Sasoi baten, erromatar inperioa oparotasunean egoanean, agintariek jai eta antzerakoak antolatzea besterik ez eben behar herritarren oneritxia eskuratzeko. Gladiadoreak lehoien aurrean borrokatzen ikustea zan kritika zorrotzenak be baretzeko modua. Egunotan, ordea, bestelako zirku bat montau dabe Italian. Jakingo dozue bai. Italiako Konstituzioaren kontrakotzat jo dabe Alfano Legea, hain zuzen, Silvio Berlusconi Lehen Ministroari inmunitatea ematen deutsona. Eta, hori, gobernuburuak ahaleginak eta bi egin dituala momentu hau heldu ez daiten. Il cavaliereak, segituan, basapiztien moduan, mundu osoa bere aurka dagoela salatu dau. Antza danez, epaile guztiak komunistak dira eta Italiako presidentea, Giorgio Napolitano, “partidista†ei da.
Baina lehoi zaharra da Berlusconi! Borroka askotan hartu dau parte eta guztiak irabazi ditu. Herrialde normal batean, ostera, Lehen Ministroak dimisioa aurkeztuko eban edo bere alderdiak kargua itxitera behartuko eban. Neu bai neu! Aukera hori burutik be ez jako pasatu Berlusconiri. Bai zera! Horixe baita bere izatekoaren erretratua: ahoberoa, harroa, matxista eta sasi-buruzagi halakoa. Baina benetan arduratzen nauena zera da; italiarren gehiengo handi bat oraindik be bere jarraitzaile sutsu dala. Norbaiti entzun neutson lehengo egunean, itxuraz, berorri aurre egiteko aurkari politikorik ez dagoala egun Italiako panorama politikoan. Argumento hori ez da aitzaki. Ez deust balio, benetan. Herritarren loaldi horrek mesede egin baino kalte larregi egin leikio herrialde bati. Aspaldiko mamuak ez ditut nik gogoratu nahi orain baina herritarren loaldiek diktadore eta boterea helburu daben agintarien goraldia ekarri dabe sarri askotan. Pentsatu gurako neuke XIX. mendeko Europan horrelakorik ezin gertatu leitekela. Italiako kasuan, baina, Il Cavalierek hogeita hamar urteotan egin dauan kaltea sakonegia da aste batzuetan egoera bere onera ekartzeko
Ez dakit zehazki mediterraniar itsasoko haize boladak edo bertako kultura eta ohiturak deituta izango ete dan baina italiarrak beti bere kasa. Gogora etorri jat orain momentuan Asterix eta Obelixen komikiak irakurtzen nebanekoa. Harek, Obelixek, kristo aurreko sasoietan jada esaten eban moduan, orduan ere arrazoi osoarekin gainera, “zorotuta dauz erromatarrak honeekâ€.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).