Jose Ramon Etxebarria, EHUko irakaslea: “Euskal

Aikor aldizkaria 2009ko aza. 20a, 14:02
Urrian Astronomiaren Astea ospatu genuen Txorierrin. Astebetean zehar planeta, galaxia eta asmakizunen gaineko tailerrak, hitzaldiak eta ekimenak izan ziren gurean. Jose Ramon Etxebarria irakasleak Leonardo da Vinciren lana hurbildu zigun. Zer dio zor astronomiak Leonardo da Vinciri? Astronomiaren Urtea dugu aurtengoa, 1609an Galileok asmatutako teleskopioaren 4. mendeurrena ospatzeko, besteak beste. Baina haren aurkikuntzak Errenazimenduaren ondorioak izan ziren, eta haren aurretik bizi izandako beste batzuek ahalbideratu zuten Galileoren lana: Copernico, Brahe, Kepler... Eta horien guztien aurretik, Leonardo da Vinci. Zientzia eta artearen ia arlo guztiak jorratu zituen. Pentsaezina da bera bezalako pertsona bat gaur egun izatea? Gaur egungo gizarteak bestelako “jakitunak” bultzatzen ditu. Nolakoak? Hara! Garai batean kontakizun hau zebilen gure artean: “Ba al dakizu zer den espezializazioa? Gero eta gutxiagori buruz gero eta gehiago jakitea”. Nik ikasleei hori kontatzen diet, gaiari buruz zerbait pentsa dezaten. Zer nabarmenduko zenuke Leonardorengandik? Arlo berriak aztertzeko zuen ausardia, eta ideiak lantzeko zuen irudimena. Aparatu eta makina asko berak ezarritako printzipioetan daude oinarrituta; hegazkinak, adibidez. Egia da pertsonek makinen laguntzaz hegaz egiteko posibilitatea irudikatu zutela, eta soluzioak proposatu zituztela, hegaztien hegaldien ezaugarriak aztertuz. Baina hitzaldian gehiago aipatu ditut berak asmatutako oinarrizko mekanismoak, esate baterako pisuak jasotzekoak, boladun errodamendua, torloju amaigabea, engranajeak, engranajeekin konbinatutako kateak... Makina guztien oinarrian daude. Zertan dira antzeko edo desberdin Errenazimenduko gizartea eta gaur egungoa? Abiapuntu ezberdina da gurea. Metodo zientifikoa nahikoa zehazturik dago gaur egun, Galileok egindako zehaztapenei esker. Baina antza ere hartzen diot gure gizarte euskaldun txikian. Izan ere, Euskal Herriak bere Errenazimendu propioa bizitzeko aukera duela uste dut. Zein zentsutan? Euskal Herria hilzorian egon da, eta oraindik ere ez dago osasuntsu. Baina egoeraren larritasunaren kontzientzia hartu dugu hainbat euskaldunek eta berpizteko ahaleginean dihardugu. Berpizte edo Errenazimendu hori propioa da, geure bidea egiten ari baikara. Eta bide hori guk geure nortasuna lantzetik gauzatuko da arlo guztietan; hau da, kulturan, politikan... eta batez ere hizkuntzan. Euskara teknikoko irakaslea zara, baina fisika irakaslea ere izan zinen. Zelan dago euskara eta zientziaren arteko harremana? Duela hogeita hamar urte Espainiako presidentea izandako Suarezi erantzun nion bezala erantzungo dizuet. Zientzia euskaraz lantzeko euskarri bi baino ez dira behar: zientzia egitea eta euskara erabiltzea. Posiblea da, borondatea badago; eta batzuek badugu Hizkuntza guztiak gai dira edozein jakintza-arlo lantzeko, pertsonengan bizirik badaude; hau da, benetan erabiltzen badira. “Euskal Unibertsitatea lortu gabe dago oraindik” Hamabost urte luze eman zituzten Etxebarriak eta beste bost irakaslek Leioako campuseko atarian, pankarta baten atzean. Irakasleek Euskal Herriak bere irakaskuntza sistema propioa izatea eskatzen zuten, eta horren haritik, irakasleria propioa izatea. Hau da, irakasleak Estatuko funtzionarioak izan beharrean, Euskal Herrikoak izan zitezen eta kontratu laboral iraunkorra eduki zezaten. “Oso pozik esan dezaket aukera hori badagoela gaur egun, legez onartuta. Eta onarpen hori neurri handian guk egindako lanari esker etorri dela”. Etxebarria eta beste kide bi 2007an sartu ziren berriro irakasle EHUn. “Unibertsitateko lanera itzultzea ederra izan da niretzat. Guztiz motibaturik nago lanean, gauza berriak egin eta pauso berriak emateko prest. Zeren Euskal Unibertsitatea lortu gabe baitago oraindik. Baina prozesuan gaude”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).