Solidaritateak ez dau adinik

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 26a, 13:37
Txorierri eskualde solidarioa da. Horren adibidea munduko hainbat txokotara, era baten edo bestean, laguntza eta alkartasuna eroan dabezan txorierritarren zerrenda luzea da. Halanda be, borondatezko lankideak gazteak izaten dira normalean; Mari Carmen Benito eta Josu Barrena Lezamako senar-emazteak araua hautsi egin dabenetarikoak dira. Besteengaitik zerbait egiteko grinea eben aspaldirik eta “erdi erretiratuta” dagozala aprobetxatuz, hiru hilabetean egon dira Behar Bidasoa GKEk eta Ahizpa Pasiotarrek Pereiran daben garapen proiektuan, Kolonbian. Bizitza ez da bape erraza Pereirako biztanleentzat. Baliabide gitxi eta arazo handiak dituan herria da: pobrezia, droga, indarkeria eta familiako gizonen arduragabekeria, esaterako. Garapen zentroan 160 umeri emoten jake jaten, eta 40 ama gazte eta 60 aitona-amona zaintzen dabez. Mari Carmen eta Josu arazo barik egin ziran zentroaren erritmora eta ahal izan daben guztietan hartu dabe parte: erizaindegian, umeei zuzendutako aho-hortzen osasuna zaintzeko programan, jantokian, ama gazteentzako ikastaroetan, aitona-amonentzako terapietan... Bikoteak ezinbestekotzat jotzen ditu zentroan dagozan beharrerako prestakuntzako lantegiak, “bertan jasotako ezagutzak aukerea emoten deutselako behar mundura sartzeko. Ganera, euren negozioa be jarri daikie, eta ikasi dabena etxekoei irakatsi”. Besteak beste, okintza, zapatagintza, joskintza eta edergintza tailerrak ipini dira martxan. “Halanda be, diru falta oztopoa izan daiteke batzuentzat, banketxeak mikrokreditoak emoteko uzkurrak dira-eta”. Tailerrek kanpotik jasotzen diran diru-laguntzei esker irauten dabe, “hango instituzioek ez deutsie dirurik emoten zentroari”. Era berean, hango familiek eta enpresek be dohaintzak egiten dabez, eta horregaz apurka-apurka aurrera ateratzea lortzen da. Betiko arantza Zentrokoei bitxia suertatu jake lezamarren adineko lagunak hara joatea. “Jente gazteagoagaz behar egiteko ohiturea dabe. Baina guk abantaila eroan deutsegu: bidaia ez dogu beste herri bat ezagutzeko nahiak bultzatuta egin, eta oso inplikazio handia izan dogu zentroan eta bertokoen beharrizanetan”. Istorio asko ezagutu dabez zentroan, gogorrak, oilo-eperdia ipintzeko modukoak, eta asmoak be itxi dabez bete barik. “Ahal dana egiten da. Indar barik sentitzen zara, ezin zarelako danera ailegatu”. Senar-emazteen ustez, ardurea, ikastea eta beharra dira marginalitatetik ateratzeko gakoak, “baina erraza da guretzat. Nola sartu buruan balore horreek egoera horretan bizi behar dan bati? Frustrazio handia dago eta auzokideak dauana gura dabe, legez kontrako bideen bitartez lortu badau be”. Borondatezko lankide moduan izandako lehenengo esperientzia erabat aberasgarria izan da Mari Carmen eta Josurentzat. Pereirara laguntza gehiago eroan eikien, eta gauza gehiago egin eikien bertan... betiko arantza. Gogoan hartu dabe egin eta esan barik itxi daben guztia, eta inoz hara bueltatzeko asmoa ere erakursi dabe. Beste askorena moduan, lezamarren ekarpena txikia izan da, baina oso garrantzitsua.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).