Lehen sektorea bultzatzen dabilz Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2009ko aza. 20a, 13:57

Orain dala urtebete martxan ipinitako Larrabetzuko Azokea ekimena Gurpide alkarte bihurtu da udabarrian. Alkartea herriko ekoizleek eta kontsumitzaileek osatzen dabe, eta ostalariek be bat egin dabe proiektuagaz. Gurpide alkarteak hiru helburu nagusi ditu: kalidadezko produktuak bultzatzea, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko zuzeneko hartu-emona berreskuratzea, eta baserri ingurua sustatzea. Horretarako, hainbat behar-ildo hartu dabez erronkatzat epe laburrerako. Abenduan kontsumoaren ganeko tailerrak antolatzeko asmoa dabe, eta dagoaneko kontaktuan ipini dira herritarrakaz arlo horretan dabezan kezkak ezagutzeko. Tailerrok kontsumitzaileen iradokizunen arabera antolatuko dira. Alkarteak ekoizle eta ostalarien arteko harremana sendotu gura dauan beste alderdi bat da. Herriko tabernek eta jatetxeek oso bestelako eskaintza dabe eta bakotxak dituan beharrizanak kontuan hartuta, ekoizleek sasoiko produktu bat edo bestea eskainiko deutsee, menuetan-eta erabili dagiezan. Larrabetzuko eskolako jantokian 150 ume inguruk bazkaltzen dabe egunero. Eskolako menuetan bertako produktu batzuk erabilten badira be, ekoizle eta jantokiaren arduradunen arteko harremana estuagoa izatea gura dau alkarteak, baserritarrek soloko beharra eskolaren premietara be egokitu ahal izateko. “Eskolak egitea aztertzen gabilzan beste aukera bat da. Umeak baserrietara joan eta baserritarrek, ekoizten dabezan produktuen arabera, beharra zelan egiten daben ikusi dagien”. Horrezaz ganera, Larrabetzutik ibilbide didaktikoak antolatzea pentsau dabe, herritarrek bertako paisajea eta baserriak ezagutu dagiezan. Baserrietan erosketak egiteko aukerea be izango dabe. Ibilbideak marka bereziz seinaleztatuko dira. “Hurrengo urteari begira lehenengo sektorearen eta kontsumoaren ganeko lantegi iraunkorra egitea gustauko litxakigu. Batzuk aitatzearren, berbaldiak, filmak, dastatzeak eta sukaldaritza tailerrak egingo ziran”. Produktu izarra Larrabetzuko Azokea proiektua martxan ipini zanean, herria azoka erraldoi bihurtzeko asmoa eben antolatzaileek. Hau da, baserri bakotxa saltoki moduan funtzionau egiala. Bide horretatik, Gurpide alkarteak Merkadu Txikia eta Bertako Produktuen Azokea antolatu ditu irailean eta urrian. Ekimen horreek biek euki daben harrera ona ikusita, alkartekoak lantzean behin, sasoian sasoiko edo, plazan merkadua antolatzeko aukerea aztertzen dabilz. Beste alde batetik, Larrabetzuko indabeak ospe handia euki eban aspaldian. Indaba mota hori Larrabetzun bertan landatzen dauan baserritarrik ez dago gaur egun, baina alkartekideek ikerketak egin eta indabea Zallan eta Zaragozako Hazien Bankuan topau dabe. “Helburua hau da: hori benetako Larrabetzuko indabea dan egiaztau eta halan bada, berreskuratzea. Polita litzateke produktu berezi bat eukitea herrian; produktu izar bat”. Gurpide alkartearen barruan 16 ekoizle dagoz, eta honeek eskaintza zabala egiten deutsee kontsumitzaileei: barazkiak, lekaleak, fruta, oilaskoak, txakolina, txarrikia, esnea eta ogia, besteak beste. Ganera, batzuek etxera eroateko zerbitzua be badabe; hau alkarteak indartu gura dauan beste arlo bat da. “Gure filosofia kontsumitzaileak eta produktoreak harremanetan ipintzea da, nekazaritza sustatzea eta kalidadezko kontsumoa eskuratzea. Kontaktua ahalik eta handiena izan behar da, produkzinoa ahalik eta handiena izateko eta ahalik eta jente gehiagoarengana heldu ahal izateko. Eta ondorio moduan, interesgarria litzateke gazteek baserrian ogibidea topau leikiela, eta sektorea berbiztu daitela”. Gurpide alkartea pausuak emoten dabil jasangarritasunerantza eta herriko ekonomiaren suspertzerantza. Ibilbide horretan laguntzea jaso dabe aurton Larrabetzuko Udaletik eta Jata Ondo landa garapenerako alkartetik.