<i>Luz Interna</i> ikuskizunak Gipuzkoa eta Txorie

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 22a, 14:24

Testua eta argazkiak: Pospolin

Uztailaren 4an, zapatuan, Luz Interna kontzertua eskainiko da Larrabetzuko eskolaren inguruan, Txorierriko Mankomunitatearen 20. urteurrenaren haritik. Ikuskizuna Tirri-Tarra Pasai San Pedroko fanfarrearen Luz Negra/Argi Beltz diskoaren eta prestatzen dabilen Internas lan berriaren arteko fusioa da. Kontzertua futbol zelaian izango da gaueko 10:30ean. Tirri-Tarra fanfarreko arduradunen esanetan, Luz Interna zuzeneko emanaldiak leiho berri bat ireki du arte munduan; sentimendu garratz eta gozoz elikatuta, ikusleen senak pil-pilean mantentzen dituen ikuskizuna da. Proiektuak 120 pertsona jarriko ditu eszenatoki gainean, Larrabetzun. Pasai San Pedroko fanfarrearekin batera, hauek hartuko dute parte kontzertu erraldoi horretan: Sotto Voce Donostiako orkestra, Gaztelumendi Larrabetzuko abesbatza, Zamudioko Kamara Korala, Sondikako Agrupación Coral Olagüe, Txuma Olagüe Sondikako abesbatza, Ekidazu Lezamako abesbatza eta Intxartu Algortako abesbatza. Tirri-Tarrak Luz Negra/Argi Beltz diskoa kaleratu zuen 2006. urtean. Hori fanfarrearen bigarren lana izan zen eta Donostiako Orfeoiak eta Et Incarnatus soka orkestrak ere lagundu zuten diskoaren grabazioan. Ñabardura klasikoak, folka eta rocka uztartzen dituen lana da, eta kritikak rock sinfonikotzat jo du. Lanak txundituta utzi zuen Jose Antonio Sainz Donostiako Orfeoiko zuzendaria, eta proiektua Euskal Herriko gainontzeko abesbatzei zabaltzeko proposamena egin zien. Hala ere, egitasmoak Euskal Herriko mugak gainditu eta Estatuko beste herrialde batzuetara ere ailegatu da. Horrela, azken urte bi hauetan 25 abesbatzek egin dute bat proiektuarekin: Euskal Herria, Galizia, Gaztela Leon, Madril, Aragoi eta Kataluniako abesbatzak, hain zuzen ere. Orotara 1000 abeslari aritu dira Tirri-Tarra fanfarrearen kontzertuetan. Pasai San Pedroko fanfarrea hirugarren diskoaren grabazioan dago murgilduta gaur egun. Hirugarren diskoa Sergio Zurutuzaren Internas maketan dago oinarrituta, eta hango obra berri asko zuzeneko emanaldietan aurkezten dabiltza. Argi Beltz eta Internas diskoaren arteko fusioak Luz Interna musika ikuskizuna izan du emaitza. Indarra eta sentimenduak nagusi diren kontzertu berezi eta erakargarria da. Jesus Antruejo, Gaztelumendi abesbatzaren zuzendaria “Laurogei abeslariko orfeoi handia osatuko dugu” Jesus Antruejo zuzendari dabil Itxartu eta Gaztelumendi abesbatzetan. Luz Interna ikuskizuna bere “batutatik” ailegatuko da Larrabetzura. Argi Beltz Tirri-Tarra konpartsaren bigarren proiektua ondo ezagutzen duzu, ezta? Bai. Tirri-Tarra konpartsako ordezkaria nirekin jarri zen kontaktuan orain dela urte bi, eta Itxartu Algortako koroak Argi Beltz musikalean parte hartzeko gonbidapena luzatu zidan. Ideia gustatu zitzaidan, proiektu hori erabat berritzailea delako. Musika koralak parte-hartze handia du bertan, eta abesbatzek normalean egiten ez duten gauza da. Proiektua ilusio handiz hartu genuen bai koruko kideek, bai nik; eta interpretazio aldetik zailtasun handiak izan arren, lanean hasi ginen buru-belarri. Ikuskizuna joan den urteko uztailean atera genuen plazara, eta oso arrakastatsua izan zen. Publikoari izugarri gustatu zitzaion eta gu ere pozik lotu ginen. Eta orain Luz Interna ikuskizuna ekarriko duzue Larrabetzura... Proposamena ikasturtearen hasieran egin nien, eta ilusio handiz onartu zuten. Tomas Ordeñana Larrabetzuko alkateari eman genion proiektuaren berri, eta berari ere oso ideia ona iruditu zitzaion. Are gehiago, proiektua Mankomunitate osora zabaltzeko proposamena egin zigun. Ondorioz, Itxartu koruaz gainera, Sondika, Zamudio, Lezama eta Larrabetzuko abesbatzetako ordezkariek ere hartuko dute parte ikuskizunean. Laurogei abeslariko orfeoi handia osatuko dugu. Erronka handia da koruetako kideentzat? Bai, ahots-espektakulu sinfonikoa delako. Orkestra baten atal guztiak (kordak, haizea, perkusioa), eta musika modernoaren elementuak (instrumentu elektronikoak, sintetizadoreak, gitarra akustikoak eta elektrikoak, bateria...) uztartzen ditu. Koruetako kideek meritu handia dute, zailtasunak dituen proiektua delako: erritmo ezberdinak erabiltzen dira... Proiektuarekiko duten jarrera eskertzen diet. Ahalegin handia egiten dabiltza ikuskizuna prestatzen, eta borondate ona erakutsi dute hasiera-hasieratik. Entseguekin martxoan hasi ginen, eta ia-ia prest dugu.