Goiz berezi bateko goizeko 9ak dira; baserrira autoak etorri izanak gaur bestelako jarduera egingo dela iragarri du. Poztasun eta urduritasunaren nahastea dago inguruan: poztasuna, elkartzearengatik eta urte osoan zehar mimatu den fruitua (garbiketa, inausteak, mantentze-lanak...) jasotzeak dakarren jaiarengatik; eta urduritasuna, Bizkaian duela gutxi bota dituen eurite gogorrengatik, zeinek, gure ustez, mahastian eragina eduki ahal izan baitute.
Eskularruak eta artaziak eskuetan ditugula, lagunarte atseginean eta umore onez, mahastitik banandu gara kutxa hutsik bilduz, eta ekin egin diogu lanari. Niri egokitu zaidan lan-eremuan lagunak berehala hasi gara elkarri begiratzen, eta norbaitek “mahats-mordo honek balio du?â€, “hau botatzekoa da, ezta?†galdetu du. Mahats-mordoak kontu handiz joan gara garbituz, brotitisa kenduz eta gaitzik gabeko mahats-mordoak ia besarkatuz. Momentu horietan ardo munduari buruz kalean entzuten diren topikoak etorri zaizkit gogora: mahatsez beharrean hautsez egiten dela, ardoa ekoiztu eta saltzea aukera aparta dela, eta abar... Lagunari begiratu diot aurpegira, eta hunkitu egin nau gauzak batzuetan horrela datozela eta gogo onez onartu behar direla esan didanean. Hamarkadako uztarik onena izatekoa zela azaldu dit, baina baserritarraren bizitzan badago jaun eta jabe den eragile bat: natura. Naturak drama bihur dezake urte osoko lana, baina, aldi berean, magia ere bai. Horregatik da ezberdina botila bakoitza, urte bakoitza, inguru bakoitza. Horregatik esaten diote lana, beharbada; nik artea esatea nahiago dut. On egin.