Baloiari lotuak

Aikor aldizkaria 2009ko uzt. 3a, 14:25

Bizia KEk eta CD Sondikak Sondikako Futbol Campusa antolatu dute aurten seigarren aldiz. Testua: Gaizka Eguskiza / argazkiak: Aitor Mujika

Oporrak heltzen direnean, udalekuen garaia da Txorierriko hainbat umerentzat. Hala ere, udalekuak goizez baino ez dira egiten, eta neska-mutilek arratsaldeetan ere jolastu nahi dute aire zabalean. “Eta futbolean aritzen bagara, askoz hobeto!”, pentsa lezakete kirol horren zaletu batek baino gehiagok. Futbolak eta udalekuek Sondikako Futbol Campusean egiten dute bat. Aurten seigarren edizioa antolatu da ekainaren 29tik uztailaren 10era bitartean, Bizia KE eta CD Sondikaren eskutik, eta Sondika eta Lezamako Udalen babespean. Ikastaroa 9 urtetik 12 urtera bitarteko neska-mutilei dago zuzenduta eta aurten, lehendabiziko aldiz ez da neskarik egon. Aitor Mujika CD Sondika taldeko koordinatzailea dugu egitasmoaren sortzailea. Koordinatzailea izateaz gain, Bizia KEaren sortzailea ere izan zen, eta azken 15 urteotan entrenatzaile aritu da CD Sondikako haur taldean. “Futbolzale amorratutzat” jotzen du bere burua, eta horregatik bururatu zitzaion Campusa antolatzea. “Umeen denboraldia laburra da, eta duela sei urte ekainean ere entrenatzea erabaki genuen. Umeak pozik zebiltzala ikusita, ikastaroa egitea pentsatu nuen”. Lehenengo urtean 25 mutil izan ziren, baina gaur egun Campusean 70 ume biltzen dira urtero. “Ezin dugu gehiagorik sartu, lekurik ez dugulako, ez aldageletan, ez zelaian”. Campus 16:00etan irekitzen da. Gazteak Sondikako Kultur Etxera joaten dira bideoren bat ikustera. “Futbolari buruzko kultura erakusten diegu: agintari, jokalari edo entrenatzaile mitikoak, golak, jokaldiak, akatsak eta abarreko gauzak ikusten dituzte. Munduko eta Europako txapelketen laburpenak, edo Athleticen historia ere jorratu ditugu, besteak beste. Batzuetan bideoa eten eta azalpenaren bat ematen dut. Ez diegu kontu teknikorik ematen; bestela, umeak aspertzen dira. Baina Messi aurretik ere futbola egon dela erakutsi nahi diegu, beste era batean jokatzen zela...”. Diziplina eta ohiturak Bideoa ikusi eta gero, futbol zelaira joaten dira. Beroketak egiten dituzte bertan, eta ondoren taldeko zein banakako teknika lantzen dituzte. Azkenean partida jokatzen dute. Baloia, beti protagonista. “Diziplina eta ohiturak umeak barneratzea nahi dugu. Gainera, Campusak gaztetxoen arteko harremanak ere bultzatzen ditu”. Aukera ona da, beraz, parte-hartzaile guztientzat: “Haurrek primeran pasatzen dute; horregatik, gurasoak ere pozik daude; eta klubaren ikuspuntutik ere oso onuragarria da, jokalari gazteak futbolari buruzko oinarriak hartzen hasten baitira”. Futbolaz aparte, irteerak antolatzen dituzte urtero Campusean: San Mames, Athleticen Lezamako kirol-instalazioak, Donostiako Aquariuma, Karrantzako Karpin parkea, Pozolaguako kobazuloak... Batzuk futbolari daude lotuta, baina beste batzuk ez. Berdin dio, “elkarrekin ibiltzeko eta futboletik apur bat urruntzeko asmoa” baitute bisitek. Azken egunean Sondika eta Lezamako alkateek diploma, talde osoko argazkia eta kamiseta bana oparitzen dizkiete parte-hartzaileei. Gero hamaiketakoa egiten dute guztiek: jokalariak, lau monitoreak, gurasoak eta alkateak.