“Kiki” Begoña, korrikalari ohia: “Orduko de

Aikor aldizkaria 2009ko uzt. 21a, 13:49

Testua: Amagoia Gezuraga

Kirolak aparteko berezitasun bat hartu ohi dau uda aldean. Hor dogu Frantziako Tourra, eta iaz Olinpiadak izan ziran Beijingen. Aurten be kirola egiteko aukerea eukiko dogu geure herrietan. Kirola egiteko eta kirolaren ganean berba egiteko aukerea. “Kiki” Begoña korrikalariarengana jo dogu horretarako. Jose Antonio Begoña Latxaga “Kiki” Zubi baserrian jaio zan 1938ko urriaren 16an. Bizitzea Zamudio eta Derio artean igaro dau: Zamudion bateatu eben eta lehen jaunartzea be egin eban bertan. Derioko eskolan ikasi eban eta Zamudioko futbol taldean jokatu eban. “Hamazortzi urte bete arte ibili nintzan talde horretan; hirugarren mailan egoan orduan. Anaia, Moni eta Roman Askolizagagaz jokatzen neban”. Korrika egiten Derion hasi zan, eta Deriora be ezkondu zan zamudioztar bategaz. Noiz hasi zinan korrika egiten? Txikitatik, beti gustau jat karra egitea. Herriarteko lasterketak egiten nebazan. Santo Domingon, San Fausto jaietan, egiten zan lasterketea, esate baterako, lau aldiz irabazi neban. Hiru ogerleko eta sagardaua gaseoseagaz emoten eustezan saritzat. Soldadiskea Garellanon egin neban, eta sarriago korrika egiten hasi nintzan han. Hogeita bi urte nebazan orduan, eta 50 kiloko pisua neukan. Eta soldadiskea amaituta? Alfred Sagasigaz batera hasi nintzan entrenetan. Ha Etiopiako korrikalari bat zan, bere herrian txapeldunordea izan zana. Fraideek Derion eben ikastetxean bizi zan. Zein izan zan egin zenduan lehenengo lasterketea? Soldadiskatik etorri barria nintzan. Lasterketea Santa Maria Portugaleteko ikastetxeko pistan izan zan, eta nik abarkakaz egin neban korrika. Ostean, Jose Antonio Elola trofeoan egin neban debuta, Madrilen. Lasterketa hori 1960. urtearen inguruan izan zan Casa de Campon. Nik neure kabuz hartu neban parte proban. Aurrekoetxea izeneko batek eroan ginduzan autobusez Madrilera. Nortzuk joan zinien? Sei lagun: Sagasi eta biok, Deriotik; Garay, Mungiatik; eta besteak Zornotza, Santurtzi eta Barakaldokoak ziran. Bizkaiko Txapelketea nik irabazi arren, guztiak ginan hasibarriak. Zenbat kilometroko lasterketea izan zan? Hamar kilometrokoa. Ni lasterketearen buruan ninoian; eta nigaz, Sagasi eta Alvarez Salgado galegoa. Helmugara heltzeko 200 metro falta zirala haize-minak jo eustan. Sagasi niri laguntzera etorri zan, baina honelan esan neutsan: “Nik ezin dot. Joan aurrera eta irabazi zeuk!”. Ni baino apur bat lehenago heldu zan helmugara. Handik hamabost egunera, profesionaletara pasatu ginan eta Espainiako Federazioagaz korrika egitera konbidau ginduezan. Ehun korrikalari inguruk hartu genduan parte lasterketan, eta Mariano Harok irabazi eban. Non izan zan azken lasterketa hori? Erretiroan, Madrilen. Jentetza handia egoan ikusten. Aurrean Haro eta beste lauzpabost korrikalari joiazan, eta ni bigarren multzoan ninoian. Akabuan hamargarren sartu nintzan. Han egon ziran portugesak, frantsesak, Mariano Haro, Fernando Aguilar, Maez... onenak! Eta eurekaz batera, Jose Antonio Begoña, “Kiki” ezizenekoa. Nondik jatortzu ezizena? Ba, ez dakit. Korrika hasi nintzanean, “aupa Txiki!” esaten eusten, eta “Txiki” hori “Kiki” bihurtu zan. Halan lotu da. Noiz egiten zenduzan entrenamenduak? Beharretik etorri eta etxeko beharrak egin ostean. Igeltsero nenbilen Iñaki anaiagaz. Esnea eraitsi, behartxoak egin eta iluntzean Santi Mamiko landetan entrenetan nintzan; Larrondoko presatik, Egiliz baserritik. Hamalau edo hamabost kilometro egiten nebazan egunero; afizino handia neban. Zein klubetan zara ibilia? Madrilgo lasterketearen ostean, Getxoko Kirol Klubetik deitu eusten. Jose Luis Celaya zan entrenatzailea, eta bost urte emon nebazan han. Ondoren, beste sei urte inguru izan nintzan Vizcaya Klubean, Antonio Rojo presidentea zala. Eta akabuan, 20 urte emon nebazan Academia Almin. Zapatilak eta gura neban ekipajea emoten eustezan; eta urte amaieran, eskupekoa. Lasterketak egiteagaitik ez eutsuen ordaintzen? Eta taldean egoteagaitik? Ez. Ordaindu, kamisetetan publizitatea eroateagaitik ordaintzen eusten. Dana dala, bidaiak eta otorduak ordaintzen eustezan, eta baimen osoa neban Guisasola dendan zapatilak erosteko. Eta Getxoko taldean? Pistako taldea zan hori; ekipo indartsua. Txandala emoten eusten. Getxora joaten zinan entrenetan? Ez, neure kabuz entrenetan nintzan, San Ignazioko pistetan. Neguan krosa egiten neban; eta, martxotik aurrera, pistea eta 3.000 metroko oztopo-lasterketea. Marka onak nebazan. Elikadurea zaindu beharko zenduan, zelango jakiak hartzen zenduzan? Barazki asko eta arraina. Amak suabe-suabe egiten eustan okelea. Hirurogeita bat kiloko pisua neukan orduan, eta ez neban alkoholik edaten; ezta erreten be. Entrenetan gozatzen neban. Noiz izaten ziran lasterketak? Asteburuetan, normalean. Beharrak egin behar ziran etxean, eta esneak neuk eraistea gura izaten eban amak. Baina arreba nagusiaren senarrak beharra ikasi eban eta ganadua haren ardurapean ixten neban. Kanpora joateko aukerea euki neban. Hogeita zortzi urte nebazala, Bartzelonako Español Kirol Taldera joatea eskaini eusten, baina arreba txiki bi nebazan, eta aita eta anaia bat hil ziran... Irabazitako sarietatik, zein da gehien gogoratzen dozuna? Galizian lortutako urrezko medailea, Riazor estadioan. Amak hiru txuleta eta txokolatea sartu eustazan maletan bidaia horretarako. Beterano mailan be irabazi dodaz lasterketak: Elgoibar, Zaragoza, Santander... Estatu mailan hiru aldiz irabazi dot. Eta gogoa izan arren, joan ez zaren lasterketea? Batzuk egongo dira... Baina pena handia emon eustan Espainiako V. Txapelketara joan ezin izateak. Las Palmasen egin zan eta loba Iñakitxu han egoan soldadiska egiten. Baina hara joateko, aste osoa emon behar neban etxetik kanpo: sasoi hatan asterik behin izaten ziran hegaldiak. Olinpiadetara joateko aukerarik? Bai, Munichera. Gitxieneko marka batzuk bete behar ziran eta, ahaleginak egin arren, gitxigaitik lotu nintzan sailkapenetik kanpo. Materialak be ez ziran oraingoen modukoak. Pistea, adibidez, hauts pistea zan lehen, eta orain gomazkoa da. Nor joan zan Munichera? Pepe Fernandez; Tokion be izan zan. Handik Olan egin zan Bizkaiko lehenengo krosera etorri zan. Hamabi kilometroko lasterketea izan zan, Ina Ibarrondoren landetan zehar. Helmugarako 500 metro falta zirala, Fernandezi aurrea hartu eta neuk irabazi neban. Derioztar asko joan ziran lasterketea ikustera eta guztiok ilusino itzela izan genduan. Ondoren, zazpi aldiz irabazi neban Bizkaiko Krosa: Zornotzan, San Fuentesen, Gobelan... Zelan joaten zinan lasterketetara? Goizeko 8etan Bilborako trena hartu eta, San Nikolas elizan mezea entzun eta gero, joan behar neban herrirako trena edo autobusa hartzen neban. Bueltarako beti egoan lagunen bat. Eta zer gosaltzen zenduan halako egunetan? Frutea, txokolatea eta kafe esnea. Gatx suertau jatzun lasterketarik? Egia esateko, danetan ibiltzen nintzan nahiko ondo: Laredon, Pontevedran, Pauen... Iriarte doktoreak urtero begiratu eta kontrolak egiten eustazan Bilboko Kirol Etxean. Paueko lasterketea? Urtearen lehenengo lasterketea zan, abenduaren 8an. Isaac Rueda, Pepe Fernandez, Eduardo eta laurok gonbidatuta joaten ginan eta dana geunkan ordainduta, taxi eta guzti. Pauera zazpi urte jarraian joan nintzen. Hango Rene Jurdanok prestatzaile fisikotzat hartu gura ninduan, baina ez neban onartu. Ezkonduta nengoan eta familia neban. Zelango prestaketa fisikoari jarraitzen zeuntsan? Aritmendik, Mariano Harok eta Tomas Barrisek egindako ariketa-taulak egiten nebazan. Egun bakotxean ariketa mota desberdinak egiten nebazan: 100 metroko 50 serie astelehenetan; korrika egin, martitzenetan... San Ignazion be entrenetan nintzan futboleko arbitro batzukaz: Ortiz de Mendibil, Sainz Elizondo... Zeu be ibili zara prestatzaile fisiko, ezta? Kirol-monitore espezialitatea egin neban Bilboko Kirol Etxean. Froga batzuk egin behar izan nebazan: igeriketea, gimnasia, sokatik igotea, teoria... Madrilen, hautesle nazionala izateko titulua lortu neban. Eta halan, monitore hasi nintzan Zamudioko psikiatrikoan. Gaixoakaz gimnasia egiten neban, urteerak... eta solo bat be egin genduan. Ospitalean beharrean egon nintzan bitartean, ez eusten inoiz jarri oztoporik lasterketetan parte hartzeko. Alfredo Uriaren entrenatzailea be izan nintzan, eta garai hatan Kantauriko Jokoak irabazi nebazan. Bizkaiko Aldundiko Ibarrak harrera ederra egin eustan. Kantauriko Jokoak? Euskadi, Kantabria, Asturias eta Galiziako kirolariok hartzen genduan parte. Ni hiru probatan aritu nintzen: 1.500 eta 5.000 metroetan, bigarren lotu nintzan; eta 3.000 metroko oztopo-lasterketan, lehenengo. Afrikarrak zure garaian be ziran nagusi? Bai, baina ez ziran asko etortzen: bospasei lagun. Lasarteko Nazioarteko Krosean hamasei aldiz hartu dot parte, eta hara honeek be joaten ziran: Abebe Bikila, Mamo Wolde eta Zapotek. Etiopiakoak beti nagusi; ortozik egiten eben lasterketea. Orduan be izango ziran dopinaren ganeko kontuak... Asko ez zan entzuten. Batzuek esaten eben pastilla batzuk egozala, baina nik ez neban halakorik ikusi inoz. Garai hatan ez egoan analisirik, ezta gaur egungo kontrolik be. Afrikarren aurka ez eze beste “desafio” batzuetan be ibilia zara... 1980ko otsailean 100.000 pezeta jokatu ziran, nik Jose Antonio Landa “Sara”ri Santo Domingoko aldatsa igoten baietz irabazi. Berak bizikletaz igongo eban aldatsa; eta nik, korrika. Baina nekatu egin nintzan eta berak irabazi eban. Gero, parrandea egin genduan txokoan, eta kito! Beste behin, Berangoko Josetxo Elorduyren zaldiaren aurkako desafioa egin neban Santi Mamin: zaldiak hiru kilometro egin behar eban; eta nik, bi eta erdi. 10.000 pezeta jokatu genduan, eta neuk irabazi neban. Zein izan zan parte hartu zenduan azken lasterketea? Urkiolako igoera. Han nabaritu neban txarto nenbilen berna eta aldaketatik. Korrika egiteari 55 urte nebazala itxi neutsan. Aldaka bietako ebakuntza egin deuste. Zure kirol ibilbidea kontuan hartuta, bitxikeria bat baino gehiago izango dozu kontetako... Beno! Behin, Errege Egunean, Urdulizen euki neban lasterketea. Ondo ninoian: atzera begiratu eta ez etorren inor. Agure bat ikusi neban bedar ebaten. Kodainea hartu eta bedarra ebaten lagundu neutsan. Nahikotxo ebagi neban eta bigarrena baetorrela ikusi nebanean, korrika egiteari ekin neutsan barriro. Lehenengo heldu nintzan helmugara. Sekulakoa! Beste behin, Mungiako San Antontxu jaietan, zapatila barriakaz egin neban korrika, eta min egin eusten. Soloan egoan baserritar bati bere abarkak eskatu, jantzi eta korrika jarraitu neban. Baina honeek be gastauta egozan eta apurtu nebazan. Ortozik sartu nintzan helmugara. Zertan zabilz gaur egun? “Apala” eta “Rubio” idiakaz eta soloan ibiltzea dot afizino. Idiakaz hogei urtean jatsi naz Bilboko jaietara. Baina orduko denporak ondo gogoratzen dodaz. Palmaresa Urrea 1.500 metro lauak, Kantauriko II. Jokoetan (Oviedo): 1965 1.500 metro lauak, Bizkaiko Udaberri Txapelketan: 1965 San Bernabe Txapelketea (Logroño): 1966 Espainiako Krosa (Barreda): 1968 Kantauriko V. Jokoak (A Coruña): 1969 San Anton Krosa (Urduliz): 1974 eta 1976 Gasteizko XIV. Krosa: 1976 Gernikako II. Ibilaldia: 1979 San Martin Krosa (Zamudio): 1980 Bizkaiko Txapelketea (beteranoak): 1981 Gasteizko Krosa (beteranoak): 1984 Euskadiko XX. Krosa (beteranoak): 1984 Euskadiko II. Krosa: 1985 Euskadiko XVII. Krosa (beteranoak): 1991 Zilarra Gabon Zaharreko Krosa (Galdakao): 1973 eta 1981 Gernikako XXVI. Krosa: 1974 Brontzea 3.000 metroko oztopo-lasterketea, Kantauriko II. Jokoetan (Oviedo): 1965 3.000 metroko oztopo-lasterketea, Kantauriko III. Jokoetan (Gipuzkoa): 1966 San Anton Krosa (Urduliz): 1980 Laudioko Krosa: 1983 Beste txapelketak San Andres Krosa (Usansolo/Galdakao): 1962, 1963, 1965, 1966, 1968, 1969, 1971 eta 1972 Gabon Zaharreko Krosa (Galdakao): 1963, 1975 eta 1976 1.500 metro lauak, Kluben Arteko Espainiako V. Txapelketan: 1964 Bizkaiko Txapelketea: 1964, 1965, 1966, 1967, 1968, 1969, 1973 Hori Bai Krosa (Larrabetzu): 1965 5.000 eta 10.000 metroko lasterketak, Getxon. 1965 Zornotzako Nazioarteko Krosa: 1966 eta 1969 Juan Zubelzuren oroimenezko Krosa: 1967 eta 1969 Lasarteko XVI. Nazioarteko Krosa: 1971 San Anton IX. Krosa (Urduliz): 1977 Korrikalari Mungiako I. Maratoia: 1978 Santo Domingora VI. Igoera: 1981