugarri gustatzen zait oso txikia nintzenetik. Sormen handiko neska naiz eta moda adierazpidetzat dut. Duela hiru urte Moda diseinua eta Estilismoa hasi nintzen ikasten, Bilbon. Zeren adierazpidea? Nire sentimenduen eta gogo-aldartearen adierazpidea. Pozik banago, biribil formako diseinuak egiten ditut, zuzenagoak ere bai, koloredunak... Eta momentu hotz batean banago, ilunak, kolore barik... Eta zertan oinarritzen zara arropa diseinatzeko orduan? Arropa norentzat izango den hartzen dut kontuan. Dena dela, desfileetarako diseinuak egiten nabil momentu honetan, eta horiek oso deigarriak izan behar dute; gogorrak, plastikoz egindakoak... Kalera ateratzeko “jantzi ezin” den arropa da. Beno, “ezin”, “ezin”... Gerta daiteke gona bat, adibidez, aproposa ez izatea kaletik ibiltzeko; baina goiko partea, berriz, bai. Arkitekturan, koadroetan, eskulturetan... ere oinarritzen naiz. Moda beste arte mota bat da. Formetatik, materialetatik... hartzen dut inspirazioa. Osagarriak ere diseinatzen dituzu, zelakoak? Gehienbat poltsak egiten ditut, burukoren bat... Eta arroparekin gertatzen den moduan, osagarri batzuk beste batzuk baino erabilgarriagoak dira. Alanbrea, egurra... erabiltzen dut burukoak egiteko. Kalera ateratzeko, ez dakit... baina ibiltokian ikusgarri gelditzen dira! Zaila da publikoa pozik izatea? Diseinuen ikusgarritasunak zerikusi handia du zure gogo-aldartearekin. Eta publikoari edo adituei dagokienez, ba, denetarik dago. Gustu kontua da hori. Diseinu bat ezin da soilik polita edo itsusia izateagatik baloratu; beste elementu batzuk ere hartu behar dira kontuan: landua bada, materialak... Hainbat ibiltokitan izan zara zu, zelan esperientzia? Oso aberasgarria, hitzez adierazi ezin dena. Backstage-an bizi dena izugarria da: mugimendu handia dago, beste leku batzuetako diseinatzaile eta modeloekin zabiltza... Eta zelako kritikak izan dituzu? Ezin naiz kexatu. Finalera ailegatu naiz parte hartu dudan desfile guztietan, eta kritika onak jaso ditut. Publikoaren artean senideak eta lagunak egon direlako, beharbada? (kar, kar). Zure arropa diseinatzen duzula kontatu digute... Beno, gauzaren bat egin dut; poltsak, esate baterako. Eta nire soinekoa diseinatu dut ezkontza baterako. Lagun bati ere egin nion soinekoa. Amarentzako diseinuak egiten nituen hasieran, baina ez dut uste gaur egun diseinatzen dudana jantziko duenik. Kamisetak ere margotu ditut nebarentzat. Arazorik izaten duzu materialak topatzeko? Berton, material gutxi dago: betiko oihal koadrodunak, loredunak... Duela gutxi Londresen izan naiz, eta han aniztasun handiagoa dute: plastikoz edo paperaz egindako oihalak..., diseinuei beste ukitu bat ematen dietenak. Etorkizunean, norentzat gustatuko litzaizuke diseinatzea? Gazteentzat, baina estilo ezberdin bat sortzea gustatuko litzaidake, bereziagoa. Izan ere, gazte gehienok berdin janzten dugu gaur egun. Nire firma izatea gustatuko litzaidake; eta ezin bada, diseinatzaileren batentzat lan egitea. Langilea bazara eta ahalegina egiten baduzu, lana topatzea ez da zaila. Madrilen eta Bartzelonan aukera gehiago daude, beharbada, baina pixkanaka-pixkanaka Bilbon ere zabaltzen ari dira. Zelan definituko zenuke zure estiloa? Zaila da azaltzen, elementu asko uztartzen baitut. Zurruna da, arkitektonikoa, XVI. mendeari keinua egiten diona, futurista ere badena. Zeintzuk dira zure diseinatzailerik kutunenak? Balenciaga eta Alexander McQueen, euren estilotik oso hurbil nagoelako. Beste alde batetik, oso gauza interesgarriak egiten ari dira Euskal Herrian. Diseinatzaile asko ditugu berton, eta onak. Niri, oso ezberdinak badira ere, Miren Ocariz eta Jon Ciden lanak gustatzen zaizkit. Modeloen neurria aspalditik pil-pilean dagoen eztabaidagaia da. Arazorik izan duzu inoiz modeloekin? Bai, gehienak argalegi daude, eta zaila da ondo dagoen modeloa topatzea. Arropa 38 neurrikoa izan behar da, baina jantziko duten modeloek 36 neurria dutela gertatzen da askotan, edo 34; baita 32 ere. Nik biribilguneak dituzten neskak nahiago ditut; arropa askoz hobeto gelditzen da. Dena dago asmatuta modan? Bai, baina orain oso aukera ona dugu: teknologia. Husseim Chalayad diseinatzaileak esperimentazio handia egin du arlo horretan. Argiak dituzten soinekoak egiten ditu, berez luzatzen edo laburtzen diren jantziak... Ikusgarria da, benetan! Planik? Ikasketak datorren urtean amaituko ditut, eta Bartzelonara joateko asmoa dut, master bat egitera. Londresera ere joan nahi dut, kurtsoren bat egitera.