Estibaliz Heras, pintore afizionatua: “Mihisea e

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 26a, 13:56

Pintzela txiki-txikia zela hartu zuen lehenengoz, eta harrezkero adiskide mina du. Oso neska saiatua ez dela aitortu arren, alde batera utzi ez duen gauza bakanetako bat margotzea dela dio. Hogeita lau urteko sondikoztar honek Medikuntza ikasketekin uztartzen du bere zaletasun handia: margolaritza. Zer da margolaritza? Neure bizitza, dudan zaletasun handiena, baina neure buruarentzat egiten dudana. Arte Ederrak ikasi ahalko nituzkeen, baina karrera hori ez aukeratzea erabaki nuen azkenean. Ziur nagoelako, margolaritza ogibidetzat hartzen badut, galdu egingo duela gaur egun niretzat duen xarma. Zergatik erakartzen zaitu horrenbeste? Arazoak-eta ahazten laguntzen didalako. Margotzen dudanean, araurik gabeko mundu batean egongo banintz bezala da: mihisea eta biok gara; ezer ez gehiago. Sondikan ematen den pintura tailerrean sei urte zenituela hasi zinen. Oraindik duzu zer ikasi? Jakina! Zeure estiloan edo teknikan oso ondo ibili arren, beste bide batzuk ere azter ditzakezu. Adibidez, nik olioz margotzen dut eta teknika hori nahiko ondo menperatzen dut. Baina ez nago jantzita akuarela edo pastel tekniketan. Tailerrak teknika horiek ikasteko aukera ematen dit. Gainera, gero eta gauza arraroagoak egiten gabiltza: aguaplasa erabiltzen dugu margoetan, harea, kartoia... Eta beste pertsona batzuekin egoteak abantailak dakartza: eurengandik ikas dezakezu. Zelako pintorea zarela esango zenuke? Neure estiloan nahiko ondo moldatzen naizela uste dut. Gakoa beldur ez izatea da, eta nik ez diot beldurrik ez printzeli, ez mihiseari, ez errakuntzei. Eta zein da zure estiloa? Emakumeen gorputzak margotzea gustatzen zait, paisaiek, esaterako, baino gehiago erakartzen nautelako. Gorputza, aurpegia, keinuak... zelan margotzen diren, gauza asko adierazi ahal dute. Adierazgarriagoak dira, nire ustez. Olioz margotzen duzula aipatu duzu lehen. Zergatik olioz? Aukera ematen dizulako hura beste teknika batzuekin batera lantzeko. Esan dudan moduan, olio margolan batean harea erabil daiteke, kartoia... Era berean, aukera gehiago ematen du pintatzeko, koloreak nahasteko eta zuzenketak egiteko. Zein pintore duzu gogokoen? Van Gogh bezalako pintore inpresionistak gustatzen zaizkit; baita ere Gaugin, Monet... Eta nahiz eta surrealista izan, Dali ere gustatzen zait asko, pintatzeko oso era errealista zuelako, nire ustez. Goya ere gustatzen zait, garrantzi handia ematen zitzaiolako pertsonaien adierazkortasunari... Pintore klasikoak ez zaizkit gehiegi gustatzen, oso onak baziren ere, pinturako arau akademikoetara gehiegi mugatzen zirela pentsatzen dudalako. Izan ere, inportanteena pintoreak adierazi behar duena dela uste dut; eta gero, koadroa publikoari gustatzea edo ez, bigarren mailako kontua da. Eta gaur egungo pintoreei dagokienez? Aitortu behar dut ez ditudala asko ezagutzen. Hala ere, pintura erakusketetara joateko ohitura dut; eta berdin dit pintore ezaguna bada edo ez. Lanean jartzen dut arreta, ez izenean. Senideek eta lagunek eskatuko dizute koadroren bat egiteko... Baita eskatu behar ez duenak ere. Koadro bakoitza nire zati bat da eta ezin diot edonori eman. Koadrorik saldu duzu inoiz? Dirua eskaini didate koadroren baten truke, baina ez naiz saltzeko gauza izan. Neure lanik saltzekotan, enkarguzkoa izan beharko luke. Erakusketarik egin duzu? Bai, baina tailerrekoekin batera. Inoiz erakusketa neuk bakarrik egitea gustatuko litzaidake, baina hori koadro gehiago dudanean egin nahi dut.