Ofizioa eta afizinoa bat dira Udane Goikoetxea derioztarrarentzat. Hamazapi urte zituala hasi zan beharrean Bizkaia Irratian eta harrezkero 10 urte igaro dira. Gaur egun Goizeko Izarretan saioa zuzentzen dau egunero. Bere eskutik, gaurkotasunaz ongi jaubetuta hasten dogu goiza bizkaitarrok.
Zergaitik kazetaritza?
Kazetaritzak berak baino euskal kulturak eta euskerak erakarri nabe txikitatik. Eta kazetaritzaren bidez aukerea dot euskeraz behar egiteko, eta euskal kultura lantzeko.
Gazte-gazterik hasi zinan irratian, zelan ailegau jatzun aukerea?
Uda zan. Bizkaieraz alfabetatutako gazte perfila beteten neban antza. Eta kazetaritza ikasten nengoan. Behin honezkero, joan dira ia hamar urte.
Beharrera goizaldeko 5:30ean sartzen zara, bizimodu latza da?
Goiz da, baina bizimodu hau ona da. Goiztarra izateak logura kronikoaz gainera pozaldi galantak be ekarten deustaz. Eta informazinoa, argitu aurreko bakea, beste behar batzuk egiteko denporea, ezer ez egitekoa…
Sei urte daroazuz entzuleak “Egun ederrez, egunon†esaldiagaz agurtzen. Zertan datza Goizeko Izarretan irratsaioa?
Lehenengo berbea eta azkena beti dira berberak: Egun ederrez, egunon. Bien bitartean badakizue, aktualidadeak agintzen dau…
Eguna eguneko izenburuakaz hasi gura izaten dogu gehienok –dinoe CIES-en moduko audientzia neurketek– eta beraz, egunaren argazkia egin ohi dogu. Munduko izenburuak, Bizkaiko kronika zabala, geure inguruko beharginakaz alkarrizketak, euskal kultura eta tradizinoa tartekatu, anekdotak kontau, musikak kantau, etxeko gazteenakaz eskolara joan aurreko lehiaketea, kirolak, itsasoa, eguraldia eta trafikoa… Goizeko zazpietatik bederatzietara minutu asko dago, eta segundoak gehiago.
Eta aidean egoten ez zaranean be, zoro moduan leku batetik bestera ibili behar, ezta?
Nik kulturaren jarraipena egiten dot, eta kalerik kale joan behar dot prentsaurrekoak jarraitzeko. Ganera, Bilbon gero eta prentsaurreko gehiago dagoz kulturari lotutakoak. Ondoren, prentsaurreko horreek landu egin behar dira, alkarrizketak egin... egunean egunekoa.
Irratian entzuteaz ganera, telebistan be ikusi zaikeguz; Hamaika Telebistan hain zuzen be.
Halako esperientziak beti dira ederrak eta aberasgarriak. Ganera, lan talde bikaina dabil bertan eta oso da hori estimatzekoa. Gizarte gaiak lantzen doguz barikuetan, bat eta bat magazinean. Hamaika telebista gaztea izan arren proiektu interesgarria da eta gaurkoz Bizkaira mugatzen bada be, laster zabalduko da Euskal Herrira.
Zure lehendabiziko esperientzia da telebistan?
ETB3rako lantxuren bat egiteko erea euki dot.
Gustura zagoz irratian; gustura, telebistan. Zeinetan gusturago?
Ez neukez alderatuko. Irratia, irratia da; eta telebista, telebista. Ofizioa afizino da gaur gaurkoz. Jesarlekuan parau, aidean adierazoten dauen argi gorria biztu eta dana ahaztu! Eta ez ezer nahastu. Ostantzean, ondo esanak gogoan hartu eta txarto esanak parkatu.
Eta gitxi balitz, idatzizko prentsan be moldatzen zara ondo: Gaztezulo eta Aikor! aldizkarietan, Ikastolen Alkartearen webgunean...
Herritar moduan danetan ezin hartu leike parte...Lanak orduak eskatzen ditu. Eta bizitza pribaduak be bai. Aikor! aldizkarian idazteko aukerea eukitea eskerrik asko esatekoa da. Hilebete honetan aitatutakoez gain Elkar aldizkarirako txataltxu bat be egin ahal izan dot.
Esparru danetan murgiltzen dan kazetaria zara, neska!
Dan-danetan, ez dakit. Ze, danetan egon ezkero, inon ez gagoz. Baina, bai, ahalegina egiten dot, ikasteko batez be.
Liburu batzuetan be hartu dozu parte: Euskaldunaren anekdotak I eta Irakurketa ozena Bizkaian lantzeko materiala, besteak beste. Zelan joan jatzu liburugintza arloan?
Ondo. Horreek talde-lanak izan dira eta taldean behar egitea positiboa da. Esperientzia handiko pertsonek asko laguntzen dabe. Esperientzia polita izan da eta ganera, osagarria. Irakurketa ozena Bizkaian liburuak, esate baterako, zelan irakurri behar dan jakiteko eta lanean aplikatzeko balio izan deust, Iñaki Gaminderi esker.
Aurkezpenetan be ez zara txarto moldatzen...
Aurkezpenak egiteak norbere lanerako zirkulua zabaltzea dakar. Esan gura da, ez zara lan eta leku edo giro bakarrera mugatzen. Izan leitekez aurkezpenak edo ostantzeko lanak,, baina kontrastea ezinbestekoa da. Eta lan egitea, prest egotea, ikaste eta ikustea, ezagutzea, hori be bai. Telefonoak sarritan joten deust eta poztekoa da.
Badakizu ezetz esaten?
Baietz esatearen besteko garrantzia dauka ezetz esaten jakiteak. Inoz aurkezpen bi euki dodaz egun berean: batera joan, erropa kotxean aldatu eta beste aurkezpenera korrika. Baina denporea behar da dana ondo prestetako.
Oso neska polifazetikoa zarala uste dogu guk; zelango kazetaria zarala esango zeunke zuk?
Itaun gatxa da hori... Lehen aitatu moduan, ez dot aterik ixten.
Errefusatu dozu inoz lanen bat euskeraz ez izateagaitik?
Bikoizketa lanak egin dodaz gazteleraz, publizidadea grabau... baina euskaldun moduan, beti babesten dogun hori, euskerea eta euskal kulturea, egunerokoan lantzeko modu bat da euskeraz behar egitea. Egunero.
Ezinbestekoa da kazetariek arlo horreek guztiak, edo ahalik eta gehienak, menderatzea, zure ustez?
Bakotxa dan modukoa da. Nik ez daukat nahiko perspektibarik halako baieztapenik egiteko. Etorkizuna espezializazioan dago eta horren aldeko apustua egingo neuke. Dana dala, egunerokoan egitea eta ekitea be bai. Arraina itsasoari begira badakizu zelango begiakaz egoten dan? Ba bizitzaren aurrean holan…ondo behintzat ez. Etxeak ni ez nau azpian harrapauko!
Kultura munduan zagoz espezializauta zu...
Gusturen (euskal) kultura kontuetan egiten dot uger. Baina ur bitara be pozik ibilten naz. Goizeko Izarretan saioaren ostean Bilboko eta inguruetako prentsaurrekoetan egoten naz, eta gero kronikak idatzi eta albisteetan eskaini. Astegoienero kultureari eskainitako tarteak be emititzea egokitu jat. Urte luzez konposadu ohi izan dot euskal kulturea ardatz eban irratsaioa. Horrez ganera, Eusko Ikaskuntza deritxan saioa be egokitu jatan aspaldi eta horrexetan be badihardut. Atsedena hartu dot Euskal Idazleen Elkartearen Komatxo Artean saioa amaitzeagaz. Ederra zan oso astean-astean idazleak alkarrizketatzea. Baina astean liburu bat irakurtea lan nekeza da, liburuek hasieratik harrapau arren. Alkarrizketak egiteak be badauka berea. Gurako neuke baina, itauntzen dodana baino hobeto erantzuten jakitea. Edo korapiloen mistika askatzen. Letrak, barriz, ondo kateatzen. Deskribatzen eta definiten. Jakin gurako neuke ausentziaren bolumena jaisten eta danen belarriak asetzen. Baina, itaunari erantzunez, goizeko egunonagaz batera kulturearen joskile lanak egiten bikain nabil oraingoz.
Sasoi onean dago Bizkaiko kulturea?
Dakienari itauntzea onena. Baina emoten dau baietz. Aukera gehiegi be badagoala esan leiteke. Aspaldion bizpahiru prentsaurreko izaten dira egunean, ekitaldiak eta proiektuak aurkezteko. Lan asko egiten da herrietan zein uriburuan.
Txorierrin?
Baita! Danetariko ekitaldiak egoten dira, eta edade guztietakoentzako eskaintza. Era berean, euskerea bultzatzen da. Bertoko taldeek behar asko egiten dabe eta beti babesagaz. Herritarrek sortutakoa herritarrentzat: hori barik, ez gara ezer.
Bizkaia Irratian, bizkaieraz. Gainontzeko komunikabideetan?
Danok alkar ulertzeko biderik errazena euskera batua erabiltea da. Guk bizkieraz egiten dogu behar, bizkaierak be bere lekua izan behar daualako; ganera, horretan bereizten gara. Baina batak ez dau bestea kentzen. Batuak bere lekua dauka, baina bizkaiereak eta gainontzeko euskalkiek be bai. Ostantzen, galdu egingo geunke geure izaerea.
Proiekturik esku artean?
Konplikaturako prestatzen gaitue edo gara, ez sinplerako. Sinpleki, orekan eta koherente ibiltea. Dakidanean jakinarazoko. Baina, desorekak ondo etorten dira. Indar egin behar da bertikaltasunari eusteko, bertikalean hobeto ikusten dira gauzak.
Udane, Xabier Lete eta emozinoz betetako laguna
Hamar urtean pertsonaia asko alkarrizketako ditu Udanek: idazleak, aktoreak, abeslariak... “Alkarrizketa danak izan dira bereziak; danek daukie bereaâ€. Baina galdetu deutsagunean, gogora etorri jako Xabier Letegaz izandako anekdotea.
“Bada denporea alkarrizketea egin gura neutsala Xabier Leteri. Gaixorik egoan orduan, eta oso sasoi txarrak pasetan. Pilo bat kostau jatan Pamiela argitaletxekoak konbentzidutea bere telefonoa emoteko: “Ez da bape erreza. Ez dau alkarrizketarik emoten, badakizu ez dabilela ondo...â€. Eta ez eusten emon, jakina. Ni penaz lotu nintzan; ganera, Durangoko Azoka sasoia zan... Hortik hilebetera irratian esan eusten: “Udane, zuretzat da telefonoa. Xabier Lete daâ€. Eta nik: “Bale, bale; itxaron, estudio batera joango naz korrika eta pasau deia estudioraâ€. Nik hilebete lehenagotik nebazan prestauta alkarrizketa, liburuak eta dana, deituko eban esperantzaz. Eta deitu eban! Alkarrizketea grabau neban. Oso alkarrizketa polita izan zan; bera zabaldu egin zan eta danetarik kontau eban... Ganera, niri asko gustetan jat bere poesia, gehien gustetan jatazanetakoa da. Pasillotik lagun bat ebilen eta kristaletik ikusi eban Leteren liburua nebala eskuan. Emozinoz estudiora sartu eta telefonoa hartu eban. Nik esan neutsan: “Aizu, alkarrizketa baten erdian gagoz eta ezin dozu hau eginâ€. Baina pentsau neban: “Beno, hain emozionatuta badago, itxiko deutsat beragaz berba egiten. Zer egingo dot, ba?â€.
Donostiara, arin-arin
Eta jarraitu neban berari esaten: “Telefonoa momentuan pasau behar deustazu, ze alkarrizketaren grabazinoa ez dot amaitu...â€. Konturatu nintzanerako telefonoa eskegi eban besteak. Eta Letek berak deitu ebanez, ez neban erarik beragaz bat egiteko. Ez neutsan esan ez eskerrik asko, ez ezer... Oso disgustauta nengoan: “Zer pentsauko ete dau gizonak...!â€. Hortik hiru astera egunkarian irakurri neban batek liburua aurkeztuko ebala Donostian, eta sarrera Letek egingo ebala. Beste alde batetik, hiru aste horreetan dei asko jaso nebazan alkarrizketearen haritik: kazetariak, argitaletxeak... Alkarrizketea CD batera grabau, kotxea hartu eta Donostiara joan nintzan arin-arin. Letegaz izan nintzan eta parkamena eskatu neutsan gertatutakoagaitik: “Baina, neska, zelan etorri zaran Donostiaraino...â€. Euskal Herriko kazetari guztiak bere atzetik ebazala esan neutsan, eta grabazinoa emon neutsan. Lasaitu nintzan. Bai, hori izan da egin dodan alkarrizketarik bereziena. Txarto pasau nebanâ€.
Gai nagusia