Zamudioko euskera alkarteak 10 urte bete ditu, eta herritar guztiak kalera aterako dira ekitaldiagaz bat egitera
Ekainaren 27a egutegian apuntatu beharreko data dogu. Lagatzu Zamudioko euskara alkarteak Euskal Jaia antolatu dau egun horretarako, herriko beste eragileakaz batera. Ekitaldia Lagatzu Eguna eta alkartearen urteurrenaren inguruan egingo dabe. Gabriel Etxebarriak, Iñaki Astorkizak eta Alesander Atxutegik kontatu deuskuez xehetasunak.
Gabonetatik hona daroe Lagatzukoek eta herriko gainontzeko taldeek Euskal Jaia prestatzen. Holango jaialdia egiteko proposamena Bertoko Soinu Tresnen Alkarteak adierazo eutsen euskera alkartekoei joan dan urtean, eta azken horreek momenturik egokiena orain dala erabagi dabe. Hamargarren urteurrenaren haritik ekitaldi berezia antolatu gura dabe-eta.
Lagatzu Eguna oso jai arrakastatsua izan da hasikera-hasikeratik. Alkartea sortu zan garaian, Zamudion ez egoan herri-bazkariak egiteko ohiturarik, baina jai horretan jentetza handia batzen zan plazan inprobisatutako mahaien inguruan. Egun horretan antolatutako beste ekintzek be ehunka lagun eta euskaltzale batzen eben. Baina urteak pasa ahala ospakizuna apur bat moteltzen joan zen, eta aurten ha berpiztea hartu dabe erronkatzat Lagatzukoek. Zelan berpiztu? Herriko eragile eta herritar guztien parte-hartzea ekartzen dauen Euskal Jaia antolatuz.
“Hamar urtean alkartetik pasatu diran kideakaz ipini gara harremanetan, baita herriko talde gehienakaz be, jaialdia guztion artean eroan daigun aurreraâ€. Taldeok konbentzitzea ez da behar neketsua izan, Lagatzuk oso lotura estua dauelako talde horeekaz, eta proiektuan guztiak sartu dira buru-belarri. Gurasoen Alkarteak, esate baterako, danborradea prestatzeko ardurea hartu dau, eta entseguetan 150 pertsona inguruk hartu dabe parte. Dantza zein txistu taldeak urtengo dabe kalejiran, harri-zulatzaileak erakusketea egingo dabe, eta Zamudio Racingekoek umeen parkea. “Bakotxak ahal dauan neurrian egingo dau ekarpena; beste batzuek herri-bazkaria prestatzen lagunduko deuskue, azokako postuak jagoten...â€. Euskal Jaia prestatzeko batzarretan herriko talde guztiek euki dabe egoteko aukerea, eta danera 28 pertsona ibili dira batzarretan. “Hain erantzun ona izatea oso pozgarria izan da guretzat, eta ziur gagoz jai polita egingo dana. Are gehiago, abiapuntua izan daiteke ha etorkizunean be antolatzen jarraitzekoâ€. Udalaren laguntza be ezinbestekoa izan da, batetik azpiegituretan, eta bestetik, urterako jasotzen daben diru laguntzak jai hau posible egin daualako.
Folklore hutsik ez
Lagatzu Eguna plazan eta frontoian antolatu ohi da aurreko urteetan, baina herrigunea jaitik kanpo lotzen zan. Horregaitik aurtengo ekitaldiak herriko beste gune batzuetara zabalduko dira: Leizaola plazara, eskolara, Agirre plazara... Ondorioz, herri osoa jai-giroan murgilduko da. Egun horretan egongo diran ekitaldien artean honeek aitatu daikeguz: hamaiketakoa, euskal produktuen azoka, baserriko jokoak, herri-bazkaria, bazkalosteko kanta saioa, umeen parkea eta erromeria. Horrezaz ganera, antolatzaileek ekitaldian euskal arropaz jantzita parte hartzeko deia luzatu deutsee herritarrei. “Euskal Jaian ahalik eta jente gehien batzea espero dogu, eta herri-bazkarira ez eze gainontzeko ekitaldietara be etorri daitezala. Egun osoko jaialdia izango da-taâ€. Era berean, ahaleginak egingo dabez, ospakizuna folklore hutsean ez lotzeko. “Euskal Jai euskalduna izatea gura dogu, Zamudio herri euskalduna dala nabari daitela. Eta euskerea hitzetik hortzera entzun daitela herriko kaleetatikâ€.
Usadioa eta modernitatea uztartuko dituan jaialdia izango da. Holan, antxinako ohiturak eta euskereak gaur egun eskaintzen deuskuezan aukera barriak ikusgai ipiniko dira azokan: zurezko lanak eta euskal diskak, bendejea eta Internet... Azoka horretan 20 postu inguru egongo dira. Beste alde batetik, Talleri kalean lonja bat hartu eta baserri zahar bihurtu dabela aitatu beharra dago. Antxinako tresnen erakusketa egin dabe han.
Beste alde batetik, esan behar da Euskera Alkarteak marketin-kanpaina indartsua egin dauala hamargarren urteurrenari begira. Kukuxumuxu firmadun kamisetak, katiluak eta banderak diseinatu deutsiez, eta iniziatibak arrakasta handia euki dau zamudioztarren artean. “Kanpainak motorrak berotzen hastea izan dau helburu, jenteak Euskal Jaiaren ganean berba egiten hasi daitela. Banderak tabernetan zein balkoietan eskegiko dira eta holan, giroa emongo jako herriariâ€. Bertoko alkarteak kanta bat konposatu du Euskal jai honetarako. Kanta, CD zein DVDean atera dabe eta egungo teknologiei egokituz mp3 eta mp4an grabatu dabe, sakelako telefonoetan entzun eta ikusi ahal izateko.
Ahaleginaren emoitza
Urteurrena handitasunez ospatzen dabilz urtarriletik hona, eta ekitaldiakaz abendura arte jarraituko dabe. Euskal Astea aspalditik antolatzen daben ekintza da, baina aurtengoa inozkoen bereziena izan da, beharbada. Programazino dotore eta kalitatezkoa ekarri dabe Zamudiora eta ekitaldiak arrakastatsu baino arrakastatsuagoak izan dira: Pirritx eta Porrotx pailazoen saioa, txakolinaren eguna, mendi-ibilaldia edo Erramun Martikorenaren emonaldia, batzuk esatearren. Izan be, ekitaldietara aurretik egindako ekintzetan parte hartu ez daben lagunak bertaratu dira aurten. Are gehiago, asko bazkide egin dira. “Dana dala, Euskal Astetik kanpo egindako ekitaldietara be jente gehiago etorri dala sumatu dogu orokorrean. Ez dakigu urteurrenagaitik izango dan, edo ekitaldiakaz asmatu dogun...†Argi dagoana da Lagatzuk kultura-ekarpen handia egiten deutsola herriari, eta mailari urterik urte eusten deutsola.
Herritarrek taldearekiko dabezan begirunea eta aldez aurretiko jarrera ona urteetan zehar egindako beharren emoitza da. Lagatzu alkarte zabala dalako, euskera eta euskal kulturaren alde behar egiten dauana. “Euskera alkarterik egon ezean, herrian ez zan berez gune euskaldunik sortuko, ziur asko. Askok eskertu deuskue beharra eta horrek poztasunez bete gaituâ€. Lagatzuren arrakastaren seinale gaur egun dituan 250 bazkideak dira. Kide gehien dauken Zamudioko alkartetariko bat da gaur egun.
EgitarauaEkainaren 27an, zapatua
10:00: Danborradea, herriko ume eta gurasoakaz
Kalejira, Bertoko eta Gazte Alai txistu taldeakaz
11:00: Hamaiketakoa, eskolan
Euskal produktuen azoka, Leizaola plazan
11:30: Baserri-jokoak eskolan, Kulki taldearen eskutik
Talo tailerra, Aitor Aurrekoetxeagaz
Zanpantzarrak
13:00: Kale-jira-bira-dantza-poteoa
Bertoko eta bertsolariak
Hiru bat eta Gazte Alai taldeak
Harri-zulatzaileak Fernanen plazan
15:00: Herri-bazkaria, eskolan
17:00: Betiko kantak, Taberna Ibiltariagaz
20:00: Erromeria, Luhartz taldeagaz
“Arnasa hartzeko gunea da Lagatzuâ€
Lagatzu Zamudioko euskera alkartea “Bai Euskarari†kanpainaren ildotik sortu zan 1998. urtean. Garai aproposa zan ha, su-etenarena, Lizarra-Garazi akordioarena... eta euskera alkarte batek baeban zereginik herrian.
Zelan planteatu zenduen sorrera hori?
Alkarteak luzaroan irautea gura bagenduan, talde plurala izan behar zala argi euki genduan hasikeratik; sentsibilitate ezberdinetara egon beharko zala zabalik. Bazkidetza kanpainan mezu hori helduarazo geuntsen zamudioztarrei. Kartel batzuk atera genduzan, eta bertan hainbat esparrutako lagunen argazkiak ipini ziran: ideologia ezberdinetakoak ziran, kirol eta kultura alkarteen buruak, jente ezaguna... Beste esparru batzuetan ondo moldatzea gatxa da, beharbada, baina Lagatzu arnasa hartzeko gunea da. Euskeraren alde egin, eta horren erabilpena bultzatzeko bada, sentsibilitate guztiek Lagatzun lekua badabela argi dogulako. Eta alkarteak 10 urte bete baditu, horregaitik izan da.
Zelango eragina euki dau Lagatzuk euskararen normalizazioan, herrian?
Gatxa da esatea. Alkartea sortu zanean, gehiengoa euskalduna zan; eta gaur egun be bada. Eta bai lehen eta bai orain gauza bera gertatzen da: kalean gehiengo hori ez dala igartzen. Gure helburua euskarak atzera ez egitea izan da, eta horretarako, euskaraz edozein gauza egin daitekeela erakutsi dogu: irteerak, dastatze ikastaroak, antzerkia, hitzaldiak... Euskerea prestigiatzen lagundu dogu, zentzu horretan. Kultura-eskaintza zabala egin deutsagu herriari, eta guneak zabaldu doguz euskaldunak bertan batzeko. Euskera alkerterik ez balego, herrian egiten dan beharra erlaxatu, eta, segur asko, erdaldunagoa izango zan.
Sorkuntza aldetik be behar potoloa egin dozue.
Bai, behar batzuk egin doguz: Zamudio berbarik berba liburua eta CDa, kantu liburua, eta ikerketa bat beste alkarteetan dagoan euskeraren egoeraren ganean. Aurten, eta Euskal Asteari eta urteurrenari begira, kanta atera da Bertokokoakaz, eta umeei zuzendutako gida didaktikoa argitaratu da. Gida didaktikoa Amagoia Gezuraga historialariaren laguntzagaz egin da, eta bertan Zamudioko leku esanguratsuak azaltzen dira. Gida hori herritik zehar egindako ibilaldian parte hartu eben umeei emon jaken, eta eskolan lantzeko be oso erabilgarria da. Azkenik, ipuin bat argitaratuko dogu Zamudiotorreko jauntxoaren ganean. Ipuina Jon Ander Rolarena da eta marrazkiak Jesus Mari Lasak egin ditu.
Hutsunerik sumatzen dozue?
Gainontzeko lekuetan gertatzen dan legez, euskeraren erabilerea txikia da Zamudion be bai. Beste alde batetik, zail gertatzen jaku gazteak guregana erakartzea. Ekitaldi asko antolatzen dira eurengan pentsatuz, baina gero ez da uste beste emoitza onik lortu. Antolatzaileak gazteak eurak izatea lortu beharko geunke, beharbada. Guri dagokigunez, eskertuko genduke, gure batzordera jende barria etortea.
Erabilera txiki hori Txorierriko gainontzeko herrietara eroan daitekeen ezaugarria da?
Larrabetzun izan ezik, beste herri guztietan antzeko gauza gertatzen dala esan daikegu. Are gehiago, egoera askoz larriagoa dala beste herri batzuetan.
Lankidetza oso errotuta dozuen printzipioa da.
Herriko taldeakaz ahalegintzen gara behar egiten. Eurek gure ekitaldietan hartzen dabe parte; eta guk, eurenetan. Ekitaldiak alkarregaz antolatzen badira, arrakasta ziurtatzen da, taldeen barruan dagozan pertsonen inplikazioa lortzen baita.
Zein da Txorierriko gainontzeko euskera alkarteakaz dozuen harremana?
TOTOAN Txorierriko Euskera Alkartea Aikor! aldizkariaren inguruan sortu genduan. Hori Txorierrin euskera bultzatzeko sortu dan tresnarik eraginkorrena da, zalantza barik. Era berean, hainbat ekitaldi antolatzen doguz alkarregaz, eta orain dala gitxi Berbalagun proiektua ipini dogu martxan, Mankomunitateagaz batera.
Euskararen normalizazinoa, inoz errealitate bihurtuko da?
Esparru askotan aurrerapausoak emoten gabilzala argi dago, baina oraindik asko dago egiteko. Ziur gagoz euskera alkarteok eta euskaltzaleok pozik sentituko ginana, paperetan, sinatutako akordioetan, esaten dana beteko balitz.
Eta ganera, aldaketa izan da Lakuan orain dala gitxi. Zelango eragina eukiko dau?
Aldaketea zalantzakor hartzen dogu, baina itxaron beharko da, ea zer gertatzen dan. Kanpainaurrean esandakoa betetzen badabe (hezkuntzan gaztelaniari lehentasuna emotea, lanpostu publikoetarako euskerea ez exijitzea, eta abar), atzerapausoa izango da, eta euskaltzaleok gogor egin beharko dogu borroka horren kontra. Halanda be, esan dogun moduan, itxaron beharko dogu. Gauzak ondo egiten badira, txalotu egin beharko doguz; osterantzean, kritikatu eta borrokatu.