“Ahots-espektakulu sinfoniko zirraragarria”

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 26a, 13:45

Mankomunitateak 20 urte bete ditu eta hori ospatzeko, Luz Interna saioa egin zen Larrabetzun Argazkiak: Gaztelumendi abesbatza

Tirri Tarra Pasai San Pedroko fanfarreak Luz Interna ikuskizuna eskaini zuen irailean, Larrabetzun. Musika ikuskizun hori taldearen Luz Negra/Argi Beltz diskoaren eta prestatzen dabilen Internas lan berriaren arteko fusioa da, eta Mankomunitatearen urteurrenaren haritik aurkeztu zen Txorierrin. Gipuzkoako lagunekin batera, Sotto Voce Donostiako orkestra eta Intxartu Algortako abesbatza ere ibili ziren eszenatokiaren gainean. Baita Txorierriko zenbait abesbatza ere: Gaztelumendi Larrabetzuko abesbatza, Zamudioko Kamara Korala, Sondikako Agrupación Coral Olagüe, Txuma Olagüe Sondikako abesbatza eta Ekidazu Lezamako abesbatza. Guztira, 120 lagun aritu ziren ikuskizunean: 40 musikari, eta 80 abeslari. Igor Carballo Tirri Tarra taldekidearen ustez, “ohore handia da tokian tokiko abesbatzek gure musika kantatzea. Abesbatzek izugarrizko ilusioa adierazten dute eta, horregatik, kontzertu guztiak ezberdinak dira; eta Larrabetzukoa sekulakoa izan zen”. Jesús Antruejo Gaztelumendi Abesbatzaren zuzendariaren ustez, “ahots-espektakulu sinfonikoa” da Luz Interna. “Orkestra baten atal guztiak (kordak, haizea, perkusioa), eta musika modernoaren elementuak (instrumentu elektronikoak, sintetizadoreak, gitarrak, bateria...) uztartzen ditu”. Leo Aurrekoetxea abesbatzaren presidenteak oso “interesgarritzat” eta “dibertigarritzat” jo du egitasmoa. “Musikaz gozatu, eta Txorierriko koralen arteko harremanak sendotzeko aukera eman digute.”. Guztira, 600 musikazalek ikusi zuten zuzenean ikuskizuna. “Eta hori asko da horrelako kontzertu baterako! Amaitu eta gero entzule asko hurbildu ziren zorionak emateko. Oso pozik gaude”, adierazi digu Leok. Publikoa ere gustura ibili zen. “Zirraragarria izan zen”, aipatu digu Lezamako Xabierrek. Zamudioko Arantza bat etorri zen berarekin. “Ikuskizun ezberdina eta polita eskaini digute”. Talde abangoardista Tirri Tarra taldeak Pasai San Pedron sortu zen 1973. urtean. Hasiera-hasieratik talde abangoardista izan da. Kalejiretan hasi zen, baina 90. hamarkadan genero berri bat sortu zuen, nolabait esanda, musika, antzerkia eta dantza uztartuz. Tirri Tarrak Luz Negra/Argi Beltz diskoa kaleratu zuen 2006. urtean. Bertan ñabardura klasikoak, folkak eta rockak egiten dute bat. Proiektua Euskal Herriko gainontzeko abesbatzei zabaldu die eta berton ez ezik, Estatuko hainbat herrialdetan ere eraman dute eszenatokira.