Joseba Gotzon, Gutxi batzuentzako musikaria

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 26a, 13:16

Ezkerraldetik etorri zitzaigun Joseba Gotzon musikaria duela sei urte, eta gutako bat da dagoeneko. 2009a urte berezia izan da berarentzat. Izan ere, 25 urte pasa dira lehenengo diskoa plazaratu zuenetik. Loiutarra urteurrena ospatzen dabil, eta Aikor! aldizkariak zorionak eman dizkio. Hogeita bost urte pasa eta gero, zer pentsatzen duzu atzera begiratzen duzunean? Hala da, 25 urte pasa dira lehenengo diskoa atera nuenetik, baina 12 urte nituela hasi nintzen musika ikasten. Atzera begiratzean, egoera historikoa etortzen zait burura. Jendeak izugarrizko ilusioa zuen 80ko hamarkadan eta jarrera hori desagertu egin da. Gainera, euskarak aurrera egin badu ere kalean ez da entzuten. Kulturak atzera egin du mende honetan, nahiz eta hura zabaltzeko modu gehiago egon. Eta zure musikari dagokionez, nolako bilakaera izan duzu? Historikoki galduta hasi nintzela esaten dut txantxetan: ez nuen kantautoreen garaia bizi, ezta euskal rock radikal izenekoarena ere. Gauza berriak egiten saiatu naiz beti: lehenengoa izan nintzen Euskal Herrian funkya jorratzen edo bossa nova, jazz eta pop estiloak uztartzen. Ez dut beste kantautore batzuen -Gontzal (Mendibil), edo Ruper (Ordorika), esaterako- beste arrakasta lortu, baina berdin ditta. Kantautore askok utzi diote kantatzeari, baina nik eszenatokiaren gainean jarraitzen dut. Hori da garrantzitsuena. Ospakizun bereziren bat egingo duzu urteurrena ospatzeko? Bira udaberrian hasi eta orain amaitu dut. Areto txikietan ibili naiz, gusturago bainago. Izan ere, harreman estuagoa sortzen da publikoarekin. Areto handietan, aldiz, jendea hitz egiten, edaten edo jaten dabil zuri entzuten dizun bitartean. Kontzertu txikietan inplikazio gehiago dago. Beste alde batetik, disko bi kaleratu nahi ditut datorren urterako: batean, pop-rocka landuko dut; bestean, nire kantautore sena askatuko dut. Estilo biak lantzea gustatzen zait. Zure ustez, zein da zure lanik onena? Zaila da. Fotopoemak aukeratuko nuke, agian. Oso disko intimista da eta oparoena, alde guztiak kontuan hartuta: musika, ekoizpena, moldaketak... Kanpoan ibili zara askotan. Nolako harrera egin dizute? Ona. Aspaldian konturatu nintzen kantatzen jarraitzeko, kanpora atera behar zela. Euskal Herriak oso merkatu txikia du eta artista asko gaude. Ez dago lekurik guztiontzat. Inguruan jotzea ere zaila da. Bitxia da baina, nire ustez, Venezuelan Burgosen baino errazagoa da kontzertuak eskaintzea. Horregatik, urrunera joan naiz: Argentina, Txile, Georgia edo Kataluniara, besteak beste. Askotan atzerrian etxean baino sentsibilitate handiagoa adierazten dizute. Adibidez, Argentinan kultura-ondasuntzat hartu zuten nire kontzertua. Hemen, ordea, erakundeek ez diote errespeturik kulturari. Hemengo kultura-programatzaileak kanpoan egiten diren jaialdietara joaten dira, baina bertokoa ez dute ezagutzen. Zure azken lana Artistas en ruta ekimena da. Zelakoa da? Hori hiru hilabeterik behin Sociedad de Artistas Intérpretes o Ejecutantes de España (AIE) elkarteak antolatzen duen ekimena da. Estatuko hainbat herrialdetako artistok bertan parte hartzeko eskaera egin, eta eurek onenak aukeratzen dituzte. Si has llegado a destiempo kantua sartu dute diskoan. Ekimenak nire musika beste publiko mota bati erakusteko aukera eman dit. Nazioarteko enpresek ezartzen duten merkatutik kanpo egoten saiatzen zarela irakurri dut. Ez duzu musikatik bizi nahi, ala? Irrati eta telebisten monopolioak ezartzen du merkatua. Eta zenbat artista sartzen dira bertan? Nazioarteko enpresek esaten dituztenak, hau da, oso gutxi; eta gehienak merkatutik kanpo gabiltza. Adibidez, Kiko Veneno: garai batean, bere kabuz hasi zen kontzertuak egiten eta diskoak plazaratzen. Eta merkatuak erantzun egin zion. Javier Krahe edo Amancio Prada ere aipatu ahal ditut. Horiek ez dira irratian edo telebistan agertzen, ez dira famatuak, baina 70 kontzertu ematen dituzte urtean. Nahiz eta merkatutik kanpo egon, musikatik bizi ahal dela esan nahi dut; jendeak kalean ez zaitu ezagutuko, agian, baina hori ez da garrantzitsua. Ezagunagoa zara musika dela-eta, baina liburuak ere eraman dituzu plazara. Komunikatzeko grina duzu, ezta? Batzuetan gauzak berez doaz aurrera. Nik sormenari ekin baino, ikerketak egin ditut: Portugaleteko musikaren historia idatzi nuen, eta horrek zortzikoteen historia ikastera eraman ninduen. Eta hori dela-eta, liburu batzuk argitaratu genituen. Gainera, zortzikoteen inguruko jaialdia ere antolatzen dugu, mundu mailan egiten den bakarra. Beste alde batetik, futboleko euskal selekzioaren historia ere batu genuen liburu batean, eta batzuetan baimena eskatzen digute han agertzen den informazioa erabiltzeko. Horrek harrotasuna sorrarazten dit, baina horrelako liburuak ez zaizkit ekonomikoki merezi, egiten ordu gehiegi eman behar dudalako. Aipatu dugun bezala, denetarik egin duzu. Zein da zure muga? Artean ez dago mugarik. Nirea ibilbide anitza da. Txorierritar “berria” Joseba Gotzon Varela Portugaletekoa da, eta bertan hasi zen musika ikasten 12 urte zituela. “Solfeoa ikasi nuen herriko udal bandan. Institutuko garaian bor-bor zeuden kultura eta politika, eta nik bat egin nuen mugimendu handi horrekin. Kontzertuak eskaini eta kantak lantzen hasi nintzen orduan”. Geroago Bilbora joan zen bizi izatera, eta hortik Txorierrira, Loiura, duela 6 urte. “Deustun bizi nintzen, eta umea txikia zela, noizean behin Loiura etortzen ginen aisialdian. Herria gertu genuen, eta Deustun ez zegoen berdegunerik. Etxeak politak iruditu zitzaizkigun eta haurrak Lauro Ikastolan ikasten zuen. Horregatik, hona etortzea erabaki genuen azkenean”. “Harreman handirik” ez du loiuztarrekin, baina “pozik” bizi da familiarekin. Hala ere, zorra du oraindik txorierritar guztiekin. Izan ere, ez du inoiz haranean kontzertu bat ere eskaini. Berak ez dio garrantzirik ematen kontuari eta “horren inguruan pentsatzen ez duela” esan digu. Ibilibide oparoa Diskoak 1984: Gau Hotzak (Hilargi). 1985: Inpotentzia (Hilargi). 1987: Botere Zalantzakoak (Hilargi). 1990: Kalapo (Hilargi). 1994: Made in Ris (Elkar). 1999: Noegga, historias y leyendas (Nojako Udala). 1999: Nortasuna (Keinu). 2003: Fotopoemak (Marrodán Olerki Elkartea). 2006: Gris (Autoprodukzioa). 2007: Padelitis. 2009: Artistas en ruta. Argitalpenak 1990: Nataliaren lilura (Hilargi). 1997: Ochote Danok-Bat (1932-1987). El ochote en Sestao. 1998: Euskal Herriko Otxote Historia. 1998: Euskadiko Futbol Selekzioaren Historia (Beitia). 1998-1999: Portugaleteko Musika Historia (5 liburu) (Egilear). 2001: Nortasunaren ispilua (Beta). 2002: Historia del ochote en Cantabria (Kantabriako Gobernua). 2005: Otxote Bilbo Argia zortzikote. 25. urteurrena (Argia).