Gorenera iritsi nahi zuten lehenengoek; eta bigarrenek, hareazko itsasoa zeharkatu. Uda honetan espedizio bi atera dira Txorierritik, bakoitzak bestelako norakoa zuela. Mendizaleak GII zortzimilarekin ausartu dira; eta abenturazale gazteek autoz egin dute bidaia Mauritaniara.
“Mendizaleak jakin behar du nora doan; arriskua beti dagoâ€
Gasherbrum II (GII) Karakorum mendikatean dago, Pakistanen, eta munduko mendirik altuenetarikoa da (8.035m). Jon Aroztegi Arroeta Zamudioko mendi taldeko kideak eta lagunek euren lehenengo zortzimilari egin diote aurre.
Bidaiatik bederatzi kilo galdu zenituela bueltatu zinela entzun dugu. Indarberrituta?
Bai. Ahul bueltatu naiz, tripetako arazoekin, eta astebete eman dut burua altxatu ezinik. Baina inguruko jaiak oso aproposak dira indarrak berritzeko; badakizue, afariak, bapo jan...
GII-ren gailurrera heltzea zenuten erronkatzat; hala ere, ezinezkoa izan zen.
Mendia oso egoera txarrean zegoen. Guk hilabete eta erdi eman genuen bertan, eta gurekin batera beste 15 bat espedizio ibiliko ziren gailurrera igotzen saiatzen: 150 lagun inguru. Guztietatik mendizale bik baino ez zuten lortu: bata “makina†da, mundu mailan ospe handia duen mendizalea; eta bestea, arduragabea.
Zelango egoerarekin egin zenuten topo?
Teorikoki uztaila hilabeterik aproposena da GIIra igotzeko, eguraldi ona izaten delako. Baina guk ez genuen eguraldia lagun izan: egun baretsu bi ateratzen baziren, hurrengo hiru egunetan mara-mara ari zuen elurra, aurreko egun bietan konpondu zena berriro hondatuz. Elur-jauzien arrisku handia zegoen.
Noraino ailegatu zineten zuek?
Bigarren kanpamenturaino, 6.400 metroko altituderaino. Gauzak prest genituen hirugarren kanpamentua atondu eta gailurrera igotzeko, baina ez zen aukerarik egon. Ondo aztertu behar da zein den mendiaren egoera eta aurre egin beharko zaion arriskua. Guk 20 egun eman genituen eguraldiak hobera noiz egingo. Eta itxaroten ari ginela, gero eta urrunago ikusten genuen gailurra.
Espedizioak GI-ra (8.068m) desbideratu ziren, eta zure kide bat, Nestor, beste talde batekin elkartu zen.
Eta gailurrera heltzea lortu zuen. Kasu honetan mendiaren beste malda batetik igotzen da gailurrera, eta eguraldiak ez zion hainbeste kalterik egin malda horri. Gutariko batek lehenengo aldiz zortzimila bat egitea lortu du, eta oso pozik gaude.
Zuk, aldiz, eurekin ez joatea erabaki zenuen, zergatik?
Ez nenbilen ondo eta taldearentzat zein niretzat hobea zen erabakia hartu nuen. Eurekin joan banintz, arriskuan jarriko nituzkeen.
Etsigarria izango zen hori bezalako erabakia hartu behar izatea.
Lehenengo aste bian indartsu ibili nintzelako batez ere. Baina oso ahul nengoen momentu horretan, kilo asko nituen galduta eta altuerak eragina izan zuen nigan...
GII-a zortzimilarik errazenetarikotzat dute. Ados?
Hori buruz, hain zuzen ere, aritu ginen gainontzeko espedizioekin. Teknikoki ez dela oso mendi zaila diote. Zailtasun teknikoak eguraldiak, elurraren eta mendiaren egoerak eta norberaren egoerak sortzen ditu. Barre egiten genuen: hau erraza bazen, nolakoak izango ziren besteak! Baltoro glaziarra zeharkatze hutsa bada abentura. Guk lau aldiz zeharkatu genuen eta laugarrenean bazegoen zuloz beteta, horrek dakarren arriskuarekin. Lehenengo kanpamentutik bigarrenera joateko, taketez finkatutako soka tinko bat dago eta taketak edozein momentutan aska daitezke. Bigarren kanpamentutik hirugarrenerako bidean elur-jauzien arriskua dago, eta tontorrerako bidean errespetua ematen duen ertza dago. Ez, ez da mendi erraza, eta aurten tontorrera bi pertsona baino ez ailegatzea horren seinalea da. GI-en tontorrera, berriz, 15 pertsona igo dira, mendi hori “zailagoa†bada ere.
GII-n egon zinetela mendizale bi desagertu ziren Karakorum mendikatean: Luis MarÃa Barbero, GII-n bertan; eta Oscar Perez, Latok II-n.
Gogorra izan zen. Barberorekin mendian egin genuen topo egun batean, eta, ondoren, kide bat berarekin izan zen solasean beheko kanpamentuan. Lehenengo kanpamentuan geundela, portugaldar batzuek esan ziguten 7.600 metroan argi-seinaleak egiten ari zirela. Barbero zen. Erreskate-taldea osatzen bazen, gu ahal genuen guztietan laguntzeko prest geundela esan genien, baina eguraldi txarra hasi zen. Hiru egunean mara-mara ari zuen elurra eta laino itzela zegoen. Oso aukera gutxi zegoen Barbero bizirik topatzeko, eta hiltzat eman zitzaion. Oscarren berri Sebastian Alvaro Al filo de lo imposible saioaren zuzendariak eman zigun etxerako bidean.
Ados zaude kasu bietan hartutako erabakiekin?
Bai, ez zegoen besterik. Lehenengo eta behin, erreskatea egitea posiblea den aztertu behar da; eta, gero, pertsona bat salbatzeko, bospasei lagun oso arrisku handian jartzea merezi duen. Bizirik egoteko oso-oso aukera gutxi daudela kontuan hartuta, gainera. Taldearentzat hobea dena erabaki behar da. Mendizaleak jakin behar du nora doan, arriskua beti dago.
Lehenengo aldia izan da zortzimila bat egiten saiatu zarena. Nahiz eta lortu ez, pozik?
Jakina! Halako mendietara joaten garenean, badakigu gailurrera ez heltzea gerta daitekeela. Lau pertsonetatik batek lortzen badu, ondo dago. Aurten, adibidez, ez da egon igoerarik ez KII-ra, ez Broad Peak-era; GII-ren tontorrera bi lagun igo dira, eta GI-era, 15.
Berriro saiatuko zinateke?
Bai, zalantza barik! GII-ra ez bada, beste batera. Joate hutsak merezi izan du. Lagunak egin ditut, eta esperientziak asko irakatsi dit; hurrengo espedizioetan lagungarriak izango zaizkidan gauza asko ikasi ditut mendiari buruz, eta nire buruari buruz.
Sherpen lanarekin liluratuta etorri omen zara...
Egunean lau euro inguru irabazten dute, eta hor dabiltza: mendian gora eta behera, soinean 30 kiloko karga daramatela eta azokan erositako zapatila zuriak jantzita... Harrigarria da, benetan.
GII-n bizi izandako esperientzia konpartitzeko asmorik?
Proiekzioa egingo dugu Sondikan, Zamudion eta Getxon. Era berean, espedizio batera eramaten den materiala ikusgai jarriko dugu Zamudion.
“Benetako abentura basamortuan hasi zenâ€
Jon Goikuria sondikoztarrak eta lagunek 10.000 kilometro baino gehiago egin dituzte abuztuan. Maroko bisitatu ostean, Mauritaniara abiatu dira eta ez dute zalantzarik izan hareazko dunetan murgiltzeko orduan. Bidaiak harritu egin ditu ibilbidean aurrera egin duten ahala.
Usteak erdi ustel. Nouakchott (Mauritania) zenuten helmugatzat, baina ezin izan zineten heldu...
Istripua izan genuen Chinguetti herriaren inguruan eta autoak erabateko hondamena eduki zuen.
Istripu larria izan zen?
Krater batzuk ikustetik gentozela, autoaren kontrola galdu genuen bihurgune batean. Harri baten kontra jo eta kanpai-buelta batzuk eman genituen. Zorionez, ez zen zauritu larririk egon. Lagun batek mina hartu zuen trapezioan, baina aringarriak eman zizkioten bertako ospitalean, eta handik hiru egunetara ondo zegoen. Istripua bidaiaren hogeigarren egunean gertatu zen eta lau egun beranduago etxera itzuli ginen.
Beno, hasieratik hasiko gara. Zein izan da bidaiaren helburua?
Mauritania ezagutu nahi genuen eta Nouakchott hango bihotza denez, hori ere bisitatu behar genuen derrigorrean. Era berean, bidaia solidarioa egin nahi genuen: bertako jendea ezagutu, euren ohiturak, bizimodua... Janaria sobera eraman genuen eta zati bat Marokon banatu genuen; eta beste zatia, Mauritanian. Kirol- eta eskola-materiala ere eraman genuen. Hala ere, bertako eskolak itxita egongo zirela ez genuen kontuan hartu, eta bat-batean hartu behar izan genituen erabakiak. Hau da, herri bat bisitatu eta hango umeei eman material apur bat.
Bidaia egiteko, lur orotako ibilgailu errusiar bi erosi zenituzten. Maletak eta materiala maletategian sartu, eta nola hasi zenuten abentura?
Hogeita lau ordu baino gehiago eman genituen gidatzen, Chefchaouenera ailegatu arte. Auto baten ur-ponpa apurtu zitzaigun Fezen. Hango tailer batera jo genuen, baina gurea auto errusiarra zen eta ez zuten ordezko piezarik. Beharbada, Casablancan topatzeko aukera edukiko zutela esan ziguten, eta lau egunen buruan bueltatzeko.
Zer egin zenuten orduan?
Beharrezkoa zen guztia beste autoan sartu eta Marrakechera abiatu ginen laurok. Basamortutik ibili ginen, Atlas mendikatea gurutzatu genuen... Fezera deitu eta pieza ez zutela topatu esan ziguten. Egoera aztertu ondoren, Mauritaniara guztiok auto berean bidaiatzea erabaki genuen. Espainiara ere deitu genuen, pieza korreoz agintzeko. Benetan, momentu horretan hasi zen gure abentura.
Zelan moldatu zineten Mauritaniatik?
Han ezagutu genuen zer zen basamortua. Izan ere, Marokokoa turistentzat dago egokituta, errepide asko daude..., baina Mauritaniakoan errepide bakarra dago, eta, gainera, ez da oso ona. Bidaia errepide horretatik egin beharrean, basamortuan barrena egitea erabaki genuen. Eta bertan ez dago ezer, ez poliziarik, ez errepiderik... harea eta harea, besterik ez.
Zaila izango zen norabidea ez galtzea.
Minerala barrualdetik kostaldera garraiatzen duen trenbide batek zeharkatzen du basamortua eta guk hura hartu genuen erreferentziatzat. Iparrorratz batek lagunduta, Atarrera ailegatu ginen. Inguruan herri asko daude eta Chinguettin gizon bat ezagutu genuen polizia-kontrol batean. Hango lurretatik autoz ibiltzea zaila zela esan zigun, harea asko zegoela, dunak... eta, nahi izanez gero, gure gidaria izango zela. Ostatua bere etxean hartu genuen, egun batzuetan bere familia eta lagunekin bizi izan ginen, eta gure autoan ailegatu ezin izango ginen lekuak ezagutzera eraman gintuen. Istripua izan genuenean, paperak konpontzen lagundu zigun, etxera itzuli ahal izateko.
Eta zelan itzuli zineten?
Ahal izan genuen moduan: minerala garraiatzen duen aipatutako trenbidean, autobusez, autoz, motorrez... Hondatu zitzaigun autoari ur-ponpa kendu eta Fezen utzi genuenari jarri genion. Handik etxera abiatu ginen.
Hamar mila kilometro baino gehiago egin dituzue guztira. Zein izan da tarterik gogorrena?
Gogorrena basamortuarena izan da, baina, aldi berean, politena. Hiru egun eman genituen basamortutik galduta. Ur eta gasolina gutxi genuen. Han ez zegoen ezer: harea, animaliak eta beroa, besterik ez. Berrogeita hamabost graduko tenperatura jasan behar izan genuen... Hori bai izan zela abentura! Baina egia aitortu behar da, horren bila ibili ginen; esperientzia hori bizi nahi genuen.
Arazorik izan zenuten mugak gurutzatzeko orduan?
Hainbat polizia-kontrol zeuden kilometro gutxitan eta galdera asko egin zizkiguten, baina ez genuen arazorik izan. Ni taldeko ikasle bakarra nintzen, eta grazia handia egiten zien ikasle bat basamortutik galduta ibiltzeak.
Anekdota asko izango dituzue kontatzeko.
Batzuk bai. Gauza asko egin nahi genituen, eta denborarik ez. Ondorioz, presaka genbiltzan leku batetik bestera. Bertakoek hala esaten ziguten: “Presaka ibiltzeak hil egiten du, lagunâ€. Eta aholku hori aukeratu genuen bidaiaren lelotzat. Beste alde batetik, bitxia iruditu zitzaidan Coca-Cola leku guztietan izatea. Adibidez, basamortu erdian dagoen dendatxo batean ez dute urik, baina Coca-Cola, bai.
Zer nabarmenduko zenuke bidaiatik?
Jendearen izaera. Oso ezberdinak gara euskaldunok, marokoarrak eta mauritaniarrak. Euskal Herrian mesfidatiagoak gara, eta han, berriz, laguntzeko prest azaltzen dira beti. Beno, Marokon diru truke izaten dela esan behar da, baina Mauritanian desinteresatuagoak dira. Galduta edo egoera larrian ikusten bazaituzte, gelditu egiten dira, galdetzen dizute eta lagundu egiten dizute. Beste alde batetik, lagunen arteko harremana sendotu eta elkarrekin hobeto ezagutzeko ere balio izan du bidaiak.
Argazki pilo bat atera duzue eta bidaia grabatu ere egin duzue. Zer egingo duzue material horrekin?
Bostehun argazki baino gehiago atera diegu bertako jendeari, lekuei, basamortuari... Horietako 50 aukeratu eta ikusgai jarriko dira Sondikan. Dokumentala ere egingo dugu.
Gai nagusia