Arteaga eta Derio futbol taldeak berriro batuko dira
Bederatzi urte pasatu dira Derio eta Arteaga futbol taldeak banandu zirenetik, baina batzea komeni zaiela konturatu dira aurten. Guztira, 13 taldek eta 200 neska-mutilek osatuko dute klubaren egitura datorren denboraldian. Bide batez, ume derioztarrek ez dute kanpora joan beharko futbolean jokatzera.
“Derio Kirol Elkartean sartu nintzenean, ez nuen ulertzen Derio bezalako herri txiki batean talde bi egotea. Eta gainera, adin eta esparru ezberdinak jorratzen ditu bakoitzak. Ez da zentzuzkoaâ€. Gorka Barrio Derio Kirol Elkartearen koordinatzaileak horrela azaldu digu zergatik batuko diren Arteaga eta Derio futbol taldeak datorren denboraldiari begira. Aldaketa gutxi ekarriko du batasunak, baita onura asko ere. “Orain arte bakoitzak egin duena egiten jarraituko du; era berean, egitura indartsuagoa izango dugu, herriko jokalariek ez dute kanpora joan beharko eta gure etorkizuna bermatu egingo duguâ€.
Datorren denboraldian eskola-kirolaz arduratuko da Arteaga, eta bederatzi talde kudeatuko ditu. Horietako bat federatuta dago, kadete eta gazte mailako emakumezkoen talde berria hain zuzen ere. Gainera, aurre benjamin mailako hiru taldetan, benjamin mailako bitan, eta kimu mailako batean neskek zein mutilek jokatuko dute. Azkenik, haur mailako gizonen eta emakumezkoen talde bana osatuko da. Mutilena talde berria da. Beste alde batetik, Deriok kirol federatua hartuko du ardurapean. Derio taldean mutilek baino ez dute jokatzen. Bi talde berri sortuko dira: kadete mailakoa eta senior mailako B taldea. Horiekin batera, betiko senior taldea eta gazte talde bi ere arituko dira.
Guztira, 13 taldek eta 200 neska-mutil inguruk jantziko dituzte Derio-Arteaga futbol taldeko koloreak 2009ko irailetik aurrera. Argi dago zaletasun handia dagoela herrian futbolerako. “Zapatu goizetan taldearen kamiseta janzten duten hainbat lagun ikusten dira Derioko kaleetatik. Kanpotik datozen lagunek ez dute sinestenâ€, dio Alberto Ballestero nesken taldeko entrenatzaileak. Ez da harritzekoa, aurreko denboraldian neskak primeran ibili baitira. “Hainbat taldek gure jokalariak fitxatu nahi izan dituzte. Entrenatzaileei ere taldez aldatzeko proposamenak heldu zaizkie. Baina alferrik, Arteagan gustura baikaude denokâ€, azaldu du AgustÃn Prieto Tano Arteaga taldeko presidenteak.
Jatorriz, derioztarrak
Derio-Arteaga taldeko jokalari gehienak Deriokoak dira. “Guk ez ditugu herriko jokalariak hobesten, baina, egia esan, gehienak bertokoak diraâ€, adierazi du Gorkak. Hala ere, mutilek baino zailtasun handiagoak dituzte neskek taldeak osatzeko, gutxiago daudelako. “Derio, Zamudio edo Bilbotik datoz neskak. Arteaga emakumezkoen Txorierriko futbol-eskola izatea nahi dugu. Datorren urtetik aurrera egitura sendoagoa izango dugu, eta ahalik eta neska gehien hartzen saiatuko gara. Eskoletara gutunak bidali ditugu, kaleetan kartelak jarri... Deialdia zabaldu nahi diegu Txorierriko neska futbolzale guztiei gurera etortzeko eta taldean jardutekoâ€, esan du Tanok.
Ez da talde bi horiek batera ibiltzen diren lehenengo aldia. 2000. urtean klub bera ziren, baina Deriokoek garrantzi gehiegi eman zioten talde nagusiari, eta baliabide barik gelditu ziren umeen taldeei eusteko. Orduan batzuek Arteaga eratzea erabaki zuten, haurrek jolasten jarraitu ahal zezaten. “Garai hartan krisia egon zen klubean, batzarkiderik ez zegoen-eta. Orduan, jokalariak alde egiten hasi ziren, zer gertatuko zen ez zekitelako â€, aipatu du Gorkak. Orain elkarrekin ekingo diote denboraldiari eta Derio eta Arteagako izenak eramango dituzte Bizkaiko futbol-zelaietatik.
Zelai berria
Futbolak garrantzi handia du Derion, eta babesleek oso erantzun ona eman diote taldeari. Udalak ere lagundu egiten du, taldeen arduradunen ustez. “Oro har babesa eman digu, nesken taldeei batez ere, emakumezkoen kirola bultzatu nahi dutelako. Talde nagusiari federazio-gastuak ordainduko dizkio, esate baterakoâ€, adierazi du Tanok. Taldeek lekurik eza adierazi dute, eta honi ere erantzuna eman nahi dio Udalak. Horregatik, futbol zelaia hobetzea du helburutzat.
Txorierriko Politeknikaren alboan dagoen Ibaiondo futbol zelaian jokatzen du Derio-Arteagak. Bi zelai daude bertan: bata belar artifizialezkoa, bestea arezkoa, baina oso baldintza txarrak ditu azken horrek. Lursaila Bizkaiko Foru Aldundiarena da, baina lanei ekiteko konpromisoa adierazi du ahoz. Laster idatziz ere egingo du, eta orduan arezko zelaia atonduko da, aurten entrenatzeko behintzat erabili ahal izateko. Era berean, datorren denboraldiaren amaieran, lanei hasiera emango zaie, eta arearen ordez belar artifiziala jarriko da.
Taldeak
Arteaga
–Emakumezkoen kadete eta gazte mailako taldea
–Haur mailako talde bi (bata mutilek osatua; bestea, neskek)
–Kimu mailako talde bat
–Benjamin mailako talde bi
–Aurre benjamin mailako hiru talde
DERIO
–Talde senior bi
–Gazte mailako talde bi
–Kadete mailako talde bat.