Ohitura polita hasi zuen duela ia bost hamarkada Sondikako lagun-talde batek. Gazteak zirela lagunarteko bazkaria hasi ziren antolatzen, eta denboraren joan-etorriak ez die elkarrekin egoteko gogoa kendu; guztiz kontrakoa, indartu egin du. Karmelo Gaztañagak eta Iñaki Zaballak istorio honen berri eman digute.
Bazkaria pilota partida baten haritik hasi ziren antolatzen 1960. urtean. Iñaki, Isasi, Andoni, Koldo Agirre eta gainontzeko lagunak Anoetara joatekoak ziren, pilota partida bat ikustera. Astero diru-kopuru bat jartzen zuten, egun horretako bazkaria eta ikuskizunaren sarrerak ordaindu ahal izateko. Baina patua apetatsua da, eta Sondikako gazteak sarrera barik lotu ziren. Parranda barik ere lotuko ziren? Ez, inondik inora!
Aurreztutako diruarekin zer egin aztertu ostean, aukerarik hoberena bazkari bat egitea zela erabaki zuten aho batez. Alkandora zuria, praka urdinak eta abarketak jantzi, eta pilota partidarako sarrerarik ez izateak eguna hondatuko ez ziela hartu zuten helburutzat. Berrogeita hamar urte pasatu dira harrezkero, eta hartutako erabaki hura urtero eutsi izan dioten ohitura bihurtu da.
Lehenengo bazkari horretan herriko zortzi lagun batu ziren, baina urteak pasa ahala, lagun gehiago animatu ziren parrandan parte hartzera. Karmelo tartean izan zen. Gaur egun 12 gizonek osatzen dute koadrila.
Aurreko lerroetan aipatutako jantziak Sondikako koadrilaren uniforme ofiziala bilakatu dira. “Abestea izugarri gustatzen zaigu, eta askok abesbatzaren baten partaideak garela pentsatzen dute. Egia esan, oso parranda ederrak egiten dituguâ€. Lagunak goizeko 10ak inguru lotzen dira herriko taberna batean, eta han motorrak berotzen hasten dira. Hamarretakoa hartzen dute bost litroko ardo botila batek lagunduta, eta eztarriak afinatzeari ekiten diote, eguerdiko poteoan behar bezala kantatu ahal izateko. Ondoren, bazkalduko duten herrirantz abiatzen dira.
Kostaldea nahiago
Bizkaiko ia geografia osotik ibili da lagun-taldea: Urduña, Mungia, Bakio, Elantxobe... Baina kostaldera nahiago dute joan, “mugimendu handiagoa dagoelako. Taberna gehiago daude eta txikiteoa luzatzeko aukera ematen digu. Gainera, herriak hurbil daude bata bestetik eta geldialdiak egin ditzakegu bidetikâ€. Bazkaria arratsaldeko 3etan egiten dute, eta jatetxean utzi dieten arte izaten dira, lokala euren abestiz girotzen. Iluntzean Sondikara itzultzen dira, “apur bat afaldu, hamarretakoan irekitako ardo botila bukatu eta indarrak galdu arte jarraitzen dugu parrandan!â€.
Sondikako lagunek 18 urte inguru zutenetik ezagutzen dute elkar, eta koadrila osoa urtean behin baino ez da elkartzen gaur egun. Horrexegatik ondo prestatu behar da irteera. “San Andres egunaren inguruan afari bat egiten dugu irteerari buruz hitz egiten hasteko. Urte bakoitzean taldekide bati dagokio bazkaria-eta antolatzea. Aurten Armintzara-edo joango garela uste duguâ€.
Joan den urtean botatako parranda gogoan dute oraindik, eta aurtengoa ailegatzeko irrikan daude. Hitzordua San Ignazio egunaren inguruan izango dute. “Uztailaren amaieran-edo antolatu ohi dugu bazkaria, lehen, gehienak oporretara abuztuan joaten ziren-etaâ€.
Lagun minak dira, baina aukera gutxi dute elkarrekin egoteko. Batzuk kanpora joan dira bizi izatera, eta zaila da guztiak batzea. Uztaileko bazkaria, ondorioz, oso inportantea da eurentzat. “Osterantzean, ez genuen elkar ikusikoâ€. Era berean, turismo apur bat egiteko ere aprobetxatzen dute.
Ahal izan arte
Elkarrekin egoteko gogoa handia bada ere, gero eta korapilatsuago dute bazkaria antolatzea. “Badakizue, dagoeneko ez gara 20 urteko mutilak eta ajeekin hasi gara: kolesterola... Kide baten batek huts egin du inoiz, baina bazkaria urtero egitea lortu duguâ€. Taldean 64 urtetik 78 urtera bitarteko lagunak daude, eta bidean kide bi galdu dituzte, zoritxarrez. Aspaldiko lagunak dira, txikiteroak, Sondikako tabernetatik poteotan eta abesten egunero ibiltzen zirenak. Euskal Herriko tabernetan gaur egun ikusten zaila den arraza horretarikoak. “Orain bost lagun-edo lotzen gara noizean behin, txikito pare bat hartzekoâ€.
Eurek hasitako ibilbidea eta ohitura urteetan zehar irautea dute helburu. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute taldean jende berria eta gaztea sartzea. “Honek aurrera jarraitzea nahi dugu. Bazkaria eta irteera ahal izan arte antolatzeko asmoa duguâ€. Urte askotarako!
Taldeak eta Elkarteak