Jasangarritasunaren alde egin dezagun

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 22a, 14:37

Testua: Xabier Díaz, BTEk-eko zuzendaria

“Beharrezkoa al da posta hau inprimatzea?/ Antes de imprimir este e-mail piense bien si es necesario hacerlo. / Is it really necessary to print out this e-mail?” Hori da posta elektronikoen bukaeran, arbolatxo bat erantsirik, jartzen dudan apaindura, eta ez naiz bakarra izaten. Jasotzen ditudan askotan ere haren antzeko mezuren bat egoten da. Baina, zergatik? Posta elektronikoa, testu editoreak, datu baseak eta halako softwarea eta praktikak zabaltzen hasi zirenean, denok pentsatu genuen ez zela paperaren bukaera izango, baina asko gutxituko zela haren kontsumoa, posta arruntaz jasotzen genuen gutun kopurua ere gutxituko zela, artxiboak digitalizatuko zirela... Hala izan da? Posta elektroniko asko inprimatu egiten dira. Bulego bereko pertsonek mezu bera inprimatzen dute berentzat; eta inprimatutakoa galtzen denean, berriz ere inprimatzen da. Hara hor hasieran aipatutako mezuaren beharra. Garapen iraunkorra edo jasangarritasuna Wikipedia: “Garapen iraunkorra garapen mota bat da (ekonomiena, hiriena, gizarteena eta abar), ondorengo belaunaldien garapena eragozten ez duena, baliabide naturalen eta ondarearen kalitatea eta kantitatea gordez”. Hau da, zer edo zer utzi nahi badugu geure ondorengoentzat, ondo kudeatu behar ditugu ditugun baliabideak. Ingelesez eta gaztelaniaz “3R” bezala ezaguna den kontzeptua horri dago lotua: murriztu, berrerabili eta birziklatu. Murriztu Kontsumitzen ez den baliabidearen hondakina ez da berrerabili edo birziklatu behar. Baliabideak premia barik kontsumitzen ditugu askotan. Mezu elektronikoa ordenagailuan irakurtzen badugu, zertarako inprimatuko dugu? Berrerabili Baliabide bat erabili ondoren, hura berriz erabil badaiteke, berrerabili egin behar dugu. Horrela, ez dugu izango zertan birziklatu baliabide horren hondakinak. Mezu elektronikoa orriaren alde bietatik inprima dezakegu; edo inprimatzen den orriaren aldea zirriborroetarako-edo erabili. Birziklatu Papera berrerabilita dugunean, zer? Ba, birziklatzera! Teknologia eta jasangarritasuna Askotan pentsatzen da teknologiak eragin txarra duela garapen iraunkorrean. Baina aurreko adibideetan azaltzen den moduan, gure ohiturak eta ekintzak dira benetan eragina dutenak. Teknologiak aukera berriak eskaintzen dizkigu, eta guk neurtu behar dugu zein mailatan egiten duten aukera horien ondorioek garapen iraunkorraren alde edo kontra. Eta ondorioz, erabaki zelan eta noiz erabili (edo ez erabili). Posta elektronikoa adibide garbia da. Teknologiak lagun dezake, baina gure esku dago teknologia horrekin zer egiten dugun erabakitzea.