Testua: Jon Legarreta, Fisika Zientzietan doktorea
Duela 400 urte Galileo Galileik zerurantz zuzendu zuen berak egindako teleskopio berria. Urte horretan aurrerapauso nabarmena eta erabatekoa gertatu zen astronomia eta gure unibertsoaren ikerketan. Hori dela-eta, 2009a Astronomiaren Nazioarteko Urtea izatea erabaki zuen UNESCOk. Baina, zertarako ospatu astronomiaren urtea? Zertarako jakin nahi dugu zer dagoen unibertsoan? Zertarako bidali espazio-ontzi bat Jupiterrera? Edo hobeto, zergatik ez erabili espazio-bidaia horrek balio duen dirua, larrialdian dauden pertsonei laguntzeko? Galdera logikoak dira; are gehiago gaur egun dugun egoera ekonomiko larria kontuan hartuta.
Zientzialariok zientziaren eginbeharra zein den ez dugu ondo azaltzen, beharbada; zergatik bidali behar den espazio-ontzi bat Jupiterrera edo Martera. Azalpena eman baino lehen, hona hemen gogoeta/galdera batzuk: zertarako behar dugu literatura? Zertarako musika? Zertarako futbola? Lehenengo mailako futbol talde arrunt baten aurrekontua eta Martera espazio-ontzi bat bidaltzeko behar dena antzekoak dira. Eta zer esan zine-industriari buruz, beharrezkoa dugu pelikula bat ikustea?
Ikuspegi praktiko batetik, gure unibertsoaren ikerketak onura eta teknologia-aurrerapen izugarriak ekarri dizkigu planeta honetan bizi garenoi. Hona adibideak: laser teknologia, espazioan distantziak neurtzeko sortu zena eta gaur egun medikuntzan eta industrian behar-beharrezkoa dena. Eta begietarako lentillak, teleskopio espazialen ispiluak eta kamerak eguzkiaren erradiazioetatik babesteko sortu zirenak. Ehunka adibide daude: GPSa, haur-oihalak, zartaginen tefloia, belkroa eta abar.
Nire gustukoa den ikuspegi erromantiko batetik, astronomia behar dugu, gizakien jakin nahia bete behar delako. Zeruko izarrei begiratzen diegun bakoitzean, izar horien iragana ikusten dugu; hau da, gure unibertsoaren iragana. Eguzkiari begiratzen diogunean ere eguzkiaren iragana ikusten dugu; duela zortzi minutuko eguzkia, hain zuzen ere. Azalpen zientifikoa hau da: eguzkia 150.000.000 km-ra dago gugandik eta berak igorritako argiaren abiadura 300.000 km/s-koa da. Argiak denbora tarte hori behar du guregana heltzeko. Gauza antzekoa gertatzen da zeruko izarrekin. Izar bakoitza distantzia zehatz batera dago guregandik, oso urrun, eta haren argiak distantzia hori egin behar du guregana ailegatzeko. Ondorioz, guk ikusi orduko baliteke asko desagertuta egotea.
Zientzia hutsak, fisika edo astronomia esaterako, beharrezkoak ditugu gure unibertsoa nolakoa den jakin eta hobeto ulertzeko. Ikerketa horietatik lege fisikoak sortzen dira; eta lege horietatik, lehen aipatutako zientzia aplikatuaren teknologi berriak. Gure gizartea ezagutzaren eta jakin nahiaren gizartea izan behar da; ez sinesmenarena edo ezjakintasunarena. Ezagutzak aske egiten gaitu.