Behar beste energia izatea gaur egungo gizartearen arduretarikoa da, ez dadila gure etxean argindarra falta. Era berean, autoetarako behar beste erregai egotea nahi dugu, eta merke, gainera. Ez dira, ez, erronka makalak, baina guk ez ditugu gure ardurapean hartzen, agintariak horien arduradun bakarrak direlakoan.
Azken bolada honetan, eta energia elektrikoa bermatzeko, energia nuklearra indartu nahian ibili dira enpresa batzuk. Eta, egia esan, energia mota hori energia elektrikoa era seguru batean sortzeko modua izan liteke epe luzera. Baina energia nuklearraren aurkako ahotsak ere badaude: hainbat talde ekologista, esaterako. Eta guk ere aukerak ditugu gure adostasuna edo ezadostasuna adierazteko, www.yosoyantinuclear.com webgunearen bitartez, adibidez.
Ekologista izatea zer den aztertu dut askotan eta definizio zorrotz eta labur baten bila ibili ondoren, hau topatu dut: “Naturari inolako kalterik egiten ez diona da ekologistaâ€. Eta ez dakit arau hori betetzen duenik egongo den; oihan sakonean bizi diren indigena bakar batzuk, beharbada.
Gizakiaren garapenak kaltea ekarri dio beti naturari. Ingurumena aldatzen gabiltza, basoak eta zelaiak asfaltoz, etxebizitzaz eta lantegiz betetzen gabiltza, eta ez dugu gelditzeko asmorik. Noiz arte? Sei mila milioi lagun baino gehiago bizi gara planetan, eta egunero-egunero eguzkiak ematen digun energia baino ez dugu. Jarraitu nahi badugu energia horretaz baliatzen, gutariko bakoitzak arduratsua izan beharko du. Hona hemen guztiok naturaren alde egin ditzakegun ekintza batzuk:
- Energia elektrikoaren kontsumoa gutxitu etxean: Argiak eta elektrotresnak soilik beharrezkoa denean piztu; kontsumo gutxiko bonbillak erabili; berogailu eta izozgailuaren tenperatura eta erabilera kontrolatu...
- Papera, ontziak, beirak, pilak, organikoak, olioa... birziklatu eta ahalik eta gutxien kontsumitu.
- Uraren kontsumoa gutxitu. Guztiok dakigu ez direla 15 minutu behar dutxa hartzeko.
- Garraioarena ere suspenditzen dugun beste arlo bat da. Oinez egin daitekeen bidea autoz egiten dugu; ez dugu garraio publikoa erabiltzeko joerarik; eta auto barruan gidaria baino ez doa gehienetan.
Aholkuak aholku, hausnarketa egin behar genuke bakoitzak, ea gutxiegitik nahikora pasatzen garen. Mikel Laboaren abesti bat etorri zait gogora: “Naturarekin bat izan eta [...]/ indarrak ongi errotuz/ gure sustraiak lurrari lotuz/ bertatikan irautea[...]â€.
Gutunak