Iñaki Perurena, harrijasotzailea: “Semeak nire

Aikor aldizkaria 2009ko uzt. 7a, 13:22

Argazkiak: Ixone Urrutikoetxea

Oso gizon lanpetua da Iñaki Perurena. Izatez harakina da, baina aktore, idazle eta bertsolari ere aritu da. Dena den, ospe gehien eman dion lanbidea harrijasotzailearena da. Orain Inaxio semearekin egiten ditu saioak Euskal Herritik ez ezik, kanpotik ere. Aikor! aldizkariak Loiuko jaietan harrapatu du. Zelan Loiun? Ondo. Nire ustez, gustura ibili zen jendea giro polita sortu zelako. Hala ere, bero dezente zegoen. Azken bolada honetan semearekin aritzen zara, eta Loiun ere Inaxiorekin batera egin zenuen saioa. Zergatik? Ni aspaldian nabil harriak jasotzen, eta semeari ere gustatzen zaio. Elkarrekin joaten gara, bion artean saio politagoak egiten baititugu. Bera etorriko ez balitz, aspaldian utziko nion harriak jasotzeari. Harreman polita duzue, beraz. Ez dago lehiakortasunik zuen artean? Ez, zelan egongo da, ba! Zelan ikusten duzu semea? Etorkizunari begira, zure markak gainditzeko gauza izango dela uste duzu? Semeak 25 urte ditu, eta lehenengo harria bost urte zituela jaso zuen. Galdera bera egin ziguten garai hartan, eta ordutik hona hainbat aldiz egin digute. Inaxio ondo dabil, baina ez dakit... Hainbat errekor dituzu. Esanguratsuak dira zuretzat? Errekor guztiek dute garrantzia; bestela, ez lirateke errekorrak izango. Ahalegin handi eta entrenamendu gogorraren ondorioa da. Marka onak ez dira kasualitatez etortzen. Nik aspaldian lortzen nituen errekorrak, baina orain 52 urte ditudala, ez dut markak lortzeko adinik. Gaur egun, aldiz, erakustaldiak egiten ditut harriak jasotzeko ilusioari eusten diodalako. Gainera, jendeak ondo pasatzen du. Errekorrak lortzeko ez duzu adinik, baina jarraitzen duzu harriak jasotzen. Noiz arte? Ez dakit, ilusioak eta gorputzak laguntzen nauten bitartean. Harriak jasotzea euskal kirola da, baina zu kanpoan ere ibilia zara. Nolako harrera izan duzu Euskal Herritik kanpo? Denetarik dago, hemen eta kanpoan. Jendeak jakin badaki euskal kirola dela, eta errespetu handia adierazten dute, batez ere. Harriaren museoa egin nahi duzula irakurri dut. Zelan doa ekimena? Beste norbaitek asmatutako izena da hori, baina egia da harriaren inguruan zerbait egiteko ilusioa izan dudala aspalditik. Izan ere, kanpoan ez ezik Euskal Herrian bertan ere jende askok ez ditu harriaren nondik norakoak gehiegi ezagutzen. Gauza batzuk egiten gabiltza gaia argitzeko asmoarekin, baina ez da erraza: igandeetan telefonoz deitzen didate museoa ikusi nahian, baina ezin naiz astebururo museoan gelditu azalpenak-eta emateko. Harakina, harrijasotzailea, idazlea, aktorea, bertsolaria... Hainbat lanbide izan dituzu, ezta? Baserritar batek hainbat lan egin behar ditu. Nik ere gauza pilo bat egin behar izan ditut, eta ez dut inoiz arazorik izan, gauza berriak egitea gustatzen zaidalako. Ahalik eta ondoen egiten saiatu egin naiz eta kito! Telebistan ere aritu zara, Goenkale saioan, batez ere. Baduzu beste gauzaren bat egiteko asmorik? Ez, ez. Dagoeneko nahiko lanpetuta nabil, baina ez dakit. Gauzak sortu ahala egingo ditut. Egunez egun bizi izatea gustatzen zait, eta ez dakit bizitzak hemendik aurrera zer eskainiko didan. Bizitzen saiatzen naiz, besterik ez! Nabarralde elkartearen kidea zara. Zer da Nabarralde? Euskal Herriko eta Nafarroako historia ezagutarazten ahalegintzen duen elkartea da. Historia historia da; arazoa da zelan kontatzen den. Zehatz-mehatz Izena: Iñaki Perurena Jaioterria: Leitza, Nafarroa Jaiotze urtea: 1956 Lanak: Harakina, aktorea, idazlea, bertsolaria, harrijasotzailea. Errekorrak: –100 kiloko harria 1.000 aldiz jaso zuen 1999an. Bost ordu eta lau minutu eman zuen. –Esku batekin 267 kiloko harria jasotzeko gauza izan da; esku biekin, 320 kilokoa. Egitasmoak: Harri-jasotzea ezagutarazi nahi du Euskal Herrian zein kanpoan eta horregatik, museoa sortzen dabiltza bere etxean.