Lezamatik Bilborako atxinako trenbidearen ibilbide

Aikor aldizkaria 2009ko ira. 9a, 15:12

Testua eta argazkiak: Larrondoko lagunak

Larrondoko lagunek antolatuta, Lezamatik Bilbora doan trenbide zaharraren ibilbidearen zati bat egin genduan uztailean. Ibilbidea Bidekurtzeko geraleku zaharrean hasi eta Artxandako maldan dagoan tunelaren sarbidean amaitu egiten da. Bidean zehar oso ezberdinak diran natura-gune bigaz egin genduan topo. Landaretza eta arboladiak nagusi dira lehenengo natura-gunean. Atxina lubeta batek gurutzatzen eban Ipintza errekea, eta trenbidea haren gainetik joian. Baina 1983. urteko uholdeek lubeta suntsitu eben eta harrezkero, itzulingurua emon behar da ibilbidera berriro jotzeko. Era berean, lehen tarte honetan dagoan eraikuntzarik garrantzitsuenagaz egiten dogu topo bidearen akaberean: 15 metroko lubeta bat, hain zuzen be. Haren azpitik Ateko erreka igarotzen da. Erreka inguruan harrobi batzuk sortu ziran eta handik ataratako harriak erabili ziran lubeta altxatzeko. Bigarren tartea ur-andeletik tunelera arte doa eta beste izaera batekoa da. Ur-partzuergoak etekina atera jako guneari eta ur-hodiak imini ditu bertan. Ondorioz, mantentze-ibilgailuak be handik dabilz. Akabuko tarte hau lehenengoaren erakargarritasuna eta xarma galtzen joan arren, oraindiño egundoko arboladiak dagoz bertan. Besteak beste, haritzek, gaztainondoek eta hurritzek osatzen dabe paisaia, Txorierriko sekulako ikuspegi ederrakaz txandakatu egiten dabenak. Beste alde batetik, trenbidea inguratzen eban harresiaren aztarnak ikusgai dagoz inguruan, landareek ia oso-osorik estali baitabez be. Atxinako trenbidearena ibilbide zoragarria da, erraza, bidetik aurrera egiten dogun heinean, bailarako panoramika dotorea ez eze landaredi anitza be eskaintzen deuskuena. Goiz ederra emon genduan, eta ibilbidea galdera nostalgiko bat buruan genduala bukatu genduan: Noiz arte egin ahal izango doguz hau bezalako ibilbideak? Baliteke Lezamako trenbide zaharretik doan ibilbide hau berreskuratzea? Historia apur bat Lezamatik Bilborako trenbide zaharra 1892. urtean hasi ziren eraikitzen, eta beharrak hiru urte beranduago bukatu ebezan. Azpiegiturea inauguratu eben urtean bertan, San Fermin Egunean, istripu larria izan zan eta zauritu asko egon ziran. Istripuak oihartzuna euki eban prentsan eta komunikabideetan azaldu eben legez, hildako asko be izan ziran. Trenbideak 1902. urtean emon eban azken zerbitzua, izan be, desnibel handia egoan ibilbidea eta, ondorioz, arriskutsua zan handik bidaiatzea.