Irailaren 15ean bidaiari berri bi agertu ziren Atxuriko tren geltokian: DustClean eta DustCart. Asmatu duzuenez, ez dira ohiko bidariak. Eta guztiz euskaldunak ez badira ere, badute zati bat euskalduna, Zamudioko Teknologia Parkeko Robotiker-Tecnalia zentro teknologikoak euren garapenean hartu baitu parte.
Izan, robotak dira, baina robot bereziak, AmI edo Ingurumen Inteligentzia erabilita garatu baitituzte. Zer da AmI edo Ingurumen Inteligentzia? Beste kasu batzuetan bezala, AmI siglak ingelesetik datoz: Ambient Intelligence. Euskaraz Ingurumen Adimena esaten da, eta hitz horiek erabiltzen direnean, ingurumen adimentsu bat dugula adierazi nahi da. Asmoa hau da: ezberdinak diren baina elkarrekin aritzen diren teknologiez baliatuz, era adimentsu eta autonomo batean gizakiekin komunikatzeko eta euren beharrizanei erantzuteko gai diren inguruneak garatzea.
Sentitzen dutenak, egokitzen direnak eta beharrizanei, ohiturei, keinuei, emozioei... erantzuna ematen dietena. Konplikatua dirudi, baina lehen aipatutako robot biek kontzeptua ulertzen lagunduko digute.
DustClean ingurune zabalak, irekiak edo itxiak, garbitzen dituen robota da. Hasteko ez dago berritasunik, halako robotak jadanik ikusita ditugu eta. Non dago, ba, Ingurumen Inteligentzia?
Guztiz autonomoak
Robot hau guztiz autonomoa da. Badaki non dagoen eta, beste batzuk ez bezala, ez da ausaz mugitzen. Gainera, airearen kutsadura neurtzen duen sistema du eta gauza edo pertsonekin topo egiten duenean, horiek antzeman, inguratu eta bere lanarekin jarraitzeko gai da. Eta zaborrez beteta dagoenean, zaborra behar den lekuan hustu eta lanari ekiten dio berriro.
DustCart robotaren kasuan, berriz, nabariagoa da egokitzapena. Funtsean, informazioa ematen duen robota da, zaborra hartu eta dagokion lekura eramateko gai dena. Baina ez hori soilik.
DustClean robotak bezala, badaki momentu guztietan non dagoen. Ukipen-pantaila du berarekin komunikatzeko, eta nahi dugun informazioa pantaila horren edo ahotsaren bidez jaso dezakegu. Giza itxura du (beno, apur bat), eta, tontakeria badirudi ere, ezaugarri hori lagungarria da berarekin eragiteko. Etxean zaborra badugu, berari telefonoz deitu eta bila etorriko da, dagokion zabor-edukiontzira botatzeko.
Gero eta adimentsuagoak... Non dago muga?
Irudiak eta informazio gehiago: www.dustbot.org