San Mames Barria. SMB. Ez berria. Barria. Zuzterrak hur, paraje daukazan adierazgarri. Ez da, ez, milaka bizkaitarren atxikimendu sentimentala eta, batez be, ekonomikoa behar dauen proiektu bat gizarteratzeko argudio txarra. Puntu positibo bat.
Hainbeste maite eta jarraitzen dogun taldeak zelai barria behar dau, antza, bazkidegoa handitu, talde historiko bati jagokozan azpiegiturak eskaini eta, azken baten, hogeita batgarren mendeko goi mailako kirolak —are gehiago futbolak— eskatzen dauen irudi konpetitiboa emon ahal izan dagian.
Bizkaian eta bizkaitarron artean hainbeste sentimendu eta emozino eragiten dituan taldeak, herritik bertotik sortua danak, Bizkaiko eta Euskal Herriko izena eta izana mundu zabalean ezagutzen emon dauen danontzat-zara-zu-geuria danak hori eta gehiago merezi dau. Honaino, pegarik ez.
Komeriak, baina, gaurko zelaiari begiratuta ehun eta laurogei graduko birea emonda egingo dan stadium barria gora altzetako behar dan dirutzearen jatorria zehaztean etorri dira. Danok bat etorri gaitekez Athletic taldea mas que un club dala esatean, baina askotan entzun izan dot Athleticen inguruko gorabeherak, jabetzea eta kudeaketea tarteko, bazkideen ardura —eta ez beste inorena— dala, urteroko kuotak zintzo-zintzo eurek baino ez dabezala ordaintzen eta.
Oraingo honetan, barriz, guztion poltsikora ari dira deitzen, gastuaren (inbertsinoaren) tamaineak eta Bilbok (Bizkaiak) ezagutuko leukezan onurek guztion parte-hartzea eskatzen dabelakoan. Kontua hauxe da: Begi onez ikusten dogu, bilbotar, bizkaitar eta euskal zergadunok, itsulapikoan dogun ehun eta hirurogeita hamar milioi euro esku gitxi batzuen artean eta argitasunik gabe gestionauko dan proiektu honetan sartzea?
Erantzuna baiezkoa bada, konforme, baina, behintzat, aurrekontuaren laurena baino jarriko ez dauen alderdiari trukean zeozer emoteko eskatzekotan. Nire ustez, erabilera publikoa hainbat modutara bideratu daike, holango stadium batek zeregin desbardinetan erabilgarria dan milaka metro koadroko azalerea eukiten dau eta.
Erantzuna ezezkoa bada, zatiketea egitea baino ez dago. SMBek, hasteko, eskatzen dituan berrehun eta hogei milioi euro horreek zati hogeita hamabost mila bazkide egin, eta bingo: 6.000 euro inguru, antxinako kilo bat, bazkide bakotxeko. Huskeria bilbotar-bizkaitar peto-petoentzat.