Egunkari digitalak, eskola 2.0, SMS-ak, LTDa, Facebook, posta elektronikoa, web 2.0ak... Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak gure eguneroko bizitzan sartu dira, eta aldatu egin digute komunikatzeko modua.
Gaur egun, blog batean argitara dezakegu guk geuk bildutako informazioa. Geure argazkiekin aurkezpena egin, eta lagunekin parteka ditzakegu; etxeko kontuak kalkulu-orri baten bidez kudeatu...
Halako lanak egiteko lagungarriak ziren programa batzuk oso korapilatsuak ziren garai batean. Bi urterik behin erosi behar ziren eta, gainera, bertsio batekin sortutako artxiboak ez ziren baliagarriak beste bertsioekin erabiltzeko. Orain hainbat ditugu lan hauek guztiak egiteko, eta haietako bat OpenOffice.org da.
OpenOffice.org software librea da eta erabiltzen dituen formatuak —hau da, dokumentuak gordetzeko era— estandarrak eta publikoak dira. Softwareak programa hauek biltzen ditu:
- Writer, testuak idatzi eta editatzeko.
- Calc, kalkulu-orriekin lan egiteko.
- Draw, marrazki bektorialak eta diagramak egiteko.
- Impress, aurkezpenak egiteko.
- Math, beste aplikazioetan txerta daitezkeen formula matematikoen editorea da.
- Base, datu-baseak kudeatzeko aplikazioa.
Programa horiek guztiak euskaraz daude eta euskarazko zuzentzailea dute.
Ordenagailuan instalatzeko, eu.openoffice.org helbidera jo behar dugu, softwarea deskargatu eta jaitsitako fitxategia zabaldu. Euskarazko zuzentzailean jarri nahi izanez gero, orri berean dauden esteketara jo beharko dugu. Horrezaz gainera, orrian aukera gehiago ditugu eskura: hedapenak (googledocs-ekin sinkronizatzeko edo eleberriak idazten laguntzeko...) eta makroak, banaka batzuk aipatzearren. Emaiozu aukera, ez zaizu damutuko!
Software librea: bere kodigoa, hau da, bere barruko diseinua, eskuratu, kopiatu eta alda dezakegun softwarea da. Adibidez, OpenOffice.org euskaratzeko, ez diogu inori baimenik eskatu behar. Gainera, barrutik zelakoa den dakigunez, errazagoa da egiten. Microsoft Office euskaratzeko, berriz, baimena eskatu behar dugu eta, barrutik zelakoa den ez dakigunez, Microsofteko langileen laguntza beharko dugu itzulpena egin ahal izateko.
Formatu libreak: testu dokumentu bat, aurkezpen bat, marrazki bat... ordenagailuan edozein dokumentu gordetzen dugunean, informazioa kodigo berezi batekin gordetzen da. Kodigo hori librea denean, edonoren eskura dago artxiboa deskodifikatzea, hau da, zabaltzea eta edukia ikustea. Librea ez den formatua erabiliz gero, jabea den enpresaren menpe gaude. Bere programak edo baimena beharko ditugu dokumentua zabaltzeko, eta ezin izango dugu aldatu.