Testua: Juan Antonio Trabudua, ELA sindikatuko Txorierriko arduraduna
Txorierriko langileak ez dugu garai oparorik ezagutu Historian. Beti borrokatu behar izan dugu, gure lan eta bizi baldintza duinak aitor ditzaten. Eta orain, sekula baino arrazoi gehiago ditugu bide beretik jarraitzeko, irabazitako eskubide horiek galdu nahi ez baditugu, behintzat.
Azken hilabeteetan ehunaka lanpostu suntsitu dira Txorierrin, bidegabeko kaleratzeak hirukoiztu egin dira, langabe kopurua izugarri hazi da, eta, ondorioz, eskualdeko ehunaka familia gorriak ikusten dabiltza egunerokoari aurre egin nahian. Egoera horren aurrean, patronalak lehengo lepotik burua: euren etekinak bermatzeko asmoz, beharrezko diren errezetak aplikatu dituzte, izan lan enplegu erregulazioak ala izan lan-ordu poltsak. Era horretako errezeten alde egin dute gure eskualdeko hainbat enpresek ere, premia duten ala ez kontuan hartu barik. Erakunde publikoek, berriz, betiko praktikekin jarraitu dute: baliabide gehien dutenei laguntzak (diru-laguntzak) emanez eta behar handienak ditugunok ahaztuz.
Azken hilabetetako krisialdia baino lehen lan merkatua ez zen mesedegarria gehiengoarentzat, langileria klasearentzat; eta orain, are eta gutxiago. Langileria aktiboaren heren bat denboraldi baterako kontratupean dabil lanean eta 1000 euroko soldata baino gutxiago kobratzen du hilabetean. Lan merkatuan dugun babes falta izugarria da: ezegonkortasuna, prekarietatea, azpikontratazioa, segurtasun neurri falta, genero diskriminazioa... Eta krisialdi honek egonkortu egingo ditu arazook, baldin eta langileok borrokatzen ez badugu.
Egun jokoan duguna ez da bakarrik gure egungo egoera, gure lanpostua eta gure soldata. Jokoan dagoena etorkizuna ere bada. Krisi garai honek begi-bistan utzi digu krisian dagoena sistema ekonomikoa bera dela; aberastasuna egon badagoen arren, era desegoki eta desproportzionalean banatzen dutelako, gizarte desberdintasunak areagotuz. Langileok horretaz jabetu ezean, antolatu ezean eta bat eginda borrokatu ezean, arazoa ez da konponduko.
Egoera iraultzeko giltza boteretsuek izan ohi dute: erakunde publikoek eta patronalak. Baina sekula ahaztu behar ez duguna hau da: langileok ere, bat eginda eta helburu berarengatik batuz gero, boteretsuak garela.