Euskal gehiengo sindikalak greba orokorra deitu zuen maiatzaren 21ean, gizarteak bizi zuen egoera salatzeko. Nazioarteko krisialdian murgilduta, Euskal Herrian milaka lanpostu suntsitzen ari ziren eta milaka lagun langabezian ez ezik egunerokoari aurre egiteko baliabiderik gabe ere geratzen ari ziren. Egoera larria zen ordukoa, eta horren aurrean erakundeek hartutako neurriak, hutsalak. Neurriok banketxe eta enpresei diru-laguntzak ematetik, eta, ez hankarik, ez bururik gabeko enplegu-erregulazioko espedienteak onartzetik haratago ez ziren joaten. Hori gutxi balitz, politika fiskalek beharrizan gutxien zutenen alde egiten zuten, enpresa eta dirudunen alde, eta gastu sozial urriak agerian uzten zituen beharrizan sozialak.
Egoera hori salatzeko deitu genuen greba orokorrera. Eta orain, beste urrats bat eman dugu. Euskal gehiengo sindikalak “Hamar urrats eredu berri baterako†dekalogoa prestatu du. Hori erakundeei egindako eskariak batzen dituen dekalogoa da, eta krisialditik eta injustizia sozialetik ateratzen lagunduko dizkiguten proposamen hauek ditu:
1. Langileak erraz kaleratu beharrean, neurriak ezartzea enpleguari eusteko eta horren kalitatea hobetzeko.
2. Berdintasuna bermatzea, lan baldintzetan; eta genero, adin, ezgaitasun edo nazionalitateagatiko diskriminazioak baztertu.
3. Gizarte-prestazioak handitzea, langabeziaren eta pobreziaren hazkundeari aurre egiteko.
4. Politika fiskal bidezkoa eta progresiboa, aberastasuna zuzen banatzen duena.
5. Osasun eta Hezkuntzarako zuzendutako gastu publikoa igotzea, herrialde garatuenenarekin parekatzeko.
6. Eskubide hauek onartu:
- Menpekotasun egoera guztiei kalitatezko zerbitzu publiko baten bidez erantzutea.
- Sare publikoan 0 eta 3 urtera arteko adin-tartean eskatzen diren kasu guztietarako plazak eskaintzea.
- Alokairu sozialeko etxebizitzak benetan eskuragarriak izatea, eta zigor fiskalak ezartzea hutsik dauden etxebizitzengatik.
7. Sektore publikoa bultzatzea, eta garapen ekonomiko eta sozialaren eragile bihurtu.
8. Askatasun sindikala bermatzea, gehiengo sindikala errespetatu, greba eskubideari ez jarri oztoporik, eta sindikatuak euren ildoagatik ez baztertu.
9. Parte-hartze soziala politika ekonomiko eta sozialen diseinuan sustatzea, garrantzizko gaiei buruz gizarteak duen iritzia benetako kontsulta eta erreferendum lotesleen bidez aintzat hartu.
10. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua bultzatzea, enplegu, negoziazio kolektibo eta babes sozial arloetan Euskal Herrian lege propioak izan ditzagun.
Dekalogoa gure herrietan, Uribe Butroi, Txorierri eta Uribe Kostan, eman nahi dugu ezagutzera. Horretarako, dokumentua lantokietan hasi gara hedatzen, eta langileei banan-banan gabiltza egoeraren garrantzia azaltzen, eta aldaketarako aukerak badaudela esaten. Sinadurak ere batzen gabiltza. Abenduaren amaiera arte kalean ikusiko gaituzue dekalogoa eta sinadura-orriak eskuan ditugula. Abian jarri dugun kanpaina garrantzitsua da, eta gizarte eredu berria aldarrikatzeko indar metaketa du helburu. Horregatik, zuen atxikipena eskatzen dizuegu Uribe Butroi, Txorierri eta Uribe Kostako herritarrei.