Bestelako kulturak, bestelako ohiturak

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 22a, 14:41

Testua: Iñaki Suarez, sumillerra

Djivan Gasparyan-en disko bat ari naiz etxean entzuten: antzinako musika tresna bat jotzen du, duduk izenekoa, islamdar mundura naramana irudimenez, bakez eta poesiaz beteriko mundu batera, alegia; sentipen horren eraginaren pean, gogoeta egin dut zein bitxia den Persian egotea ardoaren jatorria, eta mendeen buruan Mendebaldea izatea produktu honen ekoizpena bereganatu duena. Gure anaia musulmanen herrialdeen ardo ekoizpena oso urria da eta diskrezio handiz egiten, merkaturatzen eta kontsumitzen dute. Maroko da ardo ekoizlerik handiena mundu musulmanean: gutxi gorabehera 35 milioi botila ekoizten ditu urtean, gehien-gehienak barne kontsumora bideratuak. Enpresa ekoizle handi batek, “Celliers de Meknes” deituak, marokoar ardoaren %85 ekoizten du. Gizarte horretan mamitzen dira ekoizpena eta salmenta, frantses protektoratuaren garaitik alkoholaren kontsumoa eta publizitatea zentsuratzen dituen gizarte bat izan arren. Gaur-gaurkoz, marokoarren batez besteko kontsumoa litro batekoa da pertsonako eta urteko. Begi bistakoa denez, Frantzia, Italia edo Espainiar Estatua bezalako herrialdeetako kontsumoaren antipodetan dago. Turismoa da herrialde horretan ardo kontsumoa bultzatzen duten faktoreetako bat: urtean 7 milioi turistak baino gehiagok eskatzen dute produktua. Baina Marokok ohiturei leial irauten du, eta hala segitzea onartu behar dugu begirunez. Beste hainbat elementutan bezala, apaltasunez agertzen da, publizitaterik egin gabe ekoizten du ardoa, arrandiarik eta erakuskeriarik gabe kontsumitzen du eta tradizioaren eta ustezko modernotasunaren arteko bideak aurkitzen ditu bere gastronomia aberastasun handia eta te bikainak abegi onez eta eskuzabaltasunez partekatzeko. On egin!